Jon GARMENDIA / Koldo OTAMENDI
EHZ FESTIBALA

Hogei urte gibelean utzita urtero sortzen jarraitzeko bidean

Sorkuntza gehiagorekin itzultzeko, agur erran du aurtengo EHZ jaialdiak. Irudiz jositako hogei urte utzi ditu gibelean, izan antolatzaileenak, laguntzaileenak, edo parte hartzaileenak. Oso balorazio ona egin du elkarteak.

Pauline Guelle EHZ elkarteko lehendakaria biziki kontent ageri zen aurtengo jaialdiaren bilana egiterako orduan. GARAri eskainitako hitzekin «poza» adierazi nahi izan zuen.

Pauen sortuagatik euskaraz erraztasunez ari den lehendakari gazteak etorkizunari «itxaropentsu» behatzen diotela adierazi zuen lehenik eta behin, «uste dut aurtengo jaialdia biziki ederra izan dela, nik inpresio hori daukat behintzat. Gunea egokitu genuen, eta deskubrimenduei bide eman genion, honela, erran nezake giro desberdin bat atzeman duela bai laguntzaileak eta baita publikoak ere, eta jakin behar da guk bi horiei plazer ematea dugula helburu. Sorkuntzari lekua eman nahi genion, eta euskal kulturari ere bai, bertako gauzei, eta uste dut harri ttipi bat ezarri dugula lehengo harrien gainean, heldu den urteetan harri gehiago ezartzeko asmoz gaudelarik».

Garroko gazteluaren aitzinean izan da festa gunea, eta haren barnean eztabaidagunea. «Biziki jendetsuak izan dira konferentziak, jendeak parte hartu du, eta gero Garroko gazteluari beha gozatu ditu kontzertuak publikoak, pozik gara harrerarekin, oro har emaitzarekin». Lekorneko auzapeza den Lucien Betbederrek ere «urteroko poza» zeukala adierazi zigun, «arazorik ez da izan batere, eta gainera erakutsi da eskola bat dela EHZ, laguntzeko, parte hartzeko, ongi izaten ikasteko».

Urtero bezala, Laborantza Ganberaren zikiro bazkaria burutu zen eguerdian karpa azpian. Ondoren, azken urteetan bezala, Kantaldiaren tartea izan zen oholtza nagusian, aurten inoiz baino rockeroagoa. Anje Duhalde, Petti, Aguxtin Alkhat, eta Maialen Errotabehere beraien taldeekin aritu ziren, emanaldiaren zenbait pasartetan, abeslari guztiak batera aritu zirelarik, momentu magikoak sortuz. Festibala Jim Joanes and the Righteous Band taldearekin amaitu zen gauerdi aldera.

 

Bertako taldeak protagonista

Larunbat gauean, Euskal Herriko taldeek agertokian aldarrikatu zuten nazioarteko taldeekin batera ari daitezkeela inolako lotsarik gabe. Gurean indartsu diren lau musika proposamen agertu ziren, eta bakoitza bere eremuan erreferentzia da. Skakeitan-ek badu zerbait berezia. Urteotan indarra hartu duten «ska» talde horietako beste bat izan liteke lehen bistadizoan, baina hori baino gehiago da. Bere musika unibertsoa askoz zabalagoa da. Gaztetasuna eta giro ona transmititzen dute, eta ikusleek nabaritzen dute hori. EHZk bezala, Berri Txarrak-ek ere hogei urte bete ditu. Ilusioari jarraika zebilen gazte taldea izatetik, mundu mailan duin ari den hiruko banda arriskutsua izatera iritsi da. Ohikoa baino emanaldi laburragoa eskaini zuten, baina kantu zerrenda indartsua hautatu zuten. “Etsia” kantarekin abiatu zuten emanaldia, eta azken txanpan, “Oihu”, “Denak ez du balio” eta “Lemak, aingurak” jo zituzten. Joseba B. Lenoir Gang-en emanaldia ederra izan zen. Joseba Baleztenak bakarka hasitako egitasmoa banda bilakatu da. Benetakoa. Gitarrek agintzen dute, base erritmikoaren baimenarekin, batzuetan giro poperoetara bideratuz, “Erraietatik erran” bezalako kantu ederrez, eta besteetan, distortsio eta elektrizitatean sakonduz, “Itsu eta biluzik”-en gisa. Anestesiak, ohiko moduz, intro instrumentalarekin abiatu zuen emanaldia, 60 minutu beranduago agur esateko, nola ez, “Agur” kantarekin. Tartean, klasiko piloa eta “Zirkulutik espiralera” disko berriko lau-bost kanta. Kantu berrien alde egin zuten, “Zaborra gara”, “Korapiloak” edo “Maite zaitut, hil nazazu” bezalako kantuekin. Aurrealdean aspaldian ikusitako «pogo» basatiena ikusteko aukera izan genuen, taldeak eskainitako indarrari erantzunez. K.O.