Jon LEUNDA

Urtzi Telleriak orain arteko txapelik distiratsuena lortu du

Urtzi Telleriak sekulako balentria egin zuen Amezketan, Albizuri Handia Txapelketan. Aimar Irigoien eta Jokin Eizmendi hartu zituen mendean, eta orain arte lortu duen garaipenik handiena eta distiratsuena eskuratu zuen. Ezustea izan zen, baita beretzat ere, baina txapela etxean dauka.

Urtzi Telleria pozez gainezka dago. Ia bi aste pasatu dira Amezketan Albizuri Handia Txapelketa irabazi zuenetik. Ezuste handia izan zen denentzat, baita berarentzat ere, baina garaipen honek garrantzi handia dauka. Alde batetik, lehiaketak berak duen izena dago. Garai bateko harri zail horietakoa da, ospe handia lortu duena, eta, bestetik, hantxe aritu ziren lanean Aimar Irigoien eta Jokin Eizmendi, irabazteko faborito nagusiak.

«Ez nuen inondik inora irabaziko nuenik uste. Udan hiru hilabete geldirik egon behar izan dut min hartuta, eta irailean hasi nintzen hau prestatzen. Txapelketa hau azkenekoz jokatu zenean bost jasoaldi eman nizkion, eta marka hori hobetzeko asmoz joan nintzen. Hasteko, jasoaldi bat lortu nahi nuen, eta horren arabera aurrera egin, baina dena primeran atera zitzaidan», dio Urtzik.

Ustekabekoak, ordea, bata bestearen atzetik gertatu ziren. Aimar Irigoien tartean bada, bera da irabazteko faborito nagusia. Berak huts egin zuen, aldiz. Atzetik zen Eizmendi, eta orduan bera jotzen zuten faborito, baina zarauztarrak ere huts egin zuen. «Nire atzetik jardun zuten biek lanean. Ni Aimar animatzen aritu nintzen, baina ez zuen bere lana egin. Sei jasoaldi lortu zituen, nik adina, eta orduan banekien bere aurretik nintzela, kirol honetan berdinketa bada kirolarien pisua hartzen delako kontuan, eta ni bera baino arinagoa naiz», kontatu du gipuzkoarrak.

Berak garbi zuen, ordea, behin Irigoienek huts eginda, Eizmendik irabaziko zuela. «Ez nuen zalantzarik, eta uste dut beraiek ere ezetz. Berak ere ez zuen bere lana egin, eta bederatzigarren minutua bete zenean, saioa amaitzeko minutu bat falta zela, konturatu nintzen txapela nirea zela», erantsi du.

Aimar eta Urtzi lagun handiak dira, elkarrekin entrenatzen dira biak, Telleria I.a, Urtziren aita, gidari dutela. Errezildarrak egun txarra izan zuela dio urnietarrak. «Albizuri Handia harri zaila da. Besoak indarrik gabe geratu zitzaizkiola esan zidan Aimarrek, hilda bezala, eta ezin izan zuela», dio Urtzik. Bera Aimar animatzen jardun zen bezalaxe, Irigoien ere bere garaipenarekin poztu zela dio Urtzik. «Lagunak gara, elkarrekin ari gara entrenatzen eta, berak irabazi ezean, berak ere nahiago zuen nik irabaztea», esan du.

Albizuri Handia ospetsua da, harri zaila delako, edo antzina lehen aldiz jasotzea asko kostatu zelako, ez dakigu, baina xarma berezia duen harria da Albizuri Handia. Txapelketa hau gainera ez da urtero egiten, noizean behin baizik, eta horrek berak ere xarma areagotu egiten du. Zaleak ere lehiaketa hau ikusteko gogoz egoten dira.

Harri zaila dela onartzen du Urtzi Telleriak. «Harri oso zaila da. Alde batetik, 166 kilo pisatzen ditu; beraz, astuna da, eta, bestetik, entrenatzeko garaian ez daukazu inongo erreferentziarik. Ez dizu beste harri traketsen batek balio erreferentzia bezala; oso berezia da. Entrenamenduak gutxi gorabehera egin behar dira», aitortu du Urtzik.

