Amagoia MUJIKA
IRUÑEA
Interview
JULIO SOTO EZKURDIA
NAFARROAKO BERTSOLARI TXAPELDUNA

«Momentu honetan zutik mantentzen nauen zutabeetako bat da bertsoa»

Sekulako finala josita jantzi du Julio Sotok Nafarroako txapela hirugarrenez. Bertsoak goitik behera dotore ekarriaz, bere onenetik oso hurbil sentitu da. Eta duela bi hilabete bere anaia auto istripu batean zendu zenetik arrastaka dabilkion emozio zurrunbilo horretan hori egitea ez da makala. Bertsozaleak zutik jarrita eskertu zion ahalegina; ez erortzea gutxi ez eta bertsotan bikain aritu zelako.

Poza izan liteke tristea. Horretatik gertu sumatu dugu Julio Soto gorritiarra Nafarroako txapela jantzi berritan. Pozik, baina triste. Bertsotan sekulako saioa josita, bere onenetik oso gertu ibilita, txapela merezimendu osoarekin jantzita, baina falta zaion anaia Alberto burutik ezin kenduta. Lezio handi bat eman du Julio Sotok, ez bakarrik bertsotan, batez ere bizitzeko ikasgaia izan da eskaini duena.

Txapelketa arraroa, desberdina izan da. Eta ospakizuna ere desberdina, ezta?

Azken urteetan afaltzera eta ondoren parrandatxoa egitera gelditu izan gara denak. Baina aurten gurasoek ez zuten finalera etortzeko aukerarik izan eta Iruñera bueltatu nintzen. Gurasoekin tertulia luze eta gozoa izan nuen eta lotara joan nintzen. Ez oso goiz, baina etxean.

Ez oso goiz eta ez oso pozik, ezta?

Emozio askorekin, egia esan. Alde batetik, pozik, bizi izandako arratsalde horregatik. Emozio asko sentitu nituen eta bertsotan ere gustura samar geratu nintzen aspaldiko partez. Baina beste alde batetik tristura eta mina nituen. Azken asteetan emozio asko nahasten zaizkit, eta zer esanik ez horrelako gauza bat tartean denean.

Harrigarria izan zen oholtza gainean nola kudeatu zenituen emozio horiek guztiak.

Banuen nik ere beldur pixka bat txapelketari ekingo niola erabaki nuenean. Banuen beldurra emozioek gain hartuko ote zidaten kantuan nengoela. Momentu askotan, nahiz eta ez den nabaritu, gain hartu didate kantuan ari nintzela, baita aulkian nengoen momentuetan ere. Finalean eserialdiak egokitzen ziren garaian gauza asko pasatzen zitzaizkidan burutik, irudi asko... ez dakit nola lortu nuen, baina behintzat eutsi nion kantatzeko momentuetan nuen indar gutxi horri, eta dena bukatu zenean lehertu egin nintzen.

Oso kontzentratuta, oso zure baitan bildua eta nekatuta bezala igarri zintugun.

Egia esan, oso-oso nekatuta igo nintzen oholtzara. Ohartu nintzen indar gutxirekin nengoela eta neukan apurra beharko nuela nire hamalau bertsoak kantatzeko. Indar hori kudeatzen ahalegindu nintzen oholtzan, nik kantatzen ez nuenean atseden hartzen saiatzen, tarteka begiak itxi eta indar horri eusten saiatzen... Eta nire baitan bilduta ere banengoen. Baina hori izaten da bertsolariak nahi izaten duena, bere baitan bildu, barrura begira jarri eta bertsoan zentratu erabat. Txapelketetan askotan urduritasunak, beldurrek eta halako mamuek gaina hartzen digute eta ez dugu lortzen hori egitea. Niri bereziki hori gertatu zitzaidan azken Euskal Herrikoan. Aurten, gertatu dena gertatuta, motibo txar bat tarteko, buruko mamu eta alferreko kezkak joan egin zaizkit eta neukan indarra bertsotan inbertitu dut erabat.

Eta inbertsio emankorra izan zen. Lehen bertsotik bertatik igarri zuen plazak zuzen-zuzen txapelerantz marraztu zenuen marra.

Egia esan, gustura hasi nintzen kantuan. Askotan zortziko handiarekin sekulako borrokak izaten ditut. Aspaldiko kontua da, askotan kostatu egiten zait zortziko handian ofizio onak egitea. Baina atzo lehen ofiziotan bertsoak betetzen eta ideiak ekartzen gustura sentitu nintzen. Gainera, lehen ofizioa Eneko Lazkozekin egokitu zitzaidan eta harreman oso berezia dugu. Bertsotan gustura egin nuen, erne nengoen, entzuten eta erantzuten... eta final bat sentsazio horiekin hasten duzunean errazagoa izaten da segitzea. Esango nuke ariketa guztietan utzi nuela zerbait. Oro har, hasi eta buka gustura geratu nintzen egindako lanarekin.

Bertsoak goitik behera jantzi zenituen eta ideietan ere oso emankor aritu zinen.

Bertsoa betetzen gustura aritu nintzen. Ez, hala ere, erabat, batez ere buruz buruko azken txanpan, ja nekatuta nengoen, gehiago kostatu zitzaidan eta ez nintzen erabat gustura geratu puntu batzuekin. Baina bertsolari bezala zaila da erabat gustura geratzea, arantzatxo horiek beti hor geratzen dira, hobetzeko gauzak beti ikusten dira. Eta ideia aldetik gustura sentitu nintzen, nahi nituen ideiak etortzen zitzaizkidan, nik esan nahi nuena esateko balio zuten ideiak. Egin nahi nuenetik nahiko hurbil geratu nintzen, inoiz geratu naizen hurbilena.

