Oihan Jimenez
MUNDUARI BEGIRADA

Fonio afrikarrak lekua aurkituko al du gure etorkizuneko sukaldeetan?

Gurean ez da oso elikagai ezaguna, oraindik ez behintzat, baina agian etorkizunean guztion sukaldeetan egongo da, arroza bezala. Afrikan aspaldi-aspalditik landatzen duten zereala da fonioa, hazi txikikoa, oso aberatsa eta gai dena ur gutxiko eremu idor eta pobreetan hazteko. Pierre Thiam sukaldari senegaldarrak arrakasta izan dezakeen uste osoa dauka, eta beraren ekimenez jadanik hasi dira AEBetan merkaturatzen.

Duela milaka urtetik landatu izan dute Afrika mendebaldean, eta oso elikagai aberatsa da, aminoazido asko ditu eta lehorteei aurre egiten bikaina da. Fonioaren haziak dena dauka elikagai osasungarriak gero eta beharrezkoago dituen mundua konkistatzeko. Horixe uste du, behintzat, Pierre Thiam sukaldari senegaldarrak. Tanzaniako Arusha hirian iragan abuztuan izan zen TEDGlobal 2017 konferentzian azaldu zituen kontinente horretan oso ezaguna den Thiamek «hazi miresgarri» horren onurak, Saharaz hegoaldeko herrien bizi kalitatea hobetzeko eta, bide batez, herrialde garatuenganako mendekotasuna gainditzeko baliagarriak izan daitezkeelakoan.

Kuskus eta kinoa hazien antzekoa, fonioa azken 5.000 urteetan ekoitzi dute Afrikan, baina sukaldari senegaldarrak duela urte gutxi ezagutu zuen, bere herrialdeko errezeta liburu bat idazten ari zela. Aipatzen duenez, fonioa hain zen estimatua ezen egiptoarrek ale batzuk uzten zituzten hildakoen hilobietan beste mundurako bidean lagun zitzaten, eta Maliko dogon herriarentzat Unibertsoa fonio hazi batetik sortu zen.

Desagertzen joan da. Baina urteen joan-etorrian zereal hau gero eta gutxiago landatzen hasi ziren, beste landare mota batzuek ordezkatu zuten, eta gaur egun Sahararen hego-mendebaldeko eskualde batzuetan bakarrik hazten da, hala nola Senegaleko eremu pobreenetakoa den Kedougun. Bilakaera honen atzean, Thiamen aburuz, «pentsamolde koloniala» dago, senegaldarrek euren kulturari baliorik ez ematera daramana, eta adibidez Txinatik ekarritako arroza edo Europako sukaldaritza ereduak hobesten dituena.

«Sahararen hegoaldean ustiatu gabeko nekazaritza indargune handia dago, eta indargune hori askatzeko, merkatura heltzeko baldintzak aldatu behar zaizkio», azaldu du sukaldariak, zera gaineratuz: «Fonioa lehortea eta gosetea jasaten dituen eskualde zabal horretan arazo gabe hazten da; hazi txiki honek erantzun handiak eman ditzake arazo horien aurrean».

Izan ere, fonioak, artatxikiak bezala, oso ur gutxi behar du eta askotan bertako nekazariek bi uzta “normalen” arteko denbora tartean bizirauteko erabili izan dute. Horiek horrela, Thiamek azpimarratzen du Digitaria generoko hazi txiki hori «bikaina» dela ingurumenarentzat; «oso lur pobreak onartzen ditu eta oso ur gutxi behar du, beste edozein landare ihartuko litzatekeen eremuetan berak aurrera egiten du».

Senegaletik New Yorkera. Hain da sakona sukaldari honen konfiantza, non iragan urtean Whole Foods supermerkatu kate estatubatuarrak fonioa merkaturatzea lortu baitzuen, eta uda honetan bertan talde horrek New Yorken dituen dendetan agertu da zereala.

Edonola ere, eta logikoa denez, fonioaren inguruan dena ez da abantaila, oztopoak ere badaude, elikagai osasungarrien merkatuan arrakasta izatea galaraz dezaketenak. Alde batetik, ekoizteak lan handia eskatzen du, besteak beste, uzta biltzea, oraindik behintzat, eskuz egin behar delako. Gero, hazia galbahetu eta zuritu egin behar da, eta merkaturatzeko ezinbesteko kalitate minimoa mantentzea ez da erraza. Baina Thiamek egin daitekeela uste du, eta fonioaren ekoizpena egituratzeko kapital afrikarra izango lukeen errota sistema bat ezartzeko zain dago.

Ildo honetan, Arushako TEDGlobal konferentzia ideia zabaldu eta babesa jasotzeko baliagarria izango zitzaiola espero zuen. Lehen aldiz egin dute teknologia eta garapena oinarri dituen nazioarteko hitzordu hau Afrikan, eta argi dago kontinente horretan ideia eta ekimen faltan ez daudela.