amagoia mujika
IRITZIA

Itsu geratzea

Nire amesgaiztoetan gaiztoena da bista galdu dudala. Bat-batean, ez dudala ezer ikusten. Beltza. Amets horretan ozen entzuten dut, sarkor usaintzen, latz sentitzen ditut albokoen eskuak nire eskuen dardara eutsi nahian. Baina, ez dut ikusten. Beltza. Amesgaizto iluna da, ingurukoak hazten eta zahartzen ikusi nahi baititut. Ingurukoak eta ingurua.

Amets horretan ez dakit seguru noiz geratzen naizen itsu. Akaso 1933ko azaroa baino lehen (badakizue ametsetan erlojua eta egutegia ameslariak nahi eran maneiatzen dituela). Pena litzateke, hala balitz ez bainuke ikusiko nola joan ziren lehendabizikoz botoa ematera hainbeste emakume. Asko beltzez jantzita eta gona luzeekin, belaunetik ondo behera.

Garai hartan ilundu bazitzaizkidan begiak, ez nituzke ikusiko hainbeste emakume lehenengoz bizikleta batera igotzen. Garaiko jendartearen begietara ez omen zen dotorea emakume bat pedalei ematen ikustea. «Arriskutsua» omen zen familiaren batasunerako eta medikuek ere abisu garrantzitsua ematen zuten; «antzutasuna, abortua edota eszitazio sexuala» eragin zitzakeelakoan bizikletan ibiltzeak.

Igual beranduxeago geratu nintzen itsu. Ez dakit seguru 1970. urtean Estatu frantseseko Asanblea Nazionalean gertatu zena ikustera iritsi ote nintzen. Denise Cacheux eta Michele Alliot-Marie politikariak galtzak jantzita agertu ziren eta ez zieten sartzen utzi nahi, araudiak debekatu egiten zuela-eta. Orduan bi emakumeek garbi hitz egin zuten: «Traba egiten dizuena soinean daramatzagun galtzak badira, arazorik gabe horiek kentzeko prest gaude». Hordago hori jota lortu zuten Asanblea Nazionalean sartzea.

Pena ederra, duela hogei urte inguru itsu geratu izan banintz. Hala balitz, ez nuke ikusiko Jaizkibel konpainia Hondarribiko kaleetan lehenengoz desfilatzen. Ez nituzke ikusiko festaren poza baino askoz gehiago kontatzen duten irribarre horiek.

Eta denboran gerturago etorrita, ez nuke itsu geratu nahi duela hamar urte. Bestela ez nituzke ikusiko emakumeak Kontxako bandera lortzeko lehiatzen, hortzak erakusten, puntako kirolarien grinaz eta diziplinaz eta historia idazten ari denaren harrotasunez.

Egia esan, pentsatzen jarrita inoiz ez da garai ona itsu geratzeko, beti dago zer ikusia, zer gozatua, zer sufritua... Pertsona itsuek edozer emango lukete ikusi ahal izateko, seguru. Ulergaitza dena da ikusten duenak plastiko beltz bat paratzea begien aurrean, bera jaio baino lehenagoko errealitate bat ikusteak beldurra emango balio bezala. Nahi edo ez nahi, belarrietatik eta sudurzuloetatik sartuko zaio parekidetasunaren doinua eta usaina. Azkenerako, errealitateak zulatuko dio plastiko beltza. Errealitatea kaskagogorra delako.