Amalur ARTOLA
DONOSTIA

Simon Arrieta, ororen gainetik Bergarako erretratu egilea

Parisen eta Madrilen egonaldiak egin bazituen ere, herriminak Bergarara eramaten zuen beti Simon Arrieta (1915-1969). Erretratu egile gisa fama eskuratuta, herri gipuzkoarreko lehen pintore eskola sortu zuen eta bere zaletasuna sustatzen lan handia egin zuen. Erakusketa eta liburu banarekin eskertu nahi izan dio orain ahalegina Bergarako herriak.

36ko Gerrak, espetxeak, langile batailoiek eta diktadura frankistak markatu zituzten Simon Arrieta (1915-1969) bergararraren zertzeladak. Bere margoketa moldea heldutasunera iritsi zenean hil zen, 54 urte besterik ez zituela, baina bidean utzi zituen dozenaka erakusketa, inoiz margolari preziatua izanaren merezimendua eta, batez ere, bere herrikideen memoriaren habian beste ezerk betetzerik ez duen txokoa: bera izan zen Gipuzkoako herrian pinturarekiko zaletasuna piztu eta sustatu izanaren eragile nagusia.

Hala oroitzen dute Bergaran, ororen gainetik bere herria eta herrikideak maitatu zituen eta pinturarekiko zaletasuna sustraitzen asmatu zuen gizon gisa, eta haren izate eta emaria eskertzeko, Arrietaren jaiotzaren mendeurren ospakizunak bi ekimenekin amaitu nahi ditu BEART Bergarako Artisten Elkarteak. Batetik, gaurtik aurrera pintore bergararrak 30eko eta 60ko hamarkaden artean margotutako 28 olio eta 3 marrazki erakutsiko dira Donostiako Koldo Mitxelena kulturguneko Ganbara aretoan. Erakusketan Arrietaren estiloa ezagutzeaz gain, egindako erakusketen katalogoak, bere lehen paletak, erabilitako azken pintura kaxa eta margotzeko lanabesak ikusi ahalko dira; gerora, azaroaren 20tik aurrera, erakusketa Bergarako Aroztegian ere egongo da.

Arrietaren oroimena eta ondarea biltzeko saiakera da bigarren ekimena. “Simon Arrieta, 1915-1969” izenpean, margolariaren obren katalogoa biltzeaz gain, haren biografia eta ezagutu izan zutenek Arrietaz dituzten oroitzapenak ere bildu ditu Miguel Angel Elkoroberezibarrek. «Obra koral bat izan da, ia 60 lagun elkarrizketatu ditut eta testigantza eta anekdota mordoa bildu ditugu. Gainera, pinturak utziz, argazki zaharrak, dokumentazioa... proiektuan ia 300 pertsonak hartu du parte eta horrek agerian uzten du herriak maite zuela Simon, Simonek herria maite zuen bezain beste», ziurtatu zuen atzo egileak berak Donostian.

Bizitza eta obra

Eustakio Agirreolearen eskutik murgildu zen margoketan Arrieta eta, 16-17 urte zituela, Madrilgo Prado museoan koadroen kopiak egiten jardun zen. Valentin Zubiaurrerekin ikasketak burututa, Ignazio Zuloaga ezagutu eta haren ikasle izan zen. «Batzuek diote haren ikasle maiteena izan zela; haren estudioan elkarlanean aritu ziren», azaldu zuen Elkoroberezibarrek. Madril eta Paris artean ibili ostean, 36ko Gerrak harrapatu eta langile batailoietan preso eduki zuten. «Gerrak bere bizitza eten zuen, baina orduan ere ez zion margotzeari utzi», nabarmendu zuen Elkoroberezibarrek. Erakusketan, 1938an Iruñeko kartzelan zegoela egindako koadro bat ikus daiteke.

50eko hamarkadan, familia osoarekin Madrila abiatu zen Arrieta, laburra bezain emankorra izango zen egonaldia egitera: «Hiru urte besterik ez zituen iraun, baina produkzio handiko urteak izan ziren. Aristokrata denek berak erretrata zitzala nahi zuten, baina ez zuen jasan eta sorterrira itzuli zen. Herrimin izugarria zuen, lagunekin mus partidak, ehiza, arrantza... Goizean traje bat eta iluntzean bestea ipintzea ez zela berarentzat bizitza esan ohi zuen».

Bergarako pintore eskola sortu zuen orduan eta, haren ikasle izandako Luis Lascurainen hitzetan, «margotzen erakusteaz gain margotzen irakasten ere irakatsi zigun; ez zigun, gainera, sekula nola margotu behar genuen esaten, pintzela hartu eta hark egiten zuena interpreta genezan bideratu zuen». Bere izaerari buruz, Elkoroberezibarrek Arrieta «oso pertsona anarkikoa» zela esan zuen, «bohemio hutsa, inkonformista eta elektrikoa, dinamita hutsa. Hala ere, bando guztiekin adiskidetzen jakin zuen, gizon umila zen».

Erakusketan ikus daitekeenez, estilo figuratiboa landu zuen, erretratua nagusiki –erakusketan Frantzisko Zubiaurre Kiriko eta Jose Antonio Agirre lehendakariaren erretratu bana ikus daitezke– eta, Zuloaga eta Artetaren eraginez neokubismorako eta inpresionismorako saiakera batzuk egin bazituen ere, Arrietak pintura figuratiboari eutsi zion. Hala ere, paisaiak eta natura hilak ere landu zituen, «baina horiek beste ezer ez zuenean margotzen zituen», ziurtatu zuen Lascurainek.

Heldutasun artistikoa eskuratzean arteaz bizitzea omen zuen buruan, «eta hori 60 urterekin helduko zitzaiola esaten zuen». Aldiz, heriotzak 54 urte eskasekin harrapatu zuen.