GARA
BILBO

Premiazko egoerei helduz, 17 lagunentzako lanpostua lortu du Harrerak aurten

Lau urte daramatza lanean Harrerak, espetxe edota erbestetik datozen lagunei askotariko asistentzia emanez. Aurten 17 lagunentzako lanpostua lortu du. Bazkide kopurua bikoiztu badu ere, beharra handia da.

Urtero Harrera elkarteak egiten duen batzarrak, preso eta iheslari ohiak etxeratzea errazteko lanaren balantzea egiteko aukera ematen du. Atzo Abadiñon izan zen bilkuran jakitera eman zenez, pasa den urtean hamazazpi pertsonentzako lanpostua lortu du elkarteak, horietatik zortzi Gipuzkoan, zazpi Bizkaian eta bi Nafarroan.

Elkartearen arloz arloko arduradunek zehaztu zutenez, krisi egoerak lana aurkitzeko zailtasunak estutzen ditu, baina elkartea egoera premiazkoenei erantzuteko gai izaten ari dela ondoriozta daiteke. Hala ere, behar guztiak betetzeko lanak aurrera segitzen du; datu adierazgarri gisa, egun 70 curriculum kudeatzen ditu Harrerak.

Elkartearen lana ez da horretara mugatzen. Adibide bezala, bi pertsonentzako etxebizitza lortu du aurten, Harrerak lantzen dituen harreman instituzionalen bitartez. Horrez gain, arreta medikua errazten du elkarteak, odontologo, oftalmologo eta abarretan gastua handia baitute preso eta iheslari ohiek.

Ehun bat bazkidek hartu zuten parte atzo Abadiñon eginiko batzarrean. Bazkide kopurua bikoiztu bada ere (gaur egun 2.789 kide ditu), «premiak handitu egin dira, lagundu beharreko pertsonen kopurua handitzen doalako», nabarmendu dute Harrerako arduradunek.

Herrialde eta eskualdekako egoeraren berri eman ondoren, atzoko bilkuran garrantzizkotzat jo zuten herri guztietan sarea osatzea, ahalik eta bazkide gehiago lortzearekin batera.

Eremu administratibo eta juridikoaren arduradunak berretsi zuenez, «geroz eta pertsona gehiago dira premia larrian aurkitzen direnak eta elkartera laguntza eskatzera datozenak». Gogoratu behar da «espetxea utzi eta kalera irtendako pertsonak orain arte jasotzen zuten diru laguntzarik gabe geratu direla eta arazo horri aurre egin beharko zaiola». 2014ra arte, hilero 426 euro ematen zitzaizkien kaleratutako euskal presoei (18 hilabetez asko jota), baina, Europak “Parot doktrina” indargabetu ondoren, PPk eta UPyDk lege aldaketa egin zuten mendeku gisa laguntza hori ezabatuz.