Igeldo Harria da beste harri traketsetan ospetsuenetakoa, baina horrekin ere zerikusirik ez duela dio urnietarrak. «Oso ezberdina da. Hura jasotzeko ere errazagoa da, eta, lehiaketa urtero egiten denez, erreferentzia hartzeko ere errazagoa da. Albizuri Handia da ezagutzen dudanen artean berezienetakoa», gaineratu du.

Beraz, Amezketan garaipena lortzeak berebiziko balioa dauka, eta Telleriak irabazi duen lehiaketarik garrantzitsuena dela ere onartu zuen. «Nik irabazi dudanen artean txapelik garrantzitsuena izan da. Alde batetik, ikusita nirekin zeintzuk aritu ziren lanean, kontuan hartu behar da haien aurretik geratzea bakarrik ere ikaragarria dela. Bestetik, lehiaketa bera, honek duen izena, ospea eta den harria kontuan hartuta. Bestalde, ikusi behar da lehiaketa hau zeintzuek irabazi duten ere. Izen handi horien artean nirea agertzea sekulakoa da. Orain arte ez nuen horrelakorik egin», dio Telleriak.

 

Indarra

Aurrera jarraitzeko sekulako indarra eman omen dio garaipen honek. «Bestela ere gustura nenbilen harriak jasotzen, baina honelako garaipenak ongi etortzen dira. Balio handia daukate eta aurrera egiteko ikaragarrizko indarra ematen dute. Ilusio handiarekin ari naiz lanean».

Hurrengo erronka Egur Sport enpresa antolatzen ari den lehiaketa berria izango da, eta harako ere ilusio handiarekin ari da. «Harri-jasotzaile bakoitzak berak pisatzen duen bikoitza pisatzen duten harriekin aritu behar dugu, eta harako ari naiz prestatzen. Lehiaketa zaila da, harri astunak erabili beharko ditugu, baina gogoz nago», esan du. Entrenatzaile bila ere ez du urrutira joan behar izan, bere aita baita horretan ari dena, bera ere harri-jasotzailea izandakoa. «Ni aitarekin oso gustura ari naiz. Berak asko daki, ikaragarri erakusten du eta ez nuke hoberik topatuko. Asko zor diot berari», aitortu du Urtzi Telleriak.

Harri-jasotzearen etorkizuna ere nahiko ona ikusten du urnietarrak. «30 urteren bueltan gauden harri-jasotzaile mordo bat gaude hor, eta oraindik urte batzuk geratzen zaizkigu lantegi honetan ibiltzeko. Atzetik ere onak badatoz. Nire anaia gaztea ere oso ongi dabil. Gero, Ostolatza eta Izeta II.aren eskoletatik harri-jasotzaile gazte oso onak ari dira ateratzen, eta uste dut beste urte batzuetarako kirol honek ez daukala inongo arriskurik», iragarri du.

Telleriatarren etxean harri-jasotzea da kirol nagusia. Aita horretan aritu zen, eta orain hiru anaia ere horretan ari dira, nahiz eta erdikoa ez den asko jarduten. Maila onekoak dira denak, eta Amezketan lortutakoak indarra ere eman dio. Ez da ahaztu behar, gainera, Telleria zela lehiaketa horretan aritu zen kirolaririk arinena, kilorik gutxien pisatzen zituena, alegia, eta horrek berak ere sekulako meritua dauka. Orain gozatzeko unea da, egindakoaz harro egotekoa, gutxi baitira Albizuri Handia irabazi dutenen klubean daudenak, eta horietako bat da bera. Lehendik ere marka oso onak egindakoa baldin bazen, honekin oso gora jo du, baina oraindik gaztea da, eta urnietarrari gailurra jotzeko oraindik puska bat geratzen zaio.