Amalur ARTOLA
ZARAUTZ
Interview
JON ARIZA DE MIGUEL
INGENIARIA ETA IDAZLEA

«Axola duena ez da gertakaria bera, horren aurrean gizakiok dugun jarrera baizik»

Ikasketaz ingeniaria da Jon Ariza de Miguel (Portugalete, 1979) eta «Ohe hotzak» (Elkar) da bere lehen eleberria. Bakardadeaz eta, batez ere, gizakiok egoera jakinen aurrean ditugun jokamoldeez hitz egin nahi izan du Europa ekialdeko kutsua duen kontakizun honetan.

Bakardadeari aurre egiteko moldeen gaineko eleberria da «Ohe hotzak». Zeri heldu nahi zenion?

Idazten hasi nintzenean ez nuen ezertan sakontzeko asmorik. Gomuta pilaketa baten gainean aritu nahi nuen, eta gogoeta eta gertakari horiek lotzen zituen ildoaren bila nenbilela ohartu nintzen asko bakardadearen ingurukoak zirela, batez ere gizakiok bakardadearen aurrean erreakzionatzeko dugun moduaren gainekoak. Bakardadea gaur egun ez dago ondo ikusia. Badirudi denok saiatu behar dugula hari aurre egiten, eta kontakizuneko protagonistak zerbait falta zaiola sentitzen duenean zer egin ez dakiela geratzen da: daukanera ohitu edo bere bizitzan pertsona bat sartuz konpontzen saiatu.

Liburua argitaratu ostean, haren esentzia laburbiltzen duen olerkitxo bat topatu nuen, Margarita Arkhipovak idatzia: “Peruk bakardadearekin borroka egin zuen, irabazi zuen eta orain bakarrik dago; Jokin bakardadearen lagun egin zen eta orain biak elkarrekin daude”.

Kontakizunean, tramak baino pertsonaiaren psikologiak du pisua. Nola landu zenuen pertsonaia bera?

Jendearen, ingurukoen eta nire izaeraren hainbat ezaugarri eta xehetasun ikusi eta amankomunean jarrita osatu nuen, baina ez da nahita egindako zerbait: izaeren pilaketa da, uste dut jende guztiak duela pertsonaia nagusiak duen zer edo zer, nahiko pertsona arrunta da zentzu horretan. Ez heroi, ez antieroi.

Egia da pertsonaiaren psikologiari gertakariei baino arreta handiagoa jartzen zaiela, niretzat garrantzitsuena pertsonek gertakarien aurrean erreakzionatzeko dugun modua delako. Egunerokotasunean, denei antzeko gauzak gertatzen zaizkigu, ez zaigu aparteko ezer gertatzen, eta gertakari horiek kontatzeko ez dago liburu baten beharrik; interesgarriagoa da denontzat amankomunak diren gertakizunen aurrean pertsona batek nola erreakzionatzen duen kontatzea, pertsona definitzen duena ez delako gertatzen zaiona, baizik eta horren aurrean hartzen duen jarrera.

Pertsonaia nagusiak ez du izenik eta generoa ere lausoa da. Hori ere erabaki gabe joan da?

Hori idazten hasi ostean erabaki nuen, konturatu nintzelako pertsona bat definitzeko ez zela beharrezkoa izen bat ematea, ezta generoa ere. Generoari lotutako rolek eragina izan dezaketela jokamolde eta erreakzioetan? Bai, jakina, baina horrek ez du pertsonaren izaera determinatzen. Badut sexologoa den lagun bat eta hark esan dit irakurlearen estereotipoak direla pertsonaiari sexua jartzen diotenak, ez da liburua generoa markatzen duena.

Agertokia ere lausoa da. Europa ekialdean gabiltzala badakigu, baina ez zehazki non.

Gauza bat delako kontakizuna non idatzia den eta bestea gertakariak non gertatzen diren; gertatzen denak ez du zertan idatzi den tokian gertatu, nahiz eta idatzia izan den tokiak eragina izan idazteko prozesuan. Generoaren eta izenaren kasuan bezala, honek ez du aparteko eraginik. Europako herrialde batean gaudela ohartuta, nahiko da.

Non idatzi zenuen ba?

Idatzi-idatzi, Odesan (Ukraina) idatzi nuen. Gero, azken ukitu eta zuzenketak bueltan nintzela egin nituen. Kontakizunean gertatzen diren gauza gehienak ez dira zerotik asmatuak, nigan edo ingurukoengan ikusitakoak dira, baita jasotakoak ere, izan gaiak, tokiak, elkarrizketak... Idazlearen lan bakarra, kasu honetan, horiek hartu eta forma ematea izan da.

