Amalur ARTOLA
Interview
EIDER RODRIGUEZ
IDAZLEA ETA EHU-KO IRAKASLEA

«‘Lagun izoztua’ oso autobiografikoa da, nahiz eta Sarrionandiak ez duen inoiz onartu, ezta galdetu zaionean ere»

Gustura dago Eider Rodriguez «Itsasoa da bide bakarra. Sarrionandia irakurriz» lanarekin. «Uste dut lortu dudala ur-azaleratzea gatazkari buruzko Joseba Sarrionandiaren errelato koherente bat itsas irudiak interpretatuta», ziurtatu du. «Lagun izoztua» 2001eko eleberriko itsasoei tiraka, iurretarraren testuek lerro artean gordea daramatena hitz ofizialagoetara ekartzea izan du xede Rodriguezek.

Joseba Sarrionandiaren obra osoa aztertu du Eider Rodriguezek “Itsasoa da bide bakarra. Sarrionandia irakurriz” (Utriusque Vasconiae, 2014) osatzeko. Abiapuntua, baina, “Lagun izoztua”-n (2001) dagoela dio, eleberriak dituen «azaleratu gabeko geruzak» aztertzea izan duela xede, bertan dauden itsas irudiak nondik datozen eta ze bilakaera izan duten ikertzea. «Irakurketa asko eman ditzakeen nobela da», ziurtatu du.

Sarrionandiaren unibertsotik itsas iruditeria hautatu duzu. Zer du berezi?

Bere obra guztian asko errepikatzen da. Argitaratua izan zen bere lehen liburua, “Izuen gordelekuetan barrena” (1981), itsas bidaia bat da. Ekaitzaren erdian ontzi baten mastari lotutako gizon bat agertzen da, portua agertzen da, itsasoa, ‘Bitakora kaiera’ izena du hitzaurreak... Aurreneko liburuan bertan itsas irudi asko daude eta, bere liburuetan aurrera egin ahala, irudi horiek errepikatu eta gainera irudi berriak etortzen dira bere obrara. Hor zer ikertua bazegoela iruditzen zitzaidan. Nik baino lehenago batzuek ukitu zuten gaia, Iñaki Aldekoak eta beste modu batera Aizpea Azkorbebeitiak adibidez, eta horri tiraka osatu dut nire interpretazioa.

Itsasoa militantziaren metafora izan litekeela aipatzen duzu.

Irudiak batzuetan metafora eta besteetan sinbolo dira. Sarrionandiak irudi horiek erabiltzen ditu hizkuntza edo mintzaira ofiziala ez delako nahikoa inguratzen gaituen errealitateari buruz hausnarrean jartzeko. Beraz, nik orain esaten badizut ‘bai, itsasoa militantziaren baliokide litzateke’ edo ‘marinela mili tantea da’, komatxo artean esan beharko nizuke. Batzuetan hala delako, baina besteetan bo rrokarena, mundualdiarena &bs;[bizialdia]... Baina, bai, abiapuntu egokia izan daiteke hori interpretazioan barneratzeko.

Irudiok hitz kutsatuetatik ihes egiteko tresna izan ditu, beraz?

Bai, bere obra osoan dauden hainbat esan, aipu, ideia eta hausnarketak irudi horiek libreago izateko erabili dituela pentsatzera eramaten naute. Adibidez, berak idazten du: «Ihes egin behar dugu hitzen zentzu ofizialetatik. Hitz prefabrikatuetatik eskapu egin behar dugu. Nork du boterea? Hitzen esanahia duen horrek du boterea, beraz, hori irauli egin behar da eta guk geure hitz berriak sortuz gogoeta libreagoak egin behar ditugu». Niretzat hori da ideiarik inportanteena.

Zentzu horretan, bere literatur kontzepzioan badago ni-ari buruz inoiz ez jardutearen ideia. Bere taldekoek, Pott Bandakoek, zioten ez ziotela kasurik egin behar beren niari, beraien zirkunstantzia pertsonalek ez dutelako garrantzirik eta exhibizionismo hori ez dutela gogoko.

