Jon ORMAZABAL
ETXARRI
Interview
AITOR ZUBIETA
ATZELARI FINALISTA

«Belaunaldi berriekin ere izango dugu zeresanik Oinatzek eta biok»

Barruan zuen korapiloa askatuta, irribarrea itzuli da Etxarrikoaren aurpegira. Finalak eskuetatik ihes egingo ziola pentsatu zuen behin baino gehiagotan Eibarren jokatu aurretik, baina Pedro Garcia «alkimistaren» eskuek beste mirari bat egin eta igandean Bizkaian egongo da, bere bigarren txapelaren bila. Bere amak lan handia izango du asteotan, albumean elkarrizketa eta erreportajeak gordetzen.

Lagunei hogei arrautzako tortillak egiten dizkien elkartean hartu gaitu Zubietak, mokadurako tarterik gabe, baina kuadrillakoak bagina bezala aritu da, luze eta natural.

Eibarko partida ikusita, bada zure minarena sinesten ez duenik…

Nik uste dut, nola jokatzen dudan dakitenek, ezagutzen nautenek, ikusi zutela ezkerrez ez nintzela sartzen normalean sartzen naizen bezala. Nik ezkerrez asko jokatzen dut normalean, eskuinarekin baino gehiago askotan eta Eibarko partidan ez zen halakorik izan; nik uste dut altura ematen asmatu nuela.

Baina amaieran nola hunkitu zinen ikusita, bazen zerbait.

Oso aste txarra eta gogorra izan nuen, esan nizuen. Ikusi nuen, 16 jardunaldi jokatu ondoren, eskuetatik ihes egingo zidala finalak. Egia da Albisuren aurka jokatu eta takoak ez nituela larunbatera arte jarri. Astelehenean tratatzen hasi eta bost egun nituen, ez nuen denborarik eta buruak buelta asko eman zizkidan. Oraingoan desberdina da, astebete daukat eskua lasai osatzen uzteko.

Ni ez naiz asko hunkitzekoa, baina partidaren ostean nuen sentsazioa zen korapilo bat askatu banu bezalakoa; aste guztian zehar sabelean korapilo handi bat izan nuen.

Komentarioek min egiten dute?

Ez diot buelta handirik ematen, jendeak azkenean bere iritzia ematen du eta errespetua galtzen ez badidate, onartzen dut eta kito. Banekien nola nengoen eta nire ingurukoek ere bai.

Pedro Garcia zuretzat mago bat bezalakoa izango da orain, ala?

Beti izan da, beti zaindu nau, gazte-gaztetatik. Oso ondo ezagutzen ditu nire eskuak eta konfiantza handia daukat berarengan. Askotan partidak telebistan ikusten ari da eta mobila pizten dudanerako bere mezu bat izaten dut «zer moduz eskua?» edo «zer gertatu da esku horretan?». Telebistaren bidez ere berehala igartzen du zerbait badut.

Enpresa aldaketak ere txapelketa hau berezia egin du?

Bai, lehenengo notizia zen aldagelan hitz egin zela gerta zitekeela, baina inork ez genekien ezer, dena zurrumurruak ziren. Gero, tokatu zenean, deitu zidatenean , nire partetik ez zen arazorik egon, legalki dena ondo bazegoen eta arazorik ez bazen, ni prest nengoela esan nien.

Egia da aurkezpenaren bezpera arte ez zizutela ezer esan?

Hori egia da. Zazpi eta erdiak gutxienez baziren. Luze egin zen, baina besteek ere ez zekiten ezer, nik uste dut ordu horretan hasi zirela denoi esaten, baina askotan gertatu da hori. Esan zidaten, filtraziorik ez egoteko nahiago zutela inori ezer ez esatea lehenago. Hasieran ulertzen duzu desberdina dela, foku guztiak zure gainean daude eta lehen partidetan notatzen zen zerbait desberdina bazela, baina tira, ordutik aurrera oso ondo.

