Asier AIESTARAN
Pelota

Debutarien zailtasunak agerian berriz ere

Victor, Irribarria eta Elezkano, azken hau bere bigarren parte hartzean, lehen partidan kanporatu dituzte.

Gauza jakina da, eta askotan errepikatzen dena, edozein kiroletan bigarren mailatik lehen mailara dagoen jauzia handia izaten dela. Noski, pilota ere ez da salbuespena, eta urtea joan urtea etorri argi geratzen da onenekin batera jokatzeko dohain bereziak, apartak, behar direla. Asteburuan jokatutako Lau eta Erdiko Txapelketaren lehen kanporaketa izan da berriz ere esandakoaren adibide argia.

Victor eta Irribarria ziren lehendabiziko jardunaldian kaiolako lehiaketa nagusian jokatzen zuten bi debutariak, eta, aurkariei lanak eman arren, biak kaleratuan geratu dira. Errioxarrak 22-20 galdu zuen ostiralean Ion Jaunarenaren aurka Arnedon, eta, Aramako gaztea, berriz 22-21 izan zen galtzaile larunbatean Tolosako Beotibarren Mikel Olaetxearen kontra.

Lehen kanporaketako beste berrikuntza nagusia Danel Elezkanorena zen. 2013an neurketa bat irabaztea lortu zuen bizkaitarrak, 22-8 Olaetxearen kontra, baina, lesio baten erruz iazko txapelketa galdu ostean, bere itzuleran ezin izan zuen Aritz Lasaren aurka garaipenik lortu: 22-20 galdu zuen Zallan.

Aipatutako hiru pilotariok ondo baino hobeto erakusten dute urte batetik bestera estatusa aldatzea zein zaila den. Ikusi besterik ez dago bigarren mailako txapeldunek urtero lehen mailan neurketaren bat irabazteko zer zailtasun izaten dituzten: Lemunok, 2013ko zilarrezko txapeldunak, 2014an ez zuen aurre-kanporaketa bera ere gainditu; Jaunarena, 2012ko irabazlea, bi aldiz geratu da lehen partidan kalean eta aurten irabazi du bere aurreneko norgehiagoka maila nagusian; Mendizabal III.ak eta Idoatek ere, 2011ko eta 2010eko txapeldunek, ez zuten lehen kanporaketarik gainditu aurreneko part hartzean.

Arau hori apurtzen duen aurrekari bat aurkitzeko 2009ra arte joan beharra dago. Orduan, Mikel Urrutikoetxeak irabazi zuen bigarren mailako txapela, eta Zaratamokoak lan ederra egin zuen lehen mailako bere estreinaldian: final laurdenetara iritsi zen Aitor Zubieta (22-12) eta Iñigo Diaz (22-21) kanpoan utzita –Sebas Gonzalezek kaleratu zuen azkenean (22-9)–.

Artola eta Altuna dira itxaropena

Aurten, ordea, iaz bigarren mailako finala jokatu zuten bi pilotariak bigarren jardunaldian sartuko dira lehian, datorren asteburuan alegia. Iñaki Artolak, final hura aise irabazi zuen alegiarrak (22-8), ostiralean egingo du debuta Olaetxearen kontra Tolosan –material aukeraketa bihar da. 11.30ean–; Jokin Altunak, aldiz, final hartatik erakutsi duen hazkundea baieztatu nahiko du igandean Lekunberrin, Lasaren kontra –hautaketa ostegunean izango da, 11.30ean–.

Itxaropen handia dago jarrita bi pilotariok etorkizunean egin dezaketen bidean –egiten ari dira jada–, baina ikusi egin beharko da lehen urtetik bertatik hasten diren itxaropen horiek betetzen edota beste askok bezala urte batzuk beharko dituzten goi mailan egonkortzeko. Aurrean izango dituzten aurkariak, gipuzkoarrak biak, ez dira edonolakoak eta igandean Zallan Aritz Lasak aipatzen zuen moduan, «aurten guk gurea egiten saiatu behar dugu, ea gazte hauen gorakada datorren urtera behintzat atzeratzea lortzen dugun».

Beste bi kanporaketei dagokionez, Xala eta Ezkurdia bihar bilduko dira Biarritzeko Plaza Berri pilotalekuan materiala hautatzeko, 16.00etatik aurrera; Julen Retegi eta Jaunarenak, aldiz, larunbat goizean egingo dute pilota aukeraketa, Bartzelonako Vall d’Hebron pilotalekuan jokatzen baitute.

Akatsa

Atzoko egunkarian Aritz Lasa final-laurdenetara sailkatu zela ipini genuen titularrean, baina final-zortzirenetan sartu da, testuan eta koadroan ipini bezala.