Alaia Martin
IRITZIA

Ura eta haiek

Mendiek jariaturiko ur zainek bustitzen dute Madeira, goitik behera. Levada esaten zaie. Ura herrietara garraiatzeko harriz bideraturiko ur erreka txiki estuak dira. Euren aldamenean ibiltzeko bidezidor mordoa dago irlan. Batzuetan, basoen barruan bizi dira ubideok, besteetan amildegi ertzetan egiten dute distira eguzkitan eta badira ur-jauzien azpian zipriztinak jasoz gizentzen direnak ere.

Ura izango da jausita hausten ez den gauza bakarrenetarikoa. Ura, eta denbora.

Ubide edo levada horietariko baten aldamenean zoazenean, urak bultza egiten zaitu. Aurrerantz bultza. Eta ez atzetik datorren urak, ez. Ondoan doanak bultzatzen zaitu. Bultza egiteko erarik onena ez baita, noski, aurretik atzerantza bultzatzea, ez eta norberaren erritmoz kanpo, norbaitek atzetik aurrerantz bultzatzea ere. Bultzatzeko erarik onena, aldamenetik bultzatzea da, aldamenetik aurrerantz. Pausoek norberarenak izan behar dute. Ez emanaraziak. Ura isil-isilik doa ubideetan, aldamenetik, baina bultzaka. Eta uraren sentipenak, mamian, norberarenak ere badira izan, zerbaitegatik baikara hain ur. Levadak beti doaz beherantz, baina ez dirudi maldan doazenik. Aurrera doazela susmatzeko era bakarra, aurretik doazela sumatzea da; mugimendua. Beherantz doa geratu gabe, aurrera, herrirantz. Baita norbera ere, beraz. Aurrera pausorik egin ez dela uste eta hara non azaltzen den aurrerapausoa aurrean. Norabideak imantatzen du ura; eraikitako maldak, gainditutako harri presagileak, edo norabidearen aurkako presa egileak zigzageatzeak. Denbora ez da hausten baina zartatu bai.

Katalunia esan genezakeen bezala esan genezake «gu», beste garai batean. Edo esan genezake, «izango garai». Bideko harriei hartutako mineralek aberasten dute helduko den (h)ura, bideko hosto lehorretan idazten da historia, eta urak dakarrena urak badaroa, urarekin joan beharko da. Baina joan, geure ubidean joan dadila.

Lurra hartzen baitu urak, eta lurra har daiteke zabalean, baina har liteke sakonean ere. Itxuraz berdinak diren bi ubide estuk hondo aski ezberdinak izan ditzakete, eta urpe abisal hori da lan genezakeena, hain zuzen, ubidea zabaltzen dugun eta herrira iristen garen bitartean.

Arraunak eta emaunak itsasoa margotzen duten asteburu honetan ere bada nora begiratua. Atzera begiratuta ere aurrera begiratzen asmatuko duten oinak behar ditugu, urarekin doazenak baina ez uraren atzetik, ez beti «haiek» baten konplexupean. Oinek lurrari eutsi behar diote geure tximinotasunari ohore eginez, eta uraren hizkuntzan jarraitu behar diogu pausoa lur higatuari.

Aurrera zer den, non dagoen atzea eta eta olatua nola hartu eztabaida genezake. Baina bidean. Ubidean goazela baino ezin dugu pentsatu bizitzaren erritmoan eta arritmian.