JOKIN URAIN
IRITZIA

Egunezkoak

Abereen artean badira batzuk gauezkoak eta beste batzuk egunezkoak; egunez lotan edo gordean egon eta gauez elikatzera edo beste zereginetara esnatzen direnak alegia, eta, alderantziz, gauez lotan edo atsedenean egon ondoren egunarekin esnatzen direnak elikatzera edo gainerako eginbeharretara. Horrela, espazio berekoak izan arren, elkarri trabarik egin gabe bizi litezke askotan zenbait abere, elkarrengandik ezkutatu nahi dutelako ere bai harrapari eta harrapagaien kasuan. Bizi beharraren egokitzapenak eraman ditu egun argitan edo gau ilunetan ibiltzera.

Gure aurrekoen kasuan ez dakit hastapenetan zelan moldatzen zen giza aberea bizi beharrak asetzeko, harrapariengandik babesteko, baina harraparien beldurrik gabe egun argitan bizitzen hasi zen noizbait, eta erakutsi ere egunezkoak garela erakutsi ziguten; eguna gure zeregin aktiboetarako denbora dela eta gaua lotara gordetzekoa. Baina moldaketa hori agian ez zen izan harraparien beldurragatik baizik kalkulu ekonomikoengatik eta aurrezteagatik, eta hala balitz xarmaren zati handia kenduko lioke gizakion senaren ederrenari...

Eskerrak ikasten dena eta ikusten dena ez datozen beti bat, eta kasik gizakiaren adibide itxaropentsu moduan ikusten dut nola ibiltzen den gure lankide Ugarte, eta Ugarteren antzera ohiko beste bazkaltiar batzuk, uda parte honetan batik bat, gauez hain jostari eta ederki, ezin errendituz, hain gora eta hain behere, urtxintxak bezala. Eta gero, goizaren hasieran, eguna argituz doan heinean hasten zaizkio ezinak, habiara erretiratu beharra edo habiatik atera ezina; gaueko ariketa neketsuek atsedena eskatzen diote inola ere, eta, atsedenerako espazioa egun argia balitz bezala, berandutzen zaio lantokira iristerako, eguerdi aldea igual batzuetan, buruari goian eutsi ezinean jasaten du eguneko orduen joan geldoa, baina ilunabarrean berriz berpizten da, bere gunea iristear dela sumatzen du nolabait Ugartek, senak tira egiten diola ematen du, indarberritu eta eraldatu egiten da nabarmen. Eta, berari erreparatuta, ezbairik gabe esango nuke gaua duela gune naturala, gauezkoa dela, eta gure ihardun modua edo dena delakoagatik egunez bizitzera derrigortu eta ohitua bada ere, gauezkoa da beharbada eta ez egunezkoa.

Gaua eta eguna ordu eta minutuekin arautuak eta zarratuak dituzuela hor esango duzu, Anabel, eta ez iluntasunaren edo argitasun naturalaren arabera.