Eta nola bereizten da Sarrionandia bere ni horretatik?

Sarrionandiaren kasuan bi gauza gertatzen dira: bere nia irakurleriarentzat bereziki erakargarria dela eta bereziki dagoela lotua idazten duen horri. Kontatzen duena ez da leihotik ikusten duena edo kontatu diotena, bere haragitan bizitako gauza asko kontatzen ditu. Orduan, zer egin ez traizionatzeko bere irizpide literario hori, zeinean ezin den hitz egin niari buruz? Itsas iruditeria horrek bere borrokaren, militantziaren, errealitate soziopolitikoaren inguruko hausnarketa ahalik eta modu libreenean egiten laguntzen dio.

Ea nork hitz egin dezakeen gaur gertatzen denari buruz ‘demokrazia’ edo ‘askatasuna’ hitzak erabilita. Hain inportanteak diren gauzei buruz hitz egiteko beste baliabide batzuk bilatu behar dira. Nola hitz egin gatazka politikoari buruz, ETAren gatazka armatuari buruz? Oso zaila da, baita politikarientzat ere. Hitz edo ideia asko ezin dira defendatu, ezin dira erabili zentzua galdu dutelako. Orduan, nola egin errelato hori? Zergatik hartu dira armak? Zergatik utzi dira? Zer egin da bidean? Non gelditu da borrokara lotzera eramandako ilusio hori? Zer bilakatu da? Non daude pertsona horiek, zer sentitzen dute, zer egin daiteke beraiekin?

Sarrionandiak bete-betean asmatzen du bere gogoeta pertsonala irakurlearekin konpartitzen. Ez du inongo momentutan esaten hau edo bestea gertatu da: «Zer gertatu da itsasoarekin eta nora doa? Zer gertatuko litzateke horrela jarraituz gero? Goazen hitz egitera», esaten du.

Erantzunak eman beharrean hausnarketak plazaratzen dituela, alegia.

Bai, hori da. Dialogoa proposatzen du bere obraren hasieratik bukaeraraino. Idazleengan asko estimatzen dut gaur egun hain demodé dagoen jarrera hori. Dena piluletan ematen zaigu eta berak hain justu elkarrizketa oso luze eta sakonak proposatzen ditu. Jende asko ez dago prest elkarrizketa mota horri heltzeko, baina beste asko bai.

Itsasoa aipatu dugu etengabe, baina itsasoa ez da bat eta bakarra Sarrionandiaren obran.

Hiru itsaso bereiztuko nituzke. Hasierako itsaso harrotu eta epikoan marinelak ontzian daude eta badakite naufragatzera doazela, baina berdin zaie; naufragiotik onik irtendako ohol zatiekin txalupa berria eraikiko dute eta berriro itsasoratuko dira. Oso grinatsua, adoretsua, traszendentala da, hor dauden marinelek sinesten dutelako badagoela egia bat eta horren bila abiatu dira. Ia indar mistiko batek eramaten ditu itsasoratzera. Gero, poliki-poliki bere obran aurrera egin ahala itsaso hori joango da baretuz, apalduz.

Itsaso adierazgarrienak, agian, «Lagun izoztua»-koak dira.

“Lagun izoztua”-n agertzen dira bere obra osoan agertzen diren itsaso horiek laburbilduta. Itsaso epiko hori iraganean kontatzen da. Gero, Hego Amerika eta Erdialdeko Amerikako itsasoak daude, bareak, misteriorik gabeak... Zati hau orainaldian kontatzen du nolabait stand by dagoen pertsona batek, ez dagoena borrokatik aparte baina ezta borrokan buru-belarri sartuta ere. Azkenik, etorkizunean kontatutako Antartikako itsaso izoztua legoke; narratzen ari dena da zer bihurtuko litzatekeen gaztaroko itsaso hori bidaia horretan jarraituz gero. Itsaso hori basatia da, zientifikoa, icerbergek bertikal bilakatzen dute, bizitza humanoa ezinezkoa da eta, agian gauzarik inportanteena da ontziko eskifaiak ezin izango diola aurre egin itsasoari: bertikaltasunak eta naturaren indarrak ez dio uzten horren txikia den ontziari aurrera egiten. Eskifaia gaixotu egiten da eta, bizirauten badute ere, nork bere bidea hartuko du. Gatazka honen errelato sakon eta delikatua egiten duela uste dut, baita dialogorako aukera ematen duena ere. Liburua 2001ekoa dela kontuan izanik, Sarrionandia garaiari aurreratu zitzaiola uste dut.