Zure kasa entrenatzen duzula-eta, ez omen du eraginik izan aldaketak zure egunerokotasunean; nolatan bakarrik entrenatzearen hori?

Urte asko dira horrela nabilela, Carlos Navarrorekin eta nire prestatzailearekin. Belauneko arazo horiek izan nituenetik bakarrik egiten dugu eta ondo datorkit. Batzuetan nabaritzen da entrenatzeko norbaiten falta, baina hemen beti egoten da norbait nirekin entrenatzeko.

Belauneko arazoen ondoren, entrenatzeko modua aldatu behar izan nuen, beste prebentzio ariketa batzuk egin, beste planteamendu bat, adibidez, pisuak eta lehen egiten nuena baino askoz gutxiago egiten dut orain. Denon gorputza ez da berdina, nireak beste gauza batzuk eskatzen ditu, eta hori moldatu genuen eta oso ondo datorkit. Fisikoki sekula ez bezala nago, nik uste dut 26 urteetatik hona hobeto nagoela 20 edo 22 urterekin baino.

2010ean txapeldun izan zinenetik asko aldatu zara?

Bai, nik uste dut nire jokoa asko aldatu dela. Gazteagoa zarenean beste freskotasun bat dago, eta nik hanka geldian asko jokatzen nuen eta orain saiatzen ari naiz ez horren hanka geldian jokatzen, indarra ez horrenbeste erabiltzen baizik eta gorputzaren inertziak. Hori denborarekin ikasten diren gauzak dira. Nik uste dut desberdina dela eta pentsatu nahi dut orain hobeto.

Gazteen txapelketa izango zela, baina hiru beterano finalean?

Oinatz eta ni, erdaraz esaten den bezala, «entre dos aguas» gaude. Biok 84koak gara, gazte hasi ginen eta badirudi sartzen gaituztela Juan, Aimar, Abel eta horiekin, baina nik uste dut beste belaunaldi batetik gatozela. Hurrengo urteetan ere zeresana izango dugula uste dut, oraindik gazte sentitzen gara, maila onean gaude eta belaunaldi berriekin ere izango dugu zeresana.

Orain arte Aimar eta Juanen itzalean izan zarete?

Nik 12 urte daramatzat eta Oinatzek antzera. Bi izar ikaragarri egon dira eta oraindik urte batzuk badituzte aurretik, argi dago. Nik ez dakit azken urteetan zenbat txapelek ihes egin dieten, bost edo sei izango dira; nik Binakako bat badut, espero bigarrena lortzea, eta Oinatzek Buruz Buruko bat kendu die, eta uste dut hori ere baloratu behar dela.

Oinatzen maila ikaragarria da...

Oso-oso ondo dago, konfiantzaz lepo. Maila honetan nik uste dut sekula ez dela egon. Ikusten da, alde guztietatik saiatzen da, eta gainera, irten egiten zaio. Pilotari bat horrela dagoenean oso arriskutsua da eta Untoria berdin-berdin dago erabat hazita, konfiantzaz lepo, eta horrela daudenean…

Orain badirudi lesioetatik irteten den pilotaria indarberrituta irteten dela, freskotasun izugarriarekin.. Ados zaude?

Niri ere gertatu izan zait, geldi egon, eta, iaz, geldialdi luze baten ostean, udan oso-oso ondo irtetea. Askori gertatu zaigu. Ez gara urte guztian geratzen, lesionatzen garenean bakarrik geratzen gara, eta momentu horretan deskantsu moduko bat edo hartzen du gorputzak, eta buruak berdin. Oso garrantzitsua da kirolean bai gorputza eta gehienbat burua reseteatzea.

Egon daiteke kirolari bat urte guztian mailarik onenean? Beste kiroletan ez da gertatzen...

Beste kirol guztietan gutxienez hilabetez gelditzen dira, guk ez daukagu aukerarik. Hemen gauza bat dago, urte guztian ondo egotea baloratzen dugu. Zeren eta orain oso txapelketa ona egiteagatik, beste edozeinek manomanista oso ona egingo du, gero udan batxe txiki bat izaten baldin badu, alde guztietatik erortzen zaizkio kritikak eta presioak…

Irakurtzen dituzu kritikak?

Pilota dena jarraitzen dut, partida denak ikusten ditut. Prentsa noizean behin irakurtzen dut, baina nire partiden ingurukoa denean ez zait gustatzen, nirea denean saiatzen naiz asko ez irakurtzen. Beldurragatik baino, bai kritikak eta lausenguak gustatzen zait hartzea hartu behar ditudanengandik; nire entrenatzailea, nire teknikoa...

Gauza positiboekin berdin gertatzen da, lausengu asko ditudanean ere, beti iristen zaizkizu, baina saiatzen naiz ez hartzen, hori ez da-eta ona. Nire amak artikulu gehienak gordetzen ditu, ez dakit zenbat album dituen, pila bat. Partidekin berdin gertatzen da, partida ona egiten badut, ez dut ikusten.

Eta Bilboko 9-22a finaleko aurkarien aurka?

Bai, partida txarra izan bada, normalean ikusten dut. Askotan komentariorik gabe edo bolumenik gabe. Gustatzen zait ikustea zer egin dudan ongi eta zer gaizki, partida ona egin badut nahiago dut frontoian izandako sentsazioekin geratu.

 

«Ikaragarrizko lekuan bizi naiz, ez dut neure burua Sakana ez den beste inon ikusten»

Animaliak, mendia, etxekoak eta lagunak. Horiexek dira, pilotaz harago, Aitor Zubietaren bizitzaren oinarria eta denak Etxarri edo Sakana inguruan ditu; bere inguruan oso txertatua dago atzelaria.

Nolakoa da Aitor Zubietaren egunerokoa?

Normalean oso goiz mugitzen naiz eta gustatzen zait animaliengana joatea buelta bat egitera, txakurrak edo beste animaliei bistadizo bat eman, lau lantxo egin eta gero entrenamendua. Normalean entrenatu eta bazkalordurako lan horiek guztiak eginda izan. Gero bazkaldu eta arratsaldean edo mendira edo berriz ere entrenatzera, edo beste gauza batzuetara. Mendi buelta horiek nire bizitzaren parte dira. Beti izkina guztietan egoten naiz, ez bada mendi puntan, ibai ertzean.

Ingurua primerakoa duzu...

Bai, ni ikaragarrizko lekuan bizi naiz, ez dut neure burua Sakana inguru hau ez den beste inon ikusten. Bueno, andrea Lekunberrikoa dut, baina tira, dena antzekoa da, ni inguru honetan oso pozik bizi naiz.

Ingeniaritza ere bukatu zenuen, zeure burua fabrikan imajinatzen duzu?

Bai, nik ez diot uko egiten lanari, langiletzat jotzen dut neure burua. Bordatxo bat dut aitarekin eta hor izaten gara, txakurrak ez badira, beti dago lana, elektrizitate kontuak, iturgintza... beti zerbait egiten eta alde horretatik, nire ikasketekin fabrika batean bukatu beharko banu, ba oso gustura.

Sakanako bikoteaz hitz egiten zen eta Sakanako bat finalean...

Bazirudien biak bakarrik zirela Sakanakoak. Bat dago eta garrantzitsua da. Ni egon ez banintz Ezkurdia egotea gustatuko litzaidake, gauzak diren bezala, Joseba ondoko herrikoa da, Etxarrik eta Arbizuk harreman berezia dute, eta Josebak jokatzen duenean, ni ez banago, bere alde egiten dut. Sakana ilusionatuta dago, horrela sentiarazten naute behintzat eta pozik. Ea txapela ematen diedan oraingoan.J.O.