Haritz LARRAÑAGA ALTUNA
DONOSTIA
Surfa

John John Florence, aurtengo munduko titulua lortzeko zorian

Gabriel Medina kaleratuta, John John Florencek munduko titulua lortzeko aukerak handituz doaz. Hawaiiarrak oraindik lehian jarraitzen du eta Portugalen irabazten badu 2016ko munduko titulua beretzat izango da. Portugalgo emaitzak, beraz, erabakigarriak izango dira.

Oraindik ez da amaitu Portugalen egiten ari diren MEO Rip Curl Pro Portugal txapelketa, baina aurtengo zirkuituko azken-aurreko txapelketa izaki, garrantzi handikoa da, eta gainera, munduko titulua eskuratzeko erabakigarria izan daiteke; izan ere, posible da ranking orokorrean lehen postuan dagoen John John Florence hawaiiarrak munduko titulua Portugalgo txapelketari esker eskuratzea.

Larunbat arratsaldean egin zituzten azken txandak. Aurtengoan, orain artean behintzat, ez dira tuboak nagusitu Supertubosen, baina bi metroko olatu indartsuak izan dira eta kalitate handiko surfa ikusteko aukera izan da. Hala ere, hondartza honi izena ematen dion ohiko olatu borobilen zain jarraitzen dute antolatzaileek, ikusleek zein lehiakideek, zeren Supertubos bere onenean denean, munduko hondartza-olatu hoberenetakoak eskaintzen ditu.

Esan bezala, olatu hobeen zain eten zuten Portugalgo txapelketa. Bosgarren erronda osorik egin aitzin egin zuten etenaldia, baina jada eskura dauden datuekin aurtengo WSL zirkuitua nola amaituko den iragartzeko zenbait zantzu badaude. Izan ere, final-laurdenetara iritsi diren eta kaleratuak izan diren lehiakideen izenekin, eta aurtengo zirkuitua amaitzeko beste txapelketa bat bakarrik falta dela kontuan hartuta, munduko titulua eskuratzeko aukerak zeintzuek dituzten jakin daiteke.

Portugalgo txapelketan garrantzitsuena hau zen, ranking orokorreko lehen bi postuetan zeuden Gabriel Medina eta John John Florencek zein postu eskuratuko zuten ikustea. Gabriel Medina hirugarren errondan kaleratu zuen Jeremy Floresek; beraz, brasildarrak munduko titulua eskuratzeko izan ditzakeen aukerak mahai gainean daude oraindik, baina Florencek zer egingo duen ikustea falta da.

Munduko titulua nork eskuratuko duen jakiteko zenbait kalkulu egin daitezke. Kontuan hartu behar da CT itzulia hamaika txapelketak osatzen dutela, baina lehiakide bakoitzak lortutako bederatzi emaitza onenak direla kontuan hartzen direnak.

Portugalgoa itzuliko hamargarren txapelketa da eta lehiaketa honetan emaitza on bat lortzen duen lehiakidearen puntuazio osoa kalkulatzeko orduan aurtengo itzulian egin duen emaitzarik txarrena ez da aintzat hartzen. Alegia, bederatzi emaitza onenekin bildutako puntuen batura egin behar da, eta ez orain artean lortutako hamar emaitzena.

Gauzak horrela, nork eta nola eskura dezake aurtengo munduko titulua? Portugalgo txapelketa aitzin lau ziren oraindik titulu hori eskura zezaketen lehiakideen izenak, baina txapelketak aurrera egin ahala zerrenda hori gero eta laburragoa da eta John John Florencek 2016ko WSL titulua irabazteko aukerak handituz doaz.

Florencek eta rankingeko lehen postuetan ziren beste hiru lehiakideek Portugalen eskuratzen zituzten emaitzen arabera, hawaiiarrak munduko titulua zirkuitua amaitu aurretik eskuratzeko aukera zabalik zegoen, eta egun oraindik zabalik dago.

Florencek Portugalen irabaziz gero, munduko titulua ere beretzat izango da, ranking orokorrean gertuen zituen bi lehiakideak hirugarren erronda baino lehen kaleratuak izan zirelako, Matt Wilkinson eta Gabriel Medina. Baina Florencek lehian jarraitzen du Portugalen, ez du irabazi oraindik. Datozen egunetan ikusi ahal izango dugu zer gertatzen den, baina aukerak zeintzuk diren aztertzea interesgarria izan daiteke.

Esate baterako, Florence hurrengo txandan (final-laurdenetan) kaleratzen badute, oraindik munduko titulua eskura dezaketen bi lehiakideak Jordy Smith eta Gabriel Medina izango dira. Azken hau kaleratua izan zen hirugarren errondan, baina itzuliko azken txapelketan, John John Florencek hirugarren erronda gainditzea lortuko ez balu eta Medinak txapelketa irabaziko balu edo bigarren postuan geratuko balitz, munduko titulua eskuratzeko aukera izango luke.

Munduko titulua Jordy Smithek eskuratzeko, berriz, bi gauza gertatu beharko lirateke; batetik, Portugalen eta Hawaiin txapela irabazi beharko luke hegoafrikarrak, eta bestetik, Hawaiin Florence lehen txandan kaleratu beharko lukete eta hori nekez gertatuko da.

Florence finalerdietara iristen bada, ordea, Jordy Smithek ez du munduko titulua lortzeko aukerarik izango. Pipelinen John John Florence lehen txandan kaleratuko balute eta Medinak irabaziko balu, munduko titulua ere beretzat izango litzateke.

Edonola ere, aukera oso zailak dira; izan ere, edozein kasutan John John Florencek emaitza oso txar bat egin beharko luke inork baino hobeto ezagutzen duen urautsi batean, alegia Pipelinen, bere etxeko atetik ehun metrora dagoen munduko olaturik zailenetakoan.

Itxura guztien arabera, aukera oro galdu duen lehiakidea Matt Wilkinson da. Zirkuitua bikain hasi zuen, lehen bi txapelketak berak irabazi baitzituen; gero, Fijin ere emaitza ona lortu zuen, bigarren geratu baitzen, baina ezin izan zion eutsi eta pixkanaka ranking orokorrean behera egin du eta orain, Pipelineko txapelketa irabaziko balu ere, ez luke munduko titulua eskuratzeko aukerarik izango.

Aukera gutxi dute, beraz, Florencen aurkariek 2016ko titulua patrikaratzeko, baina esan bezala, oraindik bada zirrikiturik. Florencek Portugalen irabazten badu, ordea, automatikoki munduko titulua ere eskuratuko du; izan ere, ranking orokorrean gainerako lehiakideei aterako liekeen aldea hain handia litzake, ezen itzuliko azken txapelketan lehen txandan kaleratua izan arren beste inork ez bailuke jada hawaiiarrak bildutako puntu kopurua gainditzerik izango.