Obrak unean interesa piztu bazuen ere, gerora agian ez du espero zen oihartzunik izan...

Bai... Ez dakit buruz zenbat ale saldu ziren, baina ez zait iruditzen nobela esanguratsua bilakatu denik gurean. Eta, niretzat, bada. Euskal literaturako nobela erreferentea da, dudarik gabe.

Sarrionandiaren nia presenteen dagoen lana dela ere baieztatu izan duzu.

Dudarik gabe, “Lagun izoztua”-n bere bizitzaren parte handi bat edo bere motibazioaren narrazioa dago. Oso autobiografikoa da, nahiz eta berak ez duen inoiz onartu, ezta galdetu diotenean ere. Bere nia erakusteko pudoreak oraindik bizirik jarraitzen du berarengan, nahiz eta urteetan aurrera egin ahala pudore hori leunduz joan den. “Lagun izoztua”-n egitura oso konplikatu bat egiten du bere nia ezkutatzeko. Pertsonaia piloa sortzen ditu, aditz egoera mordoa erabiltzen ditu eta hiru planotan dago narratua, guztia pertsonaia bakar batera, Armandogana, iristeko. Arreta handiz irakurri behar da liburua horretaz jabetzeko. Armando hori idazlea da, “Lagun izoztua” izeneko nobela bat idazten ari da, erbestean bizi da eta ogia egiten du tarteka. Antz handia izan dezake gure iruditerian bere biografia izan daitekeen horrekin, ezta?

Testua bakarrik ez, azalak eta hitzaurreak ere ikertu dituzu. Zergatik dira interesgarri?

Paratestuak garrantzia berezia hartzen du Sarrionandia ez dagoelako hemen. Paratestuaren bitartez esan ditzake beste idazleok prentsaurrekoetan esaten ditugunak, pistak eman ditzake. Berak azalak, irudiak, hitzaurreak, aipuak balia ditzake, asko janzten du bere testua horrelako paratestuz eta iruditzen zait ezinbestekoa zela horiek ikertzea. Niri pista asko eman dizkidate.

 

«Ia ezinezkoa bilakatzen da bere testuaren irakurketa bat egitea bere biografia tartean sartu gabe»

Askotan eztabaidatu izan da Sarrionandiari bere biografiak kalte edo mesede egiten ote dion...

Bai... nik uste dut biak gertatzen direla. Bere liburu bat ateratzen denean espektatiba handiak sortzen dira jendearengan eta oso idazle maitatua da, ikusi besterik ez dago Durangoko Azokan sortu izan diren ilarak. Aldiz, kalte ere egiten dio. Adibidez, sariak eman izan dizkiotenean sortu diren ika-mikak ez dira txikiak izan eta esanguratsua da bere testurik espainolera itzulita ez egotea. Bakarra dago, “Ni ez naiz hemengoa”, eta Hondarribiko Hiru argitaletxeak itzuli zuen. Espainiako Sari Nazionala ere jaso duen arren ez dute itzuli, frantsesez ez dauka libururik, italieraz badu zerbait... Oso itzulpen gutxi izan ditu eta kritikak egin dizkiotenean ere bitxia da gehienek bere biografiaren zati bat aipatzen dutela ikustea: ia ezinezkoa bilakatzen da bere testuaren irakurketa bat egitea bere biografia tartean sartu gabe. Orduan, bere biografiarekiko enpatia sentitzen baduzu on egingo dio, baina antipatia sentitzen baduzu, kalte.