Amalur ARTOLA
DONOSTIA

Existentzialismoaren zaunkak

Disko-liburu ilustratua da «Itzal zaunka», baina ez da hori bakarrik. Munduari beste era batera begiratzeko gonbidapena da, izatearen oinarrizko zalantza eta hausnarketei lau hankatan eta zuri-beltzean behatzekoa. Olariaga, Cano eta Lopetegi daude proiektuaren atzean.

«Zauri batzuk nekeak ixten omen ditu. Baina nekeari itxoiteaz ere nekatzen zara. Ni bai, behintzat». Aitortza horrekin abiatzen da “Itzal zaunka”, Elkar argitaletxeak argitaratu eta Antton Olariaga, Jexuxmai Lopetegi eta Harkaitz Canoren sinadurak daramatzan disko-liburu ilustratua. Proposamen iradokitzaile honetan, hausnarketaz hausnarketa munduari begiratzeko molde berria dakarren zakur «existentzialista eta suizidaren» begietatik ikusiko du irakurle-ikusle-entzuleak mundua. Proiektuaren editore Antxiñe Mendizabalen hitzetan, «txakur zaunkari ikusezin baten arrastoari segika» jarriko gaitu Olariagaren berrogei ilustrazio, Lopetegiren hamaika kantu eta Canoren testua daramatzan disko-liburu ilustratu honek.

Proiektua lantzen “amaieratik” abiatu zela azaldu zuen Olariagak. «‘Amaia’ litzateke hitz klabea lan interdiziplinario honentzat. Idazle-musikariari zer eskaini niezaiokeen pentsatzen jarrita, burura objektua bera etorri zitzaidan, abiapuntua hark izan behar zuela erabaki nuen», azaldu zuen, eta sormen lanabes gisa koaderno ilustratu bat eskaini zien, lapitzez marraztua –boligrafo arrastoren bat ere badu– eta protagonistatzat bere buruaren bila dabilen zakur bat duena. «Zