Ariane KAMIO
BILBO

«Poesia ezin da kabitu», segun eta nola begiratzen zaion

«Poesia ezin da kabitu». Lelo horixe izango dute aurten ardatz Eako Poesia Egunek, uztailaren 17tik 19ra doan asteburuan. Urteko uzta poetikoaren erakusleiho izango da beste behin ere, hamabigarrenez, Bizkaiko itsasaldeari begira jarrita dagoen herria. Moila, Eskolapea edo Bedarona sortzaileen gune bihurtuko dira, letrez harago, euskal kulturaren bueltan dabilen ororen topagune baita egun Eako hitzordua. Non kabitua eta non egona badu poesiak hiru egunez.

Asun Landak esana. «Poesia isuri egiten den zerbait da, ezin dena lotu; ez dago ezeren menpe edo zerbitzura, baizik eta librea da, loturarik gabekoa zentzu horretan; bakoitzaren barnean eztanda egiten duen zerbait, hartara, kabiezina, askea. Ean bertan ere ez dugu poesiaren monopolio izan nahi, ez dugu poesia abarkatu nahi, ez da kabitzen gurean ere, nahiz eta guk poesia erakarri nahi». Horixe da “Poesia ezin da kabitu” leloak Landari iradokitzen diona. Hamabigarrenez dabil antolatzaile lanetan, Castillo Suarez eta beste hainbatekin batera, bere sorterrian, euskal poesiagintzak urtean eman duenaren bilketan. «Ezin ditugu idazle guztiak gonbidatu, kultur talde txikia gara, baina erakusleiho txiki bat sortzeko ahalegina egiten dugu», aipatu du.

Markak

Hamabigarren aldiari eutsiko diote uztailaren 17tik 19ra Eako Poesia Egunek. Hamarkada bat baino gehiago poesiaren emariaren edanean. Bidean aldaketak ere nabari izan ditu Landak, ez antolakuntzak nahita ezarriak, ibilian naturalki sortutakoak baizik. Urteko poetak ekartzea edo erakusleiho bihurtzea da horietako bat. Ea naturaz inguraturik izaki, baliabide horiek eskaintzen dituzten agertokiak erabiltzen ere saiatu dira. Urtero emakume poeta bat gonbidatzen dute –«aurten ez dugu lortu»–. Emakumeen presentzia areagotzen joan da, eta «ohartu gara Euskal Herri osoko poetak eta sortzaileak ere konstante bat izan direla urte hauetan guztietan». Hortxe markak.

Azpimarran jarri ditu aurtengo bi hitzordu: Jose Luis Otamendiren “Kapital publikoa” lanaren irakurraldia (uztailak 18, 13.00etan, Portusolon) eta Itxaro Bordaren “Kafkaren aulkia”, Andoni Egaña eta Uxue Alberdirekin eta Pello Ramirezek girotuta (19.30ean, Eskolondon).

Hitzak hitz, hitzaldien mamiaz ere jardun du. Aurten ere hiru eskaintza, hiru emakumeren eskutik –«hala suertatu da»–. 17an, 19.30ean, Eskolondon, Itziar Aizpuru Joxe Azurmendiz eta 60ko poesiaren eraberritzeaz. Biharamunean, 11.00etan leku berean, Maialen Lujanbio, bertsolaritzaren eta poesiaren arteko zubiaz. Azken mintzaldia 19an, igandez, Miren Agur Meaberena (11.00, Eskolondo). “Nire arestiar lauburuak”, Gabriel Arestik idazlearengan utzitako arrastoaz.

 

Letren norabidea musika eta antzerkirantz

Aurtengo egitarauak, ohi legez, musika eta antzerkigintza ere izango ditu jomugan. Lehenengo egunean, 22.30ean, Eskolondon, Miguel Hernandezen poesia kantatuak izango dira, Josu Landarekin. Ordubete geroago, Eskolapean, Nora Gaintza taldearekin.

Larunbaterako, ITU Bandaren performancea (16.30, Bedarona) eta Metrokoadroka sormen laborategiaren “Su izan nahi” (22.30, Eskolondo). Leku berean, Anarik “Zure aurrekari penalak” diskoa aurkeztuko du zuzenean, banda osoarekin eskainiko duen kontzertuan (23.30).

Igandean, Miren Agur Meaberen hitzaldiaren ondoren, errezitaldia eskainiko da Antonio Casado da Rocha, Tere Irastortza, Mikel Antza eta Joan Mari Irigoienen poemekin (12.15, moilan, Beñat Barandiaranek musikatuta). Poesia egunak ixten “#Erractus”, 17.00etan Natxituan, Jule Goikoetxea, Kattalin Miner eta Danele Sarriugarterekin. A.K.