Jose Manuel CASTILLO
DONOSTIA

Ikusmira Berriak proiektuko zinemagile eta tutoreak lanean Zinemaldiari begira

Tabakaleran sei asteko egonaldia hasi zuten abuztuaren 15ean bost zinema zuzendarik, ikus-entzunezko proiektuak garatzeko asmoarekin. Leo Calice, Mikel Gurrea, Aitor eta Amaia Merino eta Kiro Russo zuzendariek, Donostiako Zinemaldiaren hasieran «pitching» batean aurkeztuko dituzte Ikusmira Berriak egitasmoan osatutako proiektuak, lan hori koproduzitzeko eta banatzeko interesa izan dezaketen ekoizle eta nazioarteko salmenta-agenteen aurrean.

Ikusmira Berriak ikus-entzunezko proiektuak babestu eta ekoizteko programa da, Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak, Donostia 2016k eta Donostiako Zinemaldiak antolatua. Bertan, zinema zuzendariak eta ikus-entzunezko arloan adituak diren hainbat profesional biltzen dira, sei asteko egonaldian, proiektu bana garatzeko elkarlanean. Aurten, lau proiektu osatuko dituzte. Leo Calice, Aitor eta Amaia Merino, Mikel Gurrea eta Kiro Russo zuzendariak izan dira ikus-entzunezko lau proiektuak garatzeko hautatuak.

Egonaldia abuztuaren 15ean hasi zuten, eta atzo Tabakaleran bertan eskainitako prentsaurrekoan esperientziaren nondik norakoak azaldu zituzten. Bertan, zinemagileekin batera, aurkeztu ziren 33 proiektuen artean beraienak aukeratu zituen aditu batzordeko Paz Lazaro, Sergio Oksman eta Ada Solomon ere aurkitzen ziren. Lehen hitzak ordea, Tabakalerako kultur zuzendari Ana Rodriguezek egin zituen, Ikusmira Berriak proiektua kultur hiriburutzaren aitzakiaz aurreko urtean sortu bazen ere, euren asmoa egitasmoarekin urte gehiagoz jarraitzea dela azaltzeko.

Zuzendarien esperientziak

Sei aste iraungo duen egonaldian prestatzen ari diren proiektuak aurkeztu eta Tabakaleran bizitako esperientziak azaldu zituzten jarraian bost zinemagileek. Denek nabarmendu zituzten Tabakalerak lan egiteko eta sortzeko eskaintzen dizkien espazio eta baliabideak. Mikel Gurrea zuzendari donostiarrak, egitasmoak eskaintzen dizkion askatasuna eta erantzukizuna azpimarratu zituen. «Sortzeko askatasun handia dugu eta horretarako profesional handien laguntza jasotzen dugu, baina halaber, erantzukizun handia da Zinemaldian gure proiektuak aurkeztea zinemagintzako profesional handien aurrean», azaldu zuen. “Suro” izeneko film luzea ari da garatzen donostiarra, Kimuak kategoriaren baitan.

Kiro Ruso zuzendari boliviarra «zinemaren lengoaia» garatzeko Tabakalerako proiektuak eskaintzen dien aukeraz mintzatu zen. Egonaldiak zinemaren inguruan sortzen dituen adiskidetasun erlazioak nabarmendu zituen. Boliviarrarentzat zinema ez baita entretenimendu hutsa, baizik eta bere inguruan harremanak sortzeko aitzakia ere bai. “Loba” filmarekin arituko da Zinemaldiko Zinema Ikasleen Nazioarteko Topaketan. Bestalde, Aitor eta Amaia Merino anai-arrebak, “Fantasía” filma prestatzen dabiltza EAEko zinemagileak kategorian lehiatzeko. Biek nabarmendu nahi izan zuten, Tabakaleran sortzaileen artean nabaritzen den «elkartasun giroa». Bereziki Amaia Merino agertu zen egitasmoarekin harriturik, hau baita zinemagileentzako bereziki prestaturiko ezagutzen duen lehen erresidentzia. Zuzendariekin amaituz, Leo Calice zinemagile austriarrak, aurreratu zuen bere egonaldian filmaketa estudio eta ekoizpen metodo ezberdinak probatuko dituela, “Calipatria” film laburra garatzeko.

Azkenik, Zinemaldiko zuzendariak, Jose Luis Rebordinosek, Ikusmira Berriak proiektua Donostia 2016 kultur hiriburuak utziko duen «ondare garrantzitsutzat» definitu zuen eta Zinemaldiak proiektua babesten jarraituko duela aurreratu zuen.

 

Beste bost film Sail Ofizialean

Beste bost zinemagile batu dira Zinemaldiko Urrezko Maskorraren lehiara: Baltasar Kormakurren “Eiðurinn / The Oath”, Lee Sang-ilen “Ikari / Rage”, Bartosz M. Kowalskiren “Plac zabaw / Playground”, Emiliano Torresen “El invierno” eta Feng Xiaogangen “Wo Bu Shi Pan Jinlian / I am not Madame Bovary” filmak. Horrenbestez, Zinemaldiko Sail Ofizialeko 22 film ezagutzen ditugu dagoeneko. Gaur jakinaraziko da zer beste emanaldi berezi egingo den aurtengo Zinemaldiko Sail Ofizialaren barruan.

Gainera, Baltikoko koprodukzio bat eta Herbehereetako film bat gehitu dira Zuzendari Berriak saileko lehiara. Vallo Tomla estoniarraren “Teeskejad / Pretenders” eta Martin Maria Smits-en “Waldstille” dira atzo lehiara gehitu ziren bi filmak. Bi hauekin, jada hamasei dira Zuzendari Berriak saria lortzeko aukera duten zinemagileak. Sail hau Zinemaldiak zinemagintzako talentu berrien alde egindako apustu bat da.

Bestalde, gaur bertan jarriko dira salgai Donostia Sarien galetako sarrerak. Donostiako Zinemaldiaren webgunean bertan izango dira Donostia Sarien bi galetarako zein inaugurazio eta klausura galetarako sarrerak eskuragarri. Lehen Donostia Saria irailaren 17an, larunbata, 22.00etan, banatuko da. Ethan Hawke aktoreak jasoko du eta jarraian Antoine Fuquaren “The Magnificient Seven” filmaren emanaldia izango da. Bigarren gala, irailaren 21ean, asteazkena, izango da, 22.00etan, eta Sigourney Weaver aktoreak jasoko du saria. Jarraian, J. A. Bayonaren “A Monster Calls” filma emango dute. J.M. CASTILLO