Zortzi finalistak bikain aritu zineten. Eta Baztan pilotalekuan giro berezia sortu zen, magikoa une askotan. Igarri zenuten hori oholtza gainetik?

Bai, nik oholtza gainean bizi izan dudan arratsalde berezienetakoa izan zen larunbatekoa. Hasieratik sumatu genuen publikoa jasotzeko eta emateko gogoz zegoela. Eta bertsolari denek gure onena eman genuen, ez zen inor erori... goitik sumatzen zen halako aura berezi bat. Niri, esaterako, ez dakit aurretik sekula pasatu zaidan, baina Terrerosekin hamarreko txikian ari nintzela oilo-azala jarri zitzaidan, bai ni kantuan nengoenean, baita bera ari zenean ere. Ez dakit, arratsalde magikoa izan zen, gaiek ere asko lagundu zuten, bertsolariek, entzuleek... Denon artean gogoan izateko egun horietako bat osatu genuen.

Gaiak aipatu dituzu. Buruz buruko kartzelakoan lehenengoz masturbatzen den 70 urteko emakume baten ahotik aritu zineten. Gustura?

Gaia entzun nuenean sekulakoa iruditu zitzaidan, gai haustailea iruditu zitzaidan. Gai-jartzaileek bazekiten finalista guztiak gizonezkoak ginela eta gai horri bi gizonezkok kantatuko ziotela. Igarri nuenean entzuleen zati batek barre txikia egin zuela, are gogo handiagoa sortu zitzaidan gai horri kantatzeko. Gai oso serioa da, arazo handi bat ezkutatzen da gai horren atzean eta iruditzen zait bai publikoa eta bai gu biluzik geratu ginela gai horren aurrean. Uste dut aurrerapauso bat izan dela gai-egileen aldetik gai hori jarri izana eta denoi zerbait mugitu zigula barruan. Ongi etorria izan dadila horregatik.

Hortxe bertsolaritzaren funtzio soziala, ezta? Aulkian dagoena batzuetan deseroso sentiarazi eta zer pentsa ematea.

Bertsoak funtzio asko dauzka, baina funtzio eta gaitasun hori badauzka. Atzo gaia entzutean entzule asko sentituko ziren deseroso, gai tabua delako. Bertsoen bidez azaleratu genuen gai hori hor dagoela eta konpondu beharreko arazo bat dela. Ari gara pausoak ematen, baina oraindik bide luzea dago egiteko.

Sekulako gaitasuna erakutsi zenuten zuk eta Terrerosek 70 urteko emakume baten azalean sartzeko. Eta genero ikuskera landua igarri zen.

Bai, bai. Generoarekiko kezka hori oholtzan ginen zortzi bertsolariek daukagu, gai-jartzaileek daukaten bezala eta gaur egungo bertso entzuleen zati handienak bezala. Bestetik, adinean aurrera joandako emakume edo gizon baten paperetik kantatzea gauza polita egin zitzaidan niri, batik bat etxean justu kontrako kasua bizi izan dugulako. Zahartzeak niretzako badauka momentu honetan halako esanahi eder bat. Gauza ederra iruditzen zait. Lehen ere iruditzen zitzaidan, baina orain ederragoa iruditzen zait. Horregatik, gai hori polita iruditzen zitzaidan ertz askotatik begiratuta.

Zalantzak izan zenituen txapelketara aurkeztu edo ez. Zuk esana da bertsoak mesede egiten dizula bizitzako trantze latz honetan.

Zalantza handiak izan nituen. Albertorena gertatu zenean, bi astera zetorren lehen saioa eta ez nekien gai izango ote nintzen emozioak kudeatzeko. Baina barruan zerbaitek txapelketan ateratzeko eskatzen zidan. Azkenean bertsoa nire bizitzako zati oso garrantzitsua da, bertsoen bidez gauza asko adierazten ditugu bertsolariek eta ni bereziki momentu honetan zutik mantentzen nauen zutabeetako bat da bertsoa. Iruditzen zitzaidan txapelketari ekiten banion izango nuela bi hilabete hauetan lan egin behar bat, ilusio bat, bertsoak idatzi beharra, emozio batzuk bertsoen bidez askatu beharra... eta iruditzen zitzaidan horrek mesede egingo zidala. Horregatik eman nuen izena.

Finalean igarri zen lan handia egin duzula prestatzen.

Ahal izan dudan gehiena. Ez dut bereziki aurtengorako lan gehiago egin, orain arteko txapelketa guztietan joan naiz lan dezente eginda. Gertatzen dena da azkenengo txapelketetan neuzkan mamu, beldur eta tentsioek gaina hartu eta ezin izan nuela nire bertsokeraren apenas ezer erakutsi, oso loturik kantatu bainuen. Eta horrelakoetan zaila da egindako lana erakustea. Aurten, azken txapelketatik lezioa ikasita atera naiz, oholtzan lasaiago, bertsoan zentratuago eta horrek lagundu dit egindako lana erakusten.

Final osoan ez zenuen irririk egin. Buruz burukoan Terrerosek lortu zuen zure irriño txiki bat piztea.

Oholtzan oso-oso triste eta hunkituta nengoen. Tarteka negarrari eusteko nahiko lan izan nuen. Ez neukan irribarre egiteko ez motiborik ez gogorik. Bukaeran bai, Terrerosekin, oso buruz buruko berezia izan zelako niretzat. Terreros daukadan bertso lagun handienetako da. Gauza asko konpartitu ditugu, asko lagundu dit eta niretzako opari bat izan zen une hori berekin konpartitu izana. Irribarre bat ere aterarazi zidan eta ez da gutxi.