Jon LEUNDA
Interview
JON IRAZUSTABARRENA
REAL UNION TALDEKO ATEZAINA

«Seguru nago Bigarren Mailarako igoera fasea jokatuko dugula»

Gipuzkoako hiru talde nagusienetan aritu da Jon Irazustabarrena «Txusta». Realean hazi eta hezi zen, gero Beasainen eta Lagun Onaken aritu zen, Eibarrera joateko, eta eibartarrekin Lehen Mailara igotzeko. Orain Real Unionen ari da jokatzen, eta denboraldi bikaina egiten ari da gainera. Errematea Bigarren Mailara igotzea izango litzateke. Igoera fasea, behintzat, jokatu nahi luke.

Konfiantza berreskuratu du Txustak. Aurreko urteetan Eibar taldean ia ez du jokatu, nahiz eta sekulan ahaztuko ez dituen urteak izan direla esaten duen behin eta berriz, Lehen Mailara igotzea lortu baitzuen, eta urte oso onak izan zirela garbi utzi nahi du. Hala ere, berriro igandero jokatu nahi zuen, eta aukera hori Irunen topatu du. Real Unionekin Bigarren Mailara igotzeko helburua dauka, gutxienez igoera fasea jokatu nahi du, eta horretan saiatuko dira azkeneko bi jardunaldietan.

 

Azkeneko emaitzek bidea okertu egin dizuete, ezta?

Bai, lortutako emaitzak ez dira onak izan, eta lehen tarte bat baldin bageneukan, orain ia harrapatu egin gaituzte. Hala ere, bi jardunaldi geratzen dira amaitzeko eta dena gure esku daukagu. Oraindik puntu bat kentzen diogu bosgarrenari, eta seguru nago gure atzetik daudenek gure lekuan egon nahiko luketela.

 

Daukazuen egutegia ere ez al da oso aldekoa?

Teorian bai. Portugaleten jokatzen dugu datorren asteburuan, eta haiek jadanik maila galduta dute eta ez dute ezer jokoan, baina Portugaleteren zelaia beti izaten da zaila. Han askotan jokatu dut, eta han irabaztea beti izaten da zaila. Leioa etorriko zaigu azkeneko jardunaldian, eta haiek ere segura aski maila ez galtzea izango dute jokoan. Baina gure zelaian jokatzen dugu eta ezin dugu galdu.

 

Lesioek kalte handia egin al dizuete?

Dudarik gabe. Kolpatu asko izan ditugu batera, eta horrekin emaitzak okertu egin zaizkigu, baina azkenean denok osatzen dugu taldea, eta saiatuko gara gauzak ongi egiten. Multzoa gogorra da, eta maila oso handia da; inork ez du barkatzen.

 

Nola zegoen aldagela Gernikaren aurkako berdinketa horren ostean?

Nahiko triste. Gure buruan ez zen berdintzerik sartzen, seguru geunden irabaziko genuela, eta momentuan kolpea izan zen. Hala ere, behin pasatuta, pentsatzen jartzen zara eta garbi dago puntu bat lortu genuela, eta, lehen esan bezala, dena gure esku dagoela. Gure atzetik daudenak okerrago daude, eta berehala altxatu genuen burua. Garbi daukagu igandean Portugaleten irabazi behar dugula.

 

Nola ikusi duzu Bigarren B Mailako zuen multzoa?

Zaila, azkeneko urteetan ez dut hemen jokatu, baina ongi ezagutzen dut, eta beti jarraitu izan dut. Maila hau, eta bereziki multzo hau, beti izaten da gogorra, eta aurten ere horrelaxe izan da. Talde on asko daude, eta hori sailkapenean ere nabaritzen da. Barakaldo eta Real Madrid Castilla sailkatuta daude igoera fasea jokatzeko, baina ez daukate lehen postua erabakita, eta igoera fasea jokatzeko geratzen diren beste bi postuetarako, berriz, azkeneko bi jardunaldietan borroka handia izango da.

 

Ezusterik izan al da?

Ezetz esango nuke. Azken batean hor goian hasieran gehienok buruan genituen taldeak gabiltza, eta behean ere bai. Nire ustez aurreikuspenak betetzen ari dira.

 

Denboraldi amaieran zaila izaten al da puntuak hirunaka batzea?

Bai, bai. Hemen ere gauza asko egoten dira jokoan, batzuek igoera fasea jokatzea, besteek Kopa, eta mailari eusteko helburua dutenak era badira. Ondorioz, talde askok dute zerbait jokoan, eta puntuak batzea zaila da.

 

Behin Barakaldok txartela lortuta, zaila izango da Real Union eta Sestao ere sailkatu eta zuen multzotik hiru euskal talde izatea Bigarren Mailarako igoera fasean?

Ez da erreza izango. Ni seguru nago guk jokatuko dugula igoera fasea, eta, horrela bada, postu bat geratuko litzateke, eta Sestaok ez dauka samurra. Txarrena besteen menpe dagoela da. Beraiek euren partidak irabazi behar dituzte, eta aurretik dituztenek huts egin behar dute, eta ez da erraza. Esaten dizut, ni seguru nago, eta gure aldagelan ere horrela gaude, guk igoera fasea jokatuko dugula. Orain, ederra izango litzateke gure multzotik hiru euskal talde sailkatzea.

 

Pertsonalki, nolakoa ari da izaten denboraldia?

Oso ona. Azkeneko urteak oso politak izan dira Eibarren, baina oso gutxi jokatu dut. Atezain batek behar du konfiantza, eta hori jokatuz berreskuratzen da. Horregatik handik atera eta jokatuko nuen talde bat topatzea beharrezko nuen. Real Unionen aukera atera zitzaidan, eta ez nuen zalantzarik izan. Berriro ere etxe ondoan talde on baten jokatzeko aukera neukan, eta gauzak ongi joan dira.

 

Eibarren aurtengo denboraldi bikaina jarraituko zenuen, ezta?

Dudarik gabe, eta oso pozik nago. Denboraldia amaitu baino lehen mailari eustea lortu du, eta hori latza da. Eibar egiten ari dena ikaragarria da, eta aurtengoa ere horrelaxe izan da. Ni oso pozik nago. Han bizi izan ditudan urteak ez ditut sekulan ahaztuko, urte gogoangarriak izan dira, betirako geratzen diren horietakoak. Gainera, Eibarrek nik futbola ikusteko daukadan moduarekin bat egiten du. Beti bihotzean eramango dudan taldea da.