GALDER PEREZ
IRITZIA

Labetik hozkailura eta buelta

Gure etxean elikatzeko sistema zirkularra dela dirudi. Elikagaiak, jan aurretik, hozkailutik atera ohi ditugu. Barazkiak behar bezala zatitu ostean arrain edo okelaren labean sartuko ditugu. Erosi berriari labetik atera berria deitzen dio ume txikiak, eta hortxe zirkuluaren haria. Jakina, gauza bera gertatzen da errausketa-laberako bidean: gorpuek ere hozkailutik labera izaten dute bide naturala, barazkien ordez loreak eramanik. Egunotan, ordea, Durangoko Azokarekin kontrakoa gertatzen da askotan. Zenbat alditan esan dugun hainbeste eta hainbeste direla erosi eta irakurriko ez diren liburuak. Labetik atera berri diren liburu horiek, hortaz, labetik hozkailura joango dira, eskuak ezin irits dezakeen apal izoztuetara, alegia.

Apal horiek, hozkailu izan beharrean, izozkailu direla pentsa dezagun. Garaiotan ohikoa da ernalketarako izozkailuekin dugun etxekotasuna. Sormena bera ere ernalketa moduko zeozer izan badela pentsa dezagun bada. Unibertso honetan, ordea, espermatozoideek eta obuluek ez dute zelula bakarra osatzeko ezinbesteko premia. Batzuetan bi, hiru, lau edo bost obuluk eztanda batez sormenaren zelula osatzen dute, gogoak eskatzen dienean eta espermatozoidearen inongo beharrik gabe. Besteetan, aldiz, espermatozoide pare batek aurrera aterako du sormenerako ernalketa. Infinituak dira sormenaren aukerak. Eta horrela, egunen batean iritsiko ote den sorkuntza eztanda horretarako apalean, edo izozkailuan, gordetako sormen aleak sorkuntza berrietarako ezinbesteko bidelagun izango direla pentsatu nahi genuke. Beraz, lasai: bihar, oraindik hemen bagaude behintzat, izozkailuan gordetako dena irakurtzeko aukera izango dugu. Eta zirkulua martxan jarriko da berriz, industria katea bezala: sormen prozesua den ernalketa horretatik pasatu eta gero, berriz ere labera bueltatuko dira aleak. Izozkailutik labera, labetik hozkailura, eta buelta. Sormena zirkulu batean bezala bueltaka dabil, eta ekosistema esaten diote. Naturako elikagaiak bezalaxe.

Sormena eta kultura, ordea, antza denez, ez dira elikagaiak bezala aintzakotzat hartzen, ezinbestekotzat hartzen. Gure hozkailuetan jatekoa ezinbestekoa dugu. Gure labeetatik jaki goxoak aterako ditugu, hozkailuetan egin zuten egonaldi ederra pasatu ostean. Baina, antza denez, sormena ez da arnasa hartzeko ezinbestekoa, ez da ibiltzeko lagungarria, ez digu berorik ematen, ez du, itxura guztien arabera, gure egarri eta gosea asetzen. Sormenaren hozkailuak egon badaude, noski; baina giltzapetuta, antza, barrutik ezer ateratzea eragotzita bezala. Izan ere, sormenak eta kulturak, arteak funtsean, bideak eraikitzen ditu, lokartutako kontzientziak eta bihotzak esnatzen ditu. Aurrez aurre aurkitzen ditu, baina, giltza daukaten hezkuntza eta ekonomia-industria somniferoak. Horrela, bada, gurean hozkailuko atea erabat itxita eta labearena parez pare irekita dugu. Poetak egin zuen bezala, geure buruaz beste egiteko lagungarria da labea. Labeko atea zabalik utzi zaigu, edota jendarteak utzi dugu, bertatik, barrutik irekita, eta irteten den gasaren ondorioz, pixkanaka lo hartuko dugu, goxo, oso zorioneko antzean. Gabon dagigula, bada.