Ukrainaz gainera, Ingalaterran eta Alemanian ere bizi izan zara. Egonaldi horiek izan al dute eraginik kontakizunean?

Baietz esango nuke, eta ez bakarrik egonaldi horiek, baita zer irakurri dudan ere. Pertsona moduan bizitzen duzunak bezainbesteko eragina dauka besteen bidez bizitzen denak, baita irakurketaren bidezkoak ere.

Gogoan duzu zer irakurri zenuen idazketa prozesuan?

Batez ere, eslaviar literaturako hainbat idazle, errusiarrak batez ere, baina aurretik ingelesak dezente irakurri ditut, frantsesak agian gutxiago, eta gaztelerazkoak hainbat. Euskaraz, gutxitxo. Beraz, eragin nahiko nahasiak ditudala esatea dago. Dezente irakurri dut.

Eta asko jatorrizko hizkuntzan.

Bai, itzulpen onak badauden arren, beti saiatzen naiz jatorrizko hizkuntzan irakurtzen. Euskara eta gaztelaniaz gainera, frantsesa, ingelesa, alemana eta errusiera dakizkit.

Hainbat hizkuntza jakiteak autore ugariren ateak zabaltzen ditu. Ez dakit zure kasua den…

Bai, jakina. Batetik, dena ez dagoelako itzulita, eta zenbait gauza jatorrizko hizkuntzan soilik irakurtzea dago, eta bestetik hizkuntza bat jakiteak kultura batean sakontzeko aukera ematen dizulako, ohituretan, esapideetan... munduari begiratze hori hizkuntzarekin batera joan ohi da. Niretzat hizkuntza bat ikasi izanaren sari nagusia lehen irakurritako liburuen jatorrizko bertsioak irakurri ahal izatea da, liburua berriro deskubritzea, beste argi baten azpian ikusteko aukera izatea. Itzulpen onak egon arren, itzulpenak beti du itzulpen hizkuntzaren isla.

Anjel Errok dio hitzaurrean batzuek «Ohe hotzak» itzulpena dela pentsa dezaketela.

Ez dut euskaraz idazteko ohiturarik, ez irakurtzekorik ere, eta idatzia dagoen moduak beharbada ez ditu euskarazko egiturak edo narratzeko forma eta pausoak islatzen, ez ditu euskarazko literaturaren eskemak jarraitzen. Agian, beste hizkuntzetan irakurritako eskemak nagusitzen dira. Horrez gainera, guretzat ohikoa ez den leku batean kokatzen da kontakizuna, eta ez dirudi euskara denik toki hori islatzeko hizkuntza.

Zein lirateke gehien eragin dizuten autoreak?

Baroja, Huxley eta Dostoievski aipatuko nituzke. Huxleyren eragina bai sumatu dudala nire idazkeran; uste dut Huxleyn sakondu duen edonork haren isla ikus dezakeela idazlan honetan. Barojaren zerbait ere badu, baina hori ere ez da nahita egindako zerbait: jaso dudan kultura literarioa nahitaez agertzen da.

Eta Dostoievski... haren eraginik ez dut uste dagoenik, eta eskerrak! (barrez).

Kontakizunean atentzioa ematen du hasiera eta amaiera markaturik ez egoteak.

Pertsona batek gertakari jakin baten aurrean erreakzionatzeko duen eraz aritu nahi nuen, eta ezinezkoa zitzaidan horri hasiera zehatz bat jartzea, garrantzizkoa erreakzioa bera den heinean haren aurretik gertatzen den guztiak duelako eragina. Eta noiz bukatzen den ere ez dakigu, gertakariak ondorengo izaeran ere eragina duelako. Hasiera gutuna jasotzeak markatuko balu, kronologikoki hainbat urte lehenago pasatakoa galtzen duzu. Domino fitxekin gertatzen den bezala, dena dago aurrekoarekin eta hurrengoarekin lotuta.

Kontakizuna zazpi kapituluk osatzen dute, izenbururik gabe eta aipu banarekin.

Irakurtzeko ohitura dudan liburuetan nahiko ohikoa da atal hasieretan aipuak jartzea, baita testuan bertan ere, eta idazten ari nintzen bitartean irakurritako liburuetako edo iturrietako aipuak dira. Batetik, idazten nengoen garaiko nire bizimodua islatzen dute, eta bestetik atalean gertatzen denaren zati handi bat ere islatzen dute. Batez ere, azken ataleko olerkian. Aipuak erabiltzea da zu baino hobeak diren idazleengan babesa bilatzea zuk idatzi duzuna sendotzeko. Era berean, zure liburuko atalei beste baten aipuekin hasiera ematea miresmena adierazteko modua ere bada, agian zuk adierazi nahi duzun ideia hobeto laburbildu zutela iruditu zaizulako.

Alkoholaren presentziak eta kontsumoak ere atentzioa ematen du…

(Barrez) Batzuetan gertatzen zaigu alkoholak presentzia handia duen gizarteetan bizitzea egokitzen zaigula, eta horren isla bada, agian. Gainera, alkoholak gizakion nahiak eta grinak suspertzen ditu, eta liburuaren muina erreakzioak direnez, alkoholak laguntzen du bizipen guztien aurreko erreakzioak handitzen. Alkohola da pertsona hauek duten grina edo ihesbidea, beste pertsona asko poteoan ibili beharrean etxean serieak ikusten geratzen diren bezala. Eta serieak ikustea agian ez da poteoan ibiltzea bezain aberasgarria (barrez).

Lehen eleberria da. Aurretik ibili zara idazten?

Ikastola garaian ipuin lehiaketetan-eta, baina bestela ez. Zenbat eta gehiago irakurri, zuk egiten duzunak ez duela merezi ikusten duzu eta, lotsagatik, idazteari uzten diozu, publikatzeko moduko ezer sekula idatziko ez duzula sinetsita. Hobe da benetako liburuak irakurtzea, eta ez jendeak denbora-pasagatik idatzitakoak. Idazteari utzi nion ikusi nuelako bazegoela nahikoa ondo idatzia, ez zegoela pila horri liburu gehiago gehitzeko beharrik. Denborarekin, idaztera atrebitu nintzen, baina niretzat, eta lagun batek hau irakurri eta editore bati bidaltzea bazegoela esan zidan. Eta, nire sorpresarako, argitaratu egin zidaten.

 

«Irakurtzeko bizitza bakarra daukagu, eta ezin diogu hilabete bat eskaini merezi ez duen liburu bati»

Protagonistak dio pertsonako liburu gutxi batzuk nahikoa direla bizi guztirako, horiek berrirakurtzean ertz berriak sumatzeko gai garelako.

Egia da, bai. Zu aldatu zaren heinean liburua irakurtzeko modua ere aldatzen denez, irakurritako liburua berria da zuretzat. Teorian, bost urteko epea behar bada liburua berria izateko eta urteko hamar liburu irakurtzen baditugu, 50 liburu on izatearekin nahiko da, bost urteren buruan denak irakurriak izango dituzulako eta lehena berrirakurtzen hasi zaitezke. Gainera, hala, badakizu liburua ona dela, ez duzu etekinik ekarriko ez dizun liburu txarrik irakurtzen denbora galduko. Irakurtzeko bizitza bakarra daukagu, eta ezin diogu hilabete bat eskaini merezi ez duen liburu bati.

Merezi ez duten liburu asko argitaratzen dela uste duzu?

Ziur asko, bai. Edozein liburu dendatan sartuz gero ikusten da. Eta ez dut nik nireak merezi duenik esango, hori irakurleak esan beharko du. Idazleak edozer idazteko baimena dauka, eta argitaletxeak nahi duena argitaratzekoa. Jendeak zergatik egiten duen hautua? Ez dakit… Jendea librea da nahi duena egiteko, liburuak irakurtzeko edo serieak ikusteko… edo mozkortzeko (barrez).

Hainbat hizkuntza menderatzen dituzu eta horietan irakurtzen duzula diozu; euskaraz, aldiz, gutxi irakurtzen duzula diozu, baina hizkuntza horretan idatzi duzu zure lehen eleberria. Zergatik?

Ba, ez daukat horretarako erantzun argirik. Ziurrenik, hautu kultural edo politikoa izan daiteke. Ikastolakumea naiz ni. Etxean gazteleraz egiten dugu eta ikastolan ikasi nuen euskaraz. Unibertsitate garaian euskararen aldeko hautua egin nuen, agian ez oso modu aktiboan baina bai pertsonalean; nire bizitzan euskarak gero eta presentzia handiagoa izateari ateak zabaldu nizkion hautu txikien bidez: ze dendatara joan edo ez joan, zein tabernatara sartu edo ez sartu… honek agian Donostia bezalako hiri batean ez du garrantzirik, Bilbo bezalako hiri batean badu bere pisua. Nik uste arrazoi beragatik hautatu dudala euskaraz idaztea: hizkuntza horretan idaztea hizkuntzan sakontzeko modu bat da, baita gertu izan nahi duzun jendearekiko keinu bat ere.A.A.