Amalur ARTOLA
DONOSTIA

Gizakia naturan uzten ari den lorratzaren gaineko begirada artistiko-kritikoa

Hamahiru artista, gai beraren bueltan hausnartzen: gizakia natura eraldatzen ari da, kasik natura molde berri bat sorrarazten baina, ikusten al ditugu aldaketa horiek? Gai ote gara lorratz horien eraginaren zenbaterainokoaz jabetzeko? Ikuspegi artistiko eta kritikotik heldu diote gaiari eta Tabakalerara eraman, «Organismo bizidunen agentzia» izenpean.

Orain urtebete Tabakaleran abiatutako prozesu luze baten zikloa ixtera dator “Organismo bizidunen agentzia”. Iazko azaroan, arte garaikidearen zentro donostiarrak komisariotza egonaldietarako egindako lehen deialdira aurkeztutako 75 proposamenen artean Pauline Doutreluingnerena hautatu eta ikertzaile belgikarrak lau aste eman zituen Donostian, inguruko artistekin eta espazioekin harremanetan jarri eta esku artean zuen proiektua mamitzeko. Orduan abiatutako elkarlanaren emaitza da “Organismo bizidunen agentzia” erakusketa kolektiboa: «Organismo ezberdinak elkarrekin komunikatzen diren erak aztertu nahi izan dut eta hori kolektiboki egin ahal izatea plazera izan da niretzat», ziurtatu zuen Doutreluingnek.

Proiektuak egitura sozialen eta naturaren arteko harremanak hartzen ditu abiapuntutzat, eta elkar eragiteko duten erak ikuspegi kritiko eta artistikotik lantzea izan dute helburu artistek. Doutreluingneren hitzetan, «natura gizakiak sortutako kontzeptua da, baina gizakiak ere bagara naturaren parte» eta, horregatik, artista bakoitzak ikuspuntu ezberdinetik heldu dio gizakia Lur planetan uzten ari den lorratza aztertzeari, betiere gizakia natura eraldatzen eta natura molde berri bat sortzen ari dela adierazteko.

Erakusketa kolektibo honetan parte hartu dute Anne Duk Hee Jordan, Esther Kokmeijer, Gerard Ortin, Iain Ball, Iratxe Jaio, Klaas van Gorkum, Lara Almarcegui, Maider Lopez, New Mineral Colective, Tere Recarens, Tue Greenfort, El Conde de Torrefiel, Koenraad van des Driessche eta Nader Koochaki artistek. Erakusketaren aurkezpenean, zenbait artistek hitza hartu eta euren lanen gaineko azalpenak eman zituzten.

Filmetatik instalazioetara

Erakusketa bi aretotan banatu dute: lehenak ikus-entzunezkoak hartzen ditu, eta bigarrenak instalazioak eta hibridoak. Lehen eremuan dago Jordanen ekarpena, “Ziggy and the Starfish”: «Ekainean grabatu nuen eremu ezberdinetan, tartean Zumaiako flyschean. Animalien bizitza sexualean aldaketak gertatzen ari dira, batez ere poluzioaren eraginez, eta hori irudikatu nahi nuen», azaldu zuen. Lopezen “Watching Grass Grow” filmak belarraren hazkuntza denbora errealean ematen du: «Lehen egunean datorrenak ez du aldaketarik igarriko, baina azken egunean etortzen bada konturatuko da eraldaketaz; ohartzen ez bagara ere natura eraldatzen ari dela irudikatu nahi izan dut».

“Mineral Rights, Tveitvangen” lanean, Almarceguik diapositiben bidez irudikatu du lurrazalaren azpiko kapen jabetzaren gainean duen kezka, «Europan, horien aldi baterako jabetza erostea merke baita meatzarientzat». Beste lan batean, “Rock of Spitsbergen”, binilozko letrak baliatu ditu garapen geologikoak eta meategiek uhartea nola eraldatu duten ikusarazteko. Malira bidaiatu eta gizakien arteko interakzioak baliatu ditu Recarens-ek mezuak daramatzaten bederatzi oihalez, sabaitik zintzilik dauden teontzi desitxuratuez eta soinu instalazio batez osatutako obra eraikitzeko. Bestalde, Jaiok eta Van Gorkumek Donostia inguruko portzelana lantegi abandonatu batetik berreskuratutako igeltsuekin osatu dute euren instalazioa: «Naturak jana zuen lantegia, hartua, eta moldeak ia-ia erreskatatu egin ditugu. Objektuek sortuak izan ziren garaiko historia dute eta, aldi berean, naturaren arrastoa». “Akordioa naturarekin” instalazioan, Kokmijer-ek ingurumenaren nazioarteko hiru akordioren portzelanazko erreplikak egin ditu, «akordio horien hauskortasuna» irudikatzeko.

Erakusketaz gainera, jarduera paraleloak ere antolatu dituzte, tartean performanceak eta bisita gidatuak. Asteburu honetan, esaterako, Gerard Ortinek eta Terri Floridok hirigune baten «nerbio sistema» eraldatuko dute Uliako lore-baratzetan.