Jon ORMAZABAL
LLARGUES-BOTE LUZEA

Ezagupenerako erakusleiho izan nahi du Championsak

Donostia, Biarritz eta Irun joko zuzenaren Europako hiriburuak izango dira datorren asteko finalekin.

Donostiako eta Irungo kirol zinegotzi diren Martin Ibabe eta Pedro Alegrek onartu zuten Euskadiko Federaziotik Llargueseko Champions Leagueko finalak antolatzeko laguntza eskatu zietenean ez zutela inolako erreferentziarik gure artean «joko zuzena» bezala ezagutzen dugun kirolaren inguruan. Zorionez, atzera egin beharrean, jakin-mina piztu zitzaien eta jendartearekin ere antzerako zerbait gerta daitekeen itxaropenez, aurrera egin zuten eta Biarritzekin batera, Europako hamar talderik onenak hartuko dituen Llargueseko Championsaren finalak Euskal Herrian jokatuko dira urriaren 14tik 16ra.

CIJB Nazioarteko Federazioak araututako lehiaketetan oso berriak izaki, Euskal Herriko Larraul eta Oiartzungo Txost elkarteek ez dute, kirol mailan bederen, Europatik etorrito diren talde indartsuen aurka, batez ere Belgika eta Holandakoen aurka –bertako pilotariak profesionalak dira–, emaitza ikusgarririk lortzeko esperantza handirik; eta beraz, gure modalitateetan antzinakoena denaren zabalkundea eta kanpoko taldeekin harremanak estutzea dira ekitaldi hauen helburu nagusiak. Horretarako, eguraldia lagun, lehiaketak kalean jokatuko dira, euria eginez gero, Anoetako Belodromoa B plana bezala utziz.

Hamar talde

Denera, hamar talde izango dira datorren asteburuan Donostian (Sagues), Biarritzen (Parc Mazon) eta Irunen (Ugalde) lehiatuko direnak, bi euskaldunez gain, Holandako Berlikum, Belgikako Belgium Youth eta Baasrode, Frantziako Maubeuge, Italiako Scalvaia eta Valentziako Parcent, Benimagrell eta Agost.

Llargeuseko modalitatea 72 metroko luzera duen kantxa batean jokatzen da, talde bakoitzean bost pilotari aritzen direlarik eta jokoaren helburua aurkariaren esparrua irabaztea da. Euskal ordezkarientzat izango duten arazo nagusietako bat materiala izango da, bote luzean erabiltzen dena baino askoz arinagoa delako.

Etorkizunerako erronken artean, 2017ko Munduko Txapelketa legoke, printzipioz Kolonbian ospatzekoa dena, baina hegoamerikarrek uko eginez gero, Euskal Herrian jokatuko dena. Han edo hemen, euskal selekzioa ofiziala izango da.