Amaia U. LASAGABASTER
Interview
FRAN GARAGARZA
EIBARKO KIROL ZUZENDARIA

«Helburua mantentzea da; exijentzia, berriz, gure onena ematea»

Urkoren aulkian jarri zenetik, Eibarko kirol egituraren eskailerak igo ditu 45 urteko mutrikuar honek. Mandiolaren laguntzailea, harrobiaren arduraduna, idazkari teknikoa eta, egun, kirol zuzendaria, klubeko lantalde handienaren jarduera koordinatu eta gainbegiratzen duen pertsona. Maila, zenbakiak eta oihartzuna ere asko aldatu dira urteotan; ez hainbeste bere lanaren funtsa.

Eguneroko bizitza ez dio gehiegi aldatu Fran Garagarzari igoerak. Bideoak, entrenamenduak, telefono deiak, bilerak... Maila, zenbakiak eta oihartzuna handiagoak dira, baina lanaren funtsa antzekoa da: etorkizuneko beharrei aurrea hartzea.

Horregatik harrapatzen zaitugu beti lanean.

Bai, horrela da. Badauzkagu une «gorriak» eta beste batzuk lasaiagoak. Baina une gorri horiek, erabakiak hartzeko uneak, heltzen direnean, lana errazteko ezinbestekoa da eguneroko lana. Ikusi, baloratu, aztertu... zirkulua txikiagotzen joan, gure beharrei dagokienez eta behar horiei erantzuteko egon daitezkeen alternatibei dagokienez.

Lana pixka bat konplikatzeko, jokaleku bikoitzean pentsatuz. Eibarrek ez daki zer mailan egongo den datorren urtean.

Bueno, arazo hori urtero izan ohi dugu. Egia da non egongo zaren jakiteak gauzak errazten dituela, batez ere jokalarien aldetik, beren erabakia hartzeko orduan, normala denez, askoz erakargarriagoa delako Lehen Maila.

Zuen beharrak ere desberdinak izango dira.

Bai eta ez. Eskaintzen duzuna desberdina da, baina behar duzunak ez du hain desberdina izan behar. Edozein kasutan, askoz gehiago aurten hartu dugun esperientziarekin, argi daukagu zer nahi dugun. Guk badakigu gure perfileko eta estiloko jokalariak zeintzuk diren eta gure balorazioa ez da gehiegi aldatzen Lehen Mailan egon ala ez. Alda daitekeena bidea da. Jokalarientzako erakargarriagoa delako Lehen Maila. ‘Zesio’ bat eskatzeko orduan ere zerikusia dauka, mantentzeak jokalarien balorazioa handitu eta kanpoko eskaintzak izan ditzaketelako... Ildo horretan argi daukagu gauza batzuk lehenago itxiko ditugula eta beste batzuekin azken ordura arte itxarongo dugula. Baina hori beti izan da horrela, Bigarren B. mailan ere horrelako zailtasunak genituen.

Aurtengo esperientziari buruz hitz egin duzu. Udan «ikastaro trinkoa» egin zenuela aipatu zenuen. Zein ikasketa aplika ditzakezu hemendik aurrera?

Dezente. Hasteko, gauzak eztabaidatu behar direla, aurrekontu aldetik, eskaintza aldetik... Bestetik, denbora neurtzen jakitea, itxaroteak merezi duen jakitea, ikusi dugulako kasu batzuetan merezi duela baina beste batzuetan alferrikakoa dela. Baita gure balioa azpimarratzea ere, diruaren gainetik, zeintzuk garen, lana nola egiten dugun, jokalariek gurekin ze garantiak dituzten azpimarratzea. Eta horiez gaien, lehen komentatu dizudan zirkulu horretatik, urtean zehar egindako lanak eskaini digun zirkulu horretatik, irteteak hobekuntzak baino arrisku asko ekar ditzakeela.

Jokalari batzuk uste baino maila baxuagoa eskaintzen ari dira. Ez dakit horri buruz ari zaren.

Ez, izan dezakegun talde onena daukagula uste dut. Egia da jokalari batzuk gutxiago jokatzen ari direla, aukera gutxiago izan dutela, baina horrek ez du esan nahi onak edo egokiak ez direnik. Entrenatzaileak jokalari batzuk gehiago hartu ditu aintzat eta kito. Baina horrek ez du esan nahi gutxiago jokatu dutenek balio ez dutenik.

Alderantzizkoa onartzen duzu? Uste baino maila askoz hobea eskaini duten jokalariak badirela?

Dudarik ez. Gaur egungo taldeko izen berezirik ez esatearren, iragan hurbilera joango naiz. Jota eta Albentosa ekarri genituenean, nahi genuen perfila eta maila zeukatela uste genuelako ekarri genituen. Gero, eguneroko lanarekin, entrenatzailearen aholku eta ildoekin, hobetzeko aukera daukate. Bi horiek 7ko nota batekin etorri eta 10eko notarekin irten zirela uste dut. Eguneroko lanak, exijentziak eta entrenatzaileak atera dien balioa etorri zirenean zeukatena baino askoz handiagoa da. Aurtengo taldean hainbat jokalarirekin gertatzen ari da, adibidez, Bigarren B. mailan zeudenean inoiz ez genuela pentsatu Lehen Mailan titular izan eta hain maila ona eskain zezaketela. Eta alderantzizkoa ere gertatu da, bai. Badaude jokalari batzuk 7ko nota horrekin etorri zirela eta ez direla 10era heldu edo baxuagoa daukatela gaur egun.

Hori kontuan hartuta, ikastaroa gainditu duzuela uste duzu?

Nire ustez, balorazioa Liga amaitzen denean egin behar dugu. Orduan ikusiko dugu gainditu dugun. Zer da gainditzea? Mailari eustea.

Ez litzateke bidegabea izango? Azken finean, Lehen Mailako talderik apalena da Eibar.

Bai, dudarik ez. Ez nuke esango exijentzia bat denik. Bai, ordea, gure helburua. Nolabait esatearren, azken nota emaitza horrek finkatuko du, baina orain arte egin dugunarekin azterketa gaindituta dagoela uste dut. Gure maximoa eskaintzen dugun unean, askoz gehiago eskatzea ere ezin da. Baina profesionalak gara, kirolariak, onena nahi dugu eta horretarako entrenatzen gara; helburu garbia daukagu. Ekainean ze baloratu dugu? Postua bai, argi dago, baina ibilbidea ere bai. Eta, ildo horretan, pozik egon behar dugu, orain arte egindakoa ere nahikoa litzateke balorazioa ona izateko. Emaitzengatik, taldearen portaeragatik, daukan lehiakortasun maila, animoa, baita une txarrenetan ere, lanerako jarrera... Eta oso argi izan behar dugu helburua lortzeak sekulako meritua izango duela.

Ez da erraza neurtzea, baina igoera baino helburu zailagoa dela dirudi.

Errazagoa ez, behintzat. Desberdina da, baina kasu bietan, oso zaila. Eta jendeari hori gogorarazi behar diogu, batez ere lehen itzulian lortutako 27 puntu horiekin burbuila batean sartu ginela dirudielako. Puntu horiek guk irabazi ditugu eta gure errealitatea da, baina oraingo larritasunak ere geureak dira. Eta aurrera irteteko, gure indar guztiak beharko ditugu. «Gure» esaten dudanean, zaleei buruz ari naiz. Ziur nago, adibidez, hain garrantzitsua izan daitekeen Granadako puntu horrek zerikusi handia daukala aurreko astean bizi izan genuenarekin. Ipuruan, lan saioan, 150 zale animatzera etortzeak, autobusa agurtzera joateak, Los Carmeneseraino 200 zale joateak... horrek sekulako indarra ematen die jokalariei. Harmailetako bultzada hori ezinbestekoa izango da. Sei partida jokatu behar ditugu Ipuruan eta zaleen indarra nabaritu behar da, mantentzearen oinarria bertan egongo baita. Rayoren eredua etortzen zait burura, neurtezina da, baina argi dago etxean lortzen dituen puntuetako portzentaje altua bere zaleengatik dela. Guk ere hori behar dugu, guztion artean guztion helburua lortzeko.

Eta, hala ere, ez da izango erraza. Hasteko, taldea udan baino ahulagoa da egun.

Hortik ere ikasi behar dugu. Albentosarekin izandako negoziaketetan ondo jokatu genuela uste dut, eskaintza igoz gure aukera maximora heldu arte. Baina azken bileraren aurretik agentea aldatu eta ingeles bat hartu zuen... Gero Derbyren eskaintza heldu zitzaion eta guk gutxienez ekainera arte geratzeko borrokatu ginen arren, bere erabakia ere ulergarria da. Bera ordezkatzeko egokiena Rafa Paez zela erabaki eta akordioa lortu genuen, baina ezin du jokatu. Eta errua gurea da. FIFAren erabakia guztiz neurrigabekoa iruditzen zait, baina guk eman diogu erabaki hori hartzeko aukera, gure ardura zena ondo ez betez. Eta neuk, kirol zuzendari gisa, gertatu denaren ardura hartzen dut. Orain nolabait moldatu behar dugu eta, zorionez, talde barruan alternatibak badaudela uste dut, baina egia da gertatutakoak min egin diola taldeari.

Orain ez du askorako balio konponbideaz aritzeak, beranduegi da. Baina bigarren talde batek eskain zezakeen aukera ez edukitzeak pena berezia emango dizulakoan nago.

Kasu honegatik bakarrik ez. Baina hara, bigarren taldea edukiko bagenu, 23z azpikoa izanda, Paezi bigarren taldeko fitxa egin eta gurekin jokatzeko aukera izango luke. Hirugarren atezaina edukitzeko aukera hobea izango genuke... Eta horrez gain, bigarren taldeak eman diezazkigukeen abantaila guztiak.

Etorkizunezko proiektuei buruz asko entzuten ari gara azkenaldian. Bigarren taldea berreskuratzeko asmoa ere baduzue?

Bai, aspaldian ari gara lanean. Baina «laborategi prozesuan» dihardugu, ezer gutxi konta daiteke oraindik publikoki. Datarik ere ezin dizut eman, talde bat sortzea erraza delako baina guk nahi duguna ez hainbeste. Baina bai, horretan dihardugu, eta posible izango den oraindik jakin ez arren, asmoa hori da.

Zurekin beti etorkizunaz ari garenez, esadazu amaitzeko, etorkizuna Lehen Mailan ikusten duzu?

Bai, baikorra naiz. Ziur aski, azken unera arte ez da erabakiko eta estu ibiliko gara, baina taldeak dinamika txarra apurtu duela, behar diren puntu kopurua, marjina, eguneroko lana, jarrera... ikusita, bai, azken unera arte borrokatuz baina bai, Lehen mailan ikusten dut taldea.