Edur MINTEGI
BILBO
Interview
ADOLFO AREJITA
LABAYRU FUNDAZIOAREN ZUZENDARIA

«Eskualdeen berezitasunek aberasten dute euskara batua»

Aste honetan bertan Labayru Fundazioak Hiztegi Fraseologikoa sarean jarri du. Bide Barriak egitasmoan erabat murgilduta ere badago uneotan Bizkaiko erakundea. Berak argitaratzen duen «Idatz eta Mintz» literatur aldizkariak jaso berri duen Urrezko Luma sariaz eta fundazioak eskuartean dituen erronkez ere aritu gara Adolfo Arejita Labayruko zuzendariarekin.

Zer helburu lortu nahi duzue Hiztegi Fraseologikoarekin?

Asmoa hizkuntzaren beraren barruan jauzi bat egitea da eta kalitate hobekuntza lortzea; eta saiatu gara tresna erabilgarria eta erosoa izan dadin. Tradizioz euskara gehienbat hitzetara zuzendua egon da; hitzaren adiera edo esanahia begiratzera. Hiztegi honen helburua, aldiz, zera da: hitz segidak edo esamoldeak sortutako imajinarioa berriro hizkuntzaren erabilera arruntera eramatea ahalbidetzea.

Labayru Fundazioaren ekarpena Bizkaiko kultur alorrean oparoa da, eta zeregin horretan argitalpenek paper handia jokatzen dute. Bilboko Liburu Azokan «Idatz eta Mintz» literatur aldizkariak Urrezko Luma saria jaso du. Zer-nolako balorazioa egiten duzu sariaz?

Lan xume, apal baina ondo eginaren eta luzaro iraun duenaren errekonozimendua izan da. “Idatz eta Mintz” sortu zen garaian, 1981ean, loratu ziren beste aldizkari literario batzuk, baina iraupen laburrekoak izan ziren. Aldizkariaren meritua luzaroko ibilbidea izan da, baina baita helburua bera ere. Sortzaile berriei bide bat eskaintzea, sortzaile gazteak promozionatzea. Harrobia izan dela esan ahal dugu. Gainera, hizkuntzaren kalitatea mantentzen saiatu gara, betiere idazlearen nortasuna eta estiloa errespetatuz. Eta irudi modernoz. Leopoldo Zugazaren meritua izan da hori. Berak diseinatutako irudi moderno horrek ere erakargarri bihurtu du aldizkaria.

Gaur egun Labayru Fundazioa Bide Barriak izeneko egitasmoan murgilduta dago...

Funtsean, Labayru sortu zenean euskal kulturaren ikerkuntza eta gizarteratzea esku gutxitan zegoen, unibertsitateak beraiek ere hasiberriak ziren euskal ikaskuntzari dagokionez. Gaur egun gizartea erabat aldatu da; hor ditugu euskarazko irakaskuntza, euskarazko komunikabideak, ikerkuntza, sareak, eta abar. Beraz, gogoeta egin behar genuen gure paperaz. Espezifikoak ditugun arlo batzuei eutsiko diegu eta ez gara sartuko ur sakonetan guk landu gabeko arloetan. Gainera, gure helburua da asmatzea nola sortu zubiak edo lokarri berriak gizartearekin bat egiteko. Labayru Fundazioa bete-betean sartu da gizarte sareetan eta teknologia berrietan. Horiek dira bide berriak. Baina, aldi berean, bide zaharrak jorratuko ditugu. Hau da, helburua da lana ondo egitea, elaboratzen jakitea; ez eskaintzea gure kulturari dagozkion gauzak gordinean, baizik eta borobiltzea, eta erreketako harri biribilen moduan, leundurik ematea.

Eta bide berri horietan pertsonak funtsezkoak dira. Lehen eta orain ere kezka eta sentsibilitatea izan du Labayru Fundazioak jende gazteari promozio bideak eskaintzeko; euskaraz eta euskal kultur arloan prestakuntza on bat ematea lehiakide ona izan dadin. Baita Labayru Fundazioaren dinamikaren barruan ere. Gure erronketariko bat da etengabe jendea prestatzea eta ardura desberdinetan txertatzea, erakundea indarberritzea. Ez da ahaztu behar administrazioan, irakaskuntzan, komunikabideetan, literatur sorkuntzan jende asko prestatu dugula; hauspoa izan gara horretan.

«Ez dakigunetik dakigunera» orduko leloaz –hau da, euskara transmisioa bizkaieratik abiatzea–, nolako irakurketa egin daiteke 2015eko talaiatik?

Bide hori hartu zen garaian ikuspegi humanista nagusi zen kultur sortzaile eta eragileengan. Hau da, “pertsona da lehenengo, eta pertsona horretatik abiatu behar gara”. Hizkuntza kontuetan beste lehentasun bat zen, gehienbat batasun aldetik, hizkuntza ahula geneukalako. Hizkuntza estandarra –euskara batua– izateko gizartearen uholdea zen, eta estandar horretan %100ean sartu beharra zegoen. Baina geure euskaldunak –sartaldekoak– estandar horretatik nahiko urrun zeuden; morfologian, lexikoan... bazegoen distantzia. Eta, gainera, geu ere ez ginen akademia, baizik eta hiztunak hizkuntza aldetik promozionatzea bilatu nahi zuen erakundea. Urte zailak izan ziren. Gero euskara legeztatu ostean eta legeztatze hori aurrera joan den heinean, hizkuntza aldetik profesional onak sortu behar izan dira. Gaur egun, 40 edo 50 urte inguruko profesional asko eskertuta daude euren euskaraz harro daudelako. Sartaldean konplexu handia egon da, eta zentzu horretan Labayru Fundazioa zein beste erakunde batzuen bidea terapeutikoa izan dela esan ahal dugu.

Dagokion lekua al dauka bizkaierak?

Bizkaierak funtzio ona betetzen du, hiztunen erregistroaren eta euskara batu arautuaren artean zubi-lan osasungarria egiten duelako. Eta, gainera, bizkaieraz mintzo den (sartaldeko) euskalduna euskara batu hobea izateko baldintzetan dago; esate baterako, bizkaierazko tradizio idatzia (Kresala, Kirikiño, Lauxaketa-eta) irakurri duena. Berea landuz egiten duenak euskara batuari gehiago eskaintzen dio, batua aberasten du. Nafar, gipuzkoar, ipartar... eskualde diferenteetako jendearen berezitasunek aberasten dute euskara batua, dudarik gabe. Bizkaiera idatziak zenbaterainoko lekua behar duen ez nau kezkatzen, baina, ahozko mailan, bai. Inportantea da, adibidez, irratian bizkaiera entzutea. Horrek aktibatzen ditu hiztunak.