GARA
DONOSTIA

Jesus Mari Lazkanoren lehen erakusketa antologikoa, Kubo-Kutxa aretoan

Donostiako Kubo-Kutxa aretoan zabalik da dagoeneko, datorren urriaren 16ra bitarte, Jesus Mari Lazkano artista bergararraren atzera begirako lehenengo erakusketa osatua. Ehundik gora lanen bidez hiru hamarkada baino gehiagoan egin duen arte ibilbidea erakusten da antologia horretan. Ondutako obren artean daude formatu handiko margolanak, marrazkiak, ohar-koadernoak eta beste hainbat sorkuntza artistiko.

Kubo-Kutxa aretoko erakusketa antologikoa sarrerako gelatik abiatzen da formatu txikiko obra zenbaitekin, marrazki, koaderno eta abarrekin, Lazkanoren ibilbidea eta lan egiteko era marrazten dituen atlas moduko bat irudikatuz.

Areto nagusian formatu handiko margolanak daude, artistaren lanaren ezaugarri direnak. 80ko hamarkadan abiatu zen lan horiekin, ate, leiho eta pasabideak obraren erdigunean jarriz. Mugak, tarteko guneak, igarobideak... “Non nago eta norantz noa” galderak artistaren buruan etengabe zebiltzan erantzun bila.

Garai horren ondoren, Lazkanok begiak jaso eta inguruko errealitatearekin topo egingo du, hiriarekin, esaterako. Industria-izaerako eraikinak naturarekin nahasiko ditu, aurkarien elkarrizketak ezarriz eta atmosfera irreal bat sortuz. Industria eraikinekiko interes horrek are gehiago iraungo du, New Yorken 1989an egingo duen egonaldiaren ondotik. Hiriaz arduratu ondoren, artistak naturara bideratuko du gero bere lana.

Italia eta New York berriro

1998an artista Italiara joango da eta han Erroma inperialak eta Errenazimentuko Italiak ateak zabalduko dizkiote Ponpeiako margolaritzara eta perspektiba espazialaren tekniketara hurbiltzeko. Lazkano antzinako elementuen eraginaz beteko da eta behatzen duen ororen ikuspegia jasoko du bere koaderno eta margolanetan.

Italiako abentura amaituta, New Yorkera itzuliko da 2001ean. Bere aurreko etapako New Yorkekiko alde handiena da orain margolanaren barruan sartuta geratzen den barnealdean kokatzen dela bera. Arkitekturako izen garrantzitsuenetakoen lanak aztertuko ditu, Mies van der Rohe-ren Farnsworth etxea eta Frank Lloyd Wright-en Ur-jauziaren Etxea, esaterako.

Artistaren ibilbidea ikusten amaitzeko, goiko aretoan azken sorkuntza lanak daude ikusgai. Bi margolan dira nagusiak, olatu harrotuak agertzen dituen ozeanoa erakusten dutenak.

Kubo-Kutxa aretoak jarduera paraleloak antolatu ditu erakusketarekin lotuta. Larunbatetan familientzako tailerrak egingo dira, 12.00etatik 13.30era, 5 eta 11 urte bitarteko haurrentzat, helduek lagunduta. Larunbatetan euskaraz eta igandetan gaztelaniaz, arratsaldeko 18:30etik 19:30era, doako bisitaldi gidatuak eskainiko dira. Aurrez izena eman behar da. Asteartetik igandera izango da zabalik, 11.30-13.30 eta 17.00-21.00 ordu tarteetan.