Oihane LARRETXEA
ETORKIZUNEKO AUTOGOBERNUAREN ERRONKAK

ATZOKO LEHENDAKARIAK BIHARKO EREDUAZ

AUTOGOBERNUARI BURUZKO UDAKO IKASTARO BATEK BERRESKURATU ZITUEN ATZO LAKUAKO GOBERNU EZBERDINETAKO LORPENAK ETA PORROTAK –AUTOKRITIKA DOSI HANDIRIK EZ ZEN EGON–. ETORKIZUNA BEGI BISTATIK GALDU GABE, ADOSTASUN ETA DESADOSTASUNEKIN IRUDIKATU ZUTEN EREDUA AZKEN LAU LEHENDAKARIEK.

Lehendakari ohiak dira denak, baina noiz edo noiz, batzuk besteak baino gehiago, agertzen dira oraindik hedabideetan, beren adierazpenak titular bilakatuz. Jose Antonio Ardanza eta Juan Jose Ibarretxe bertan izan ziren, Donostiako Miramar jauregian, Carlos Garaikoetxeak eta Patxi Lopezek, aldiz, idatziz bidali zituzten beren hitzak. Edonola ere, beren ikuspuntuak partekatu zituzten «Euskal autogobernua: lorpenak, arazoak eta erronkak» EHUren ikastaroan.

Historiaz mintzatu ziren, egin zutenaz bereziki, baina hori hemeroteketan jasoa dagoenez, etorkizunaz esan zutenari erreparatzea komeni da. Ardanzak argi esan zuen: estatu espainolarekin hausten saiatzea «oso arriskutsua eta larria» da, horregatik, hobe Euskal Estatuaren asmoa alboratu eta berdintasunean oinarrituta, «estatu bazkideak» izango dituen Espainia osatu. «Bazkideak», azpimarratu zuen.

Konfiantza eraiki beharko litzateke estatu espainola osatzen duten guztien artean eta onartu «nazio ezberdinek» osatzen dutela, hots, ez «nazionalitateek». «Borondatea» eta «identitatearen kontzientzia» ere aipatu zituen, «berdintasunean» eta «leialtasunean» estatua elkarbanatzeko konpromisoa hartzeko «inor ez delako inor baino gehiago, baina bai ezberdina», erantsi zuen. «Nazioen nazioa ez da existitzen». Hala, uste du euskal herritartasunaren edo katalanaren errekonozimenduak ez duela, ezinbestean, beren estatu izaeraren errekonozimendua inplikatzen.

Ibarretxek, aldiz, Euskal Herriak «munduan behar duen lekua» eskatu zuen, «gaur egun ez duena», bere iritziz. Identitatean eta kulturan jarri zuen indarra, oinarri horiek falta dituzten proiektuek «aurrerapenak lortzeko zailtasunak» dituztelako. Hori aintzat hartuta, «berezko proiektuak» artikulatzea eskatu zuen, marko juridiko-politikotik harago, identitatean sakontzen lagunduko dutenak.

Estatutuan aldaketak eskatu zituen Garaikoetxeak, oraindik Lakuarenak ez diren eskumenak bereganatzeko, onartu arren «oso zaila» izango dela autogobernua mugatu duen lege-sortaren korapiloa desegitea. Eredu federala ez da irtenbidea bere iritziz, «egungo eredua erreproduzitu» egingo lukeelako.

Justu, eta PSEren ereduari jarraituz, federalismoari eutsi zion Patxi Lopezek, «etiketa kontua» ez dela argudiatuz. Etorkizunari begira «akatsak eta gabeziak» zuzentzeko apustua egin zuen: «eskumen sistema liskartsua eta nahasgarria», «amaitzeke» dagoen finantziazio eredua, erakunde arteko kolaborazio falta edo «identitate anitzen» errekonozimendua autonomia erkidegoen baitan.