Ariane KAMIO
DONOSTIA

Egañaren berpiztea

«Bertsolari» aldizkarian elektrokutatuta hil zuten Andoni Egaña Xabi Payak eta Patxi Gallegok. 140 orrialdeko komiki beltza osatu zuten hilketarekin eta, orain, krimena errepikatuko dute Zarautzen, Literaturiaren azken hondarretan.

Andoni Egaña hil egin(go) dute Xabi Payak eta Patxi Gallegok –uau!–. “Bertsolari” aldizkariko 140 orrialdeko komikian lehenengo, eta igandean Literaturian bigarren aldiz “Nork hil du Andoni Egaña?” ikuskizunarekin. Eta Egaña bera berpiztuko dute letren jaialdia itxiko duen saioan.

Atzera pauso batzuk. 2013an “Bertsolari” aldizkariak komiki bat egitea proposatu zion Patxi Gallegori, eta baietz esan hark. Gidoia egiteko eskatu zion Payari, eta marrazkiak bere kontu. Bi orrialdeko lantxoa egin zuten Andoni Egaña mikrofonoan elektrokutatuta hilda. Bigarren saio bat ere egon zen, ja detektibe batzuen agerpenarekin. Baina benetako garapena “Bertsolari”-ren ale oso batekin iritsi zitzaion tramari. 2015eko Durangoko Azokarako 140 orrialdeko lan puska osatu zuten. «Ez nuen aurreikusten zenbat orrialdekoa izango zen, baina ez nuen uste hain luzea suertatuko zenik!», dio Payak berak.

Obra korala sortu zuten, helburu bakar batekin; euskal iru diteria konpartitua. Hortaz, Egañaren hilketa argitzen lau detektibe hasiko dira lanean, euskal kultura lau ikuspuntu desberdinetatik begiratu eta aztertuko dutenak. Aguazila, ikuspuntu purista batekin; Jessica Fletxeberria, Kontxi Barandiaranengan inspiratutako bertsozale amorratua, ikuspegi emotibokoa; Amaia Ezpeldoi, Itxaro Bordak bere literatur lanetarako sortutako pertsonaia; eta Bertsokop automata izango dira lau ikertzaileak. Egaña hil eta argitze prozesuan euskal kulturaren bueltan mugitzen den hamaika pertsonaiarekin egingo du topo kontakizunak. Eta Zarauzko Literaturian (igandea, 19.00, Modelo) aurkeztuko den ikuskizunak eskema bera segituko du. Baina gonbidatu berri batzuekin.

Andoni Egaña hil da. Zergatik hil da? Nork hilko luke? Ze detektibek argituko du kasua? Eta galdera guztien erantzunetan, paraleloki, obrak duen bigarren irakurketa agertuko da; «zergatik den Andoni Egaña aukeratutako pertsona fikzio batean hiltzeko, edo susmagarri bakoitzak zer iradokitzen duen, kontuan hartuta gai nagusia euskal iruditeria konpartitua dela».

Egaña eta Paia

Komikitik zuzenekorako eraldatze horretan, ikuskizunak elementu desberdinak izango ditu. Horien artean, bertsoak. Bat-batekoak eta obran agertzen diren idatziak. Eta bi bertsolariren parte hartzea izango da Zarautzen, Andoni Egañarena berarena eta Fredi Paiarena. Hain zuzen, Egaña obrako protagonista ausentea da eta kasu horretan lanaren berrirakurketa egiteko aukera izango du, «galdetzen zaionean une jakin batzuetan berak zer uste duen edo zer egingo lukeen». Eta idatzizko bertsoak ere kantatuko dira. Horiek Xabi Payaren ahotik irtengo dira, berak pianoan joko dituen moldaketekin.

«Emankizunaren ildo nagusia liburuko bera da; Egaña hil da eta goazen deskubritzera nork hil duen. Kontua da atal bakoitza, edo susmagarri bakoitza, edo egiten den urrats bakoitza, gehiago zentratuko dela bat-bateko bertsoetan».

Beste elementu garrantzitsu bat irudia izango da. «Patxik lan izugarria egin du hau egiten. Ikusi ahal izango da berak prozesua nola egiten duen, gutxi gorabehera nola ia berrogei aurpegi egiten dituen bere aurpegi eredua lortu arte».

Obra korala amaitu zutenean, amaieran “Zitaldegia” deitzen zen atal bat eransteko gogoa izan zuten bi egileek, «egon diren zitalkeriak edo erreferentzia eta aipuak jasotzeko, baina Koldo Izagirrerekin akordatu nintzen, esaten duenean umeei baino ez zaizkiela intxaurrak puskatuta eman behar». Kasu honetan, ez liburua ez ikuskizuna bera ez dira haurrei zuzendutako sorkuntzak –liburuaren erdialdean Olentzero eta Mari Domingiren eszena ikustea besterik ez dago–. Eta intxaurra, hortaz, Zarautzen ere ez da puskatuta emango, baina puska batzuk ikusteko aukera emango du.

 

Larruazala, zatiz zatiko ikerketa, irekiera hitzalditik abiatuta

Larrua eta plazer hutsa, aurten Literaturiaren bueltan eraiki diren bi maximak. Horren bueltan, “Larruaren kodea”-z ariko da gaur Miren Agur Meabe (19.30, Modelo) irekiera hitzaldian. Ondoren, Harkaitz Canno, Anne Sextonen poemez. Bihar eta etzi, estreinaldi zenbait. Itu Banda, Isabel Iturberi buruz; “Mr. Señora”, Oier Guillanekin; Ruper Ordorika intimoena; Eider Rodriguez eta Kirmen Uriberen solasaldia; eta ohiko tailer eta liburu azokak. Informazio gehiago, Literaturia.eus-en.GARA