Jon LEUNDA
Interview
PEIO LARRALDE
BEREZKOEN BURUZ BURUKO TXAPELDUNA

«Lan handia egin dut nagoen lekura iristeko, eta orain fruituak jasotzen ari naiz»

22 urterekin, denboraldi bikaina gauzatzen ari da Peio Larralde. Igandean, Baionako Modernen, Berezkoen Buruz Burukoa irabazi zuen, eta abenduaren bukaeran, Superprestigioa. Aurrelari bikaina da, Ducassourekin batera, egun dagoen onena. Aurrelari fina, teknikoa, artistatzat daukate adituek.

Peio Larraldek 22 urte baino ez ditu, baina azkeneko hilabete eta erdian eskuz bakarka trinketean jokatzen diren bi lehiaketarik garrantzitsuenak irabazi ditu. Joan den abenduan Suerprestigioa eraman zuen, eta igandean Buruz Burukoa irabazi zuen. Bietan Ducassou hartu du mendean.

 

Igandekoa izan da zure kirol bizitzako egunik handiena?

Dudarik gabe. Berezkoetako txapelik garrantzitsuena Buruz Burukoa da, eta hori irabaztea ikaragarria da. 22 urte ditut oraindik, eta jadanik txapelduna naiz. Egun garrantzitsua izan zen, bizitza osoan gogoan izango dudan horietakoa.

 

Trinketeko esku pilota profesionalean bakarka jokatzen diren bi txapelketa garrantzitsuenak irabazi dituzu hilabete eta erdian. Hori ez da kasualitatea, ezta?

Ez dut uste. Banekien biak irabazteko aukerak izango nituela, baina aldi berean garbi neukan ez zela erraza izango. Behin Superprestigioa irabazita, honi begira jarri nintzen, asko entrenatu naiz, lan handia egin dut, eta azkenean jaso ditut fruituak.

 

Bietan Ducassou izan duzu aurrean, eta bietan dirua zure aurka atera da nabarmen. Superprestigioa irabazita ere, ez al diezu zaleei konfiantzarik eman?

Ez dirudi. Superprestigioko finalean oso nabarmen atera zen faborito Ducassou. Agian, hori normala da, baina nik irabazi nuen. Igandeko finalerako ere errepikatu egin zen. Denek bera jartzen zuten faborito, baina banekien nik ere izango nituela irabazteko aukerak, eta lortu nuen. Ea hurrengo urterako zaleek nigan itxaropen handiagoa izaten duten.

 

Azkeneko urteak, eta zuen adina ikusita, badirudi zure eta Ducassouren arteko finala askotan errepika litekeela. Ez al daukazue jendea aspertuko ote den kezkarik?

Beti ematen du horrek nolabaiteko kezka. Egia da Ducassou eta ni oso gazteak garela, eta gauzak ongi joaten bazaizkigu, final gehiago ere elkarren aurka jokatzeko aukera izan dezakegula, baina nik uste dut orain bezala lanean eta gure maila hobetzen jarraitzen badugu, partida ederrak eskaintzeko modua izan dezakegula, eta finalak onak direnean, jendeari berdin zaio pilotariak zeintzuk diren.

 

Ducassouk, Bilbaok, Ospitalek eta zuk poza eta itxaropena ekarri dizkiozue pilotazaleei. Hori poza edo ardura da gehiago?

Bietatik esango nuke. Laurak 25 urtetik beherakoak gara, eta urtarriletik Gixandut ere berezkoetan da, gure adinekoa hura ere eta maila ikaragarrikoa. Gazte jendea sartu gara berezkoetan, maila ona ari gara ematen, eta jendeak gugan itxaropen handiak jarri ditu. Hori ardura bat da, baina gero ikusten dituzu harmailak beteta, eta hori poz handia da. Buruz Burukoan trinket guztiak beteta egon dira, batzuetan sarrerak ere agortu dira, eta gazte ainitz ikusten zen partidak ikusten.

 

Aipaturiko bostak izango zarete hamarkada honetako erregeak?

Nahiko genuke, baina uste dut une honetan atzetik datozenak ere indartsu datozela. Une honetan, junior mailan, nire anaia gaztea eta Etxeberri, eta beste bi edo hiru pilotari oso onak badaude. Oraindik 17 edo 18 urte dituzte, baina daramaten bidea ikusita beste bi edo hiru urtean berezkoetan egon daitezkeela pentsatzen dut, eta guk ere haiekin borrokan ibili nahi badugu, lana gogotik egin beharko dugu. Oraindik badaude berezkoetan ere beste batzuk, nahiz eta gu baino urte gehiago izan, oso maila handia dutenak ere.

 

Frontoiak erakartzen al zaitu?

Pilota modalitate guztiak gustatzen zaizkit, baina egia esan behar badut, frontoiko esku pilota ez dut inoiz probatu, eta egia esan nolakoa den ikusteko probatuko nuke, baina nire helburua eta nahia trinketea da, besterik ez. Jende askok uste du bai batean jokatu bai bestean aritzea gauza bera dela, baina trinketea eta frontoia oso ezberdinak dira; jokatzeko lekua, era, materiala, dena aldatzen da. Ni orain trinketean buru-belarri nabil, eta horretantxe jarraituko dut.