Jon GARMENDIA
BAIONA
Interview
PATRI URKIZU
IDAZLEA

«Gizonaren ahanzturaranzko jaidura burugabeak tristatzen nau»

Lehen Mundu Gerran ibilitako euskaldunen istorioak han-hemenka argitaratzen ari dira azken garaian, eta horiei guztiei Patri Urkizu idazleak egindako antologia elkartuko zaie orain. Testigantza zuzenak dira «1914-1918 Lekukoak» biltzen dituenak, idazle ezagun eta ezezagunen testuak. Maiatz argitaletxearen eskutik ikusi du argia, eta Sarako Idazleen Biltzarrean eskuragai izanen da.

Zer da “Lekukoak 1914-1918”, zer agertzera dator?

Lehen Gerra Handia deituaren euskal lekukotasunekin moldatutako antologia da, eta bai gerra egin eta sufritu zuten euskal lekukoek bizitako tragediaren isla, bai Euskal Herriko Hegoaldean Iparraldeko anaiek pairaturiko gerraren ikuspegia jasotzen duten testuen eta irudi hautatuen mostra zabal bat da.

Nola izan da sorkuntzaren prozesua, bilketa? Zenbat denbora behar izan duzu amaitzeko?

Iaz gerra hasieraren mendeurrena zela-eta, Euskaltzaindiko Literatur Batzordeak pentsatu zuen egoki zitekeela prestatzea jardunaldi bat Baionan gertakizun latz haiek oroituz, eta taldekide nintzenez, prestatu nuen nire bilduma hori sarrera orokor batekin eta idazle bakoitzari argazkia, aurkituz gero, eta ohar bio-bibliografikoa eskainiz. Jardunaldia egin ez zenez, Lucien Etxezaharretari (Maiatz argitaletxeko lehendakaria) eskaini nion liburua eta honek ardura bereziz jaso zuen egitasmoa.

Bestalde, aspaldidanik nabil Iparraldeko testuak argitaratzen (1987, “Bertso zahar eta berri zenbaiten bilduma” (1798); 1989, “Pierre d´Urteren Hiztegia. Londres 1715”; 1990, “Piarres Lafitte, Euskal Literaturaz”; 1991, “Lapurdi, Baxanabarre eta Zuberoako bertso eta kantak. I. Anonimoak II. 1545-1900”; 1995, “Jean Elissalde, LVIIa gerlan”; 1997, “Anton Abbadiaren koplarien guduak. Bertso eta aire zenbaiten bilduma”; 1998, “Zuberoako Irri-teatroa…”; 2006, “Agosti Chahoren Kantutegia”; 2007, “Teatro popular vasco. Manuscritos inéditos del siglo XVIII”…eta abar). Beraz, esan daiteke bilketa poliki-poliki egiten ohi dela, eta egun batean erabakitzen dela esanez, aski oraingoz.

Liburuan ageri diren idazle batzuk ezagunak dira, besteak ezezagunak; horien historiaren zati bat agertu duzu, ordea, irudiak baliatuz...

Bai; Liburuaren azalean ageri den Simon Hastoy zopa karreialaria Ingalaterrako artxiboetan topatu nuen adibidez, Atharratzekoa zen, eta beste kasuetan egilearen argazkia topatzen saiatu naiz; hori batere erraza izan ez arren, Armiarma Interneteko ataria baliatu dut aurkikuntza batzuk egiteko, eta han ageri ez diren idazleak, testuak eta fotografiak ere topatu ditut. Halaber, testu horiek ziotenarekin batera egokitzen ziren argazkiak bai Interneten bai Gallica gunean arakatuz lortu ditut.

Pertsonaia ezezagunak ere ageri dira, A.I. hizkiekin aurkezten dena kasu; “Serbia eta Salonikatik leterak” igortzen ditu, zuberotarra dela aipatzen duzu…

Mauletik Atharratzera bidean dagoen herriren batekoa izan behar duela aipatzen dut; liburuko sarreratxoan diodan bezala, A.I. aurkikuntza bat izan da, eta etxekoentzat idatzi letrak baino areago diruditela gerra kronika serioak, zeren eta une batez historia zertzeladak, paisaiaren deskripzioak, humanoak eta fisikoak, eta gobernuen eta prentsaren kritika ere badira…

Lekukotasunek kontatzen al dute zer sufrimendu bizi zuten, gerra nolakoa zen?

Bai, badira, noski, eta honetan lagundu dit “Ikerzaleak, Mémoire de la Soule, 1914-1918…” (Ozaze 2006) liburuak. Adibidez, Batista C.-k, aurpegia erabat desitxuratua duenak, dioenez, aisago egiten du etxekoekin uxkaz (euskaraz), eta eskatzen die idatz diezaioten usu eta luze. Gerraren latza eta tragedia azaltzen dute gordinki, Ikerzaleak dioenez, euskaraz idatzi gutunetan, zentsoreek hasieran ezagutzen ez zuten hizkuntzan, tonu askeagoa aurki baitaiteke, eta estilo zuzenago, zorrotzago, egiatiagoa haserrea eta deskontentua espresatzeko unean.

Gerraren aurkako iritzirik bada?

Hegoaldeko bertsolarien artean, batez ere. Adibide batzuk aipatzearren, Lexoti kale-garbitzaileak honela bukatzen du bertso bat: «… pake santuan jarri gaitzazu, Aita amoriyosua, / legor gainian ez genduke nai odolezko itxasua. Edo Jose Ramon Taberna errenteriarrak: … franco-inglesak Alemaniya lurpera nai dute bota / berak ezin ta yankiak diruz egin diyote burruka / oiek amerikanuen mendian jarri digute Europa».

Genero literario anitz ageri dira liburuan bestalde, belaunaldi desberdinak, garaiko idazleak nahiz garaikideak, Iparraldekoak batzuk Hegoaldekoak besteak... zer adierazteko?

Iparraldeko eta Hegoaldeko euskal idazleak zaku berean sartu ditut, nabarmen delako herri bat garela bi estatutan banatua, hizkuntza bat darabilgula bere berezitasun eta aberastasun guztiekin, eta ikuspegi zabala ematearren. Literatura, eta herriaren ahotsa, gogoeta eta pentsaerak molde ezberdinetan ager daitezkeelako, jakina den bezala.

Zein da lana aitzina eraman arau, lekukotasunak irakurri ahala, sortu zaizun sentimendu nagusia?

Tristura eta etsipena. 6.000 hil eta 60.000 zauritu Euskal Herrikoak, eta mundu zabalekoak bederatzi milioi baino gehiago. Azkena eta azkarra izanen zen gerraren emaitza izateko ez da txantxetako kontua, eta Spinozak zioen esaldi hura oroitu nahi nuke, ‘lehena ez baduzu errepikatu nahi iker ezazu’.

Gehien harritu zaituen istorioa?

Nire adinean ez nau deusek harritzen, baina bai tristatzen gizonaren ahanzturaranzko jaidura burugabeak.