Amalur ARTOLA
DONOSTIA

Mainieri: «Bibrafono-jotzaileak lider izatera derrigortuta gaude»

Musika genero batetik bestera jauzika ibiltzeko erakutsi zuen gaitasunak eman zion sona, 70eko hamarkadaren azken hondarrean, Steps Ahead taldeari eta, berrogei urte beranduago, Jazzaldiko oholtzara igo zen atzo Mike Mainierik gidatutako boskotea. Emanaldiaren aurretik, New Yorkeko Bronx auzoko bibrafono-jotzailea bere ibilbideaz mintzatu zen. Prentsarekin berriketan aritu zen, baita gaur Altxerrin kontzertua eskainiko duen Jerry Bergonzi ere.

Steps Ahead estatubatuarrek sona eta ospea eskuratu zuten 70eko hamarkadako azken urteetan, musika genero ezberdinen artean mugitzeko erakutsi zuten gaitasunagatik eta, atzo, talde mitikoko buru Mike Mainieri Trinitate plazako oholtzara igo zen, Steps Ahead Reunion Tour izenpean eta urte askoan zehar alboan izan dituen goi-mailako musikariez inguratuta: bibrafono-jotzaileaz gainera, Jazzaldiko kontzertu horretan izan ziren Eliane Elias (pianoan; orain gutxi Grammy bat eskuratu du), Donny McCaslin (saxoan), Marc Johnson (kontrabaxuan) eta Billy Kilson (baterian).

«Ez da erraza izan taldekideak batzea, baina beti ibiltzen gara hala, batu, utzi, berriro bildu... eta azkenean lortu dugu», esan zuen Trinitateko oholtzara igo baino ordu batzuk lehenago, prentsarekin izandako bilkuran.

Jazzaren munduan bibrafonoa ez dela ohiko instrumentua aipatu zuen Mainierik, «gehienetan pianoan edo perkusioan ibili dena hasten da bibrafonoan, haur bati bibrafonoa erostea garestia baita. Musikan, gertatzen da bibrafono-jotzaileak lider izatera derrigortuta gaudela, bestela gure instrumentua galduta, gordean, geratzen delako», azaldu zuen.

Bere kasuan, ama izan zen instrumentura bideratu zuena. «Amak miretsi egiten zuen bibrafonoaren soinua», baina New Yorkeko Bronx auzoko «familia txiro bateko semea» izaki, «ez zegoen horretarako dirurik. Bederatzi pertsona ginen hiru logelako etxe batean, eta irratian entzuten genuen jazza. Ama tematu eta jostundegi batean hasi zen lanean, hiru metro hartu behar izaten zituen hara iristeko, baina han ateratakoarekin lortu zuen bibrafonoa erostea», oroitu zuen. «Amagatik izan ez balitz, auskalo non nengokeen orain», aitortu zuen. Orduz geroztik ibilbide emankorra egin du Mainierik, eta jazzaren alorreko zein beste genero batzuetako hainbat musikarirekin aritu da lanean, besteren artean, James Taylor, Mark Knopfler, Buddy Rich, Carla Bley, Paul McCartney eta aurten Jazzaldian izan den Jack DeJohnetterekin. «Zortea izan dut, jende bikainarekin jotzeko aukera izan dudalako», onartu zuen Mainierik.

Gaur, Bergonzi Altxerrin

Mainieriren aurretik, Jerry Bergonzi saxo tenorra bildu zen atzo hedabideekin. Bergonzik gaur eskainiko du kontzertua, 00.00etan Altxerrin (5 euro), Perico Sambeat (saxo altua), Renato Chicco (Hammonda) eta Andrea Michelutti (bateria) lagun dituela.

Gaurko saioaren gainean, saxo-jotzaile valentziarraren laguntzaz bere errepertorio zabaleko –500 konposiziotik gora– hamabi abesti hautatu dituela eta bereak ez diren bi kantu ere joko dituztela esan zuen, «zenbait konpas batuta. Nolabait, gurera ekarri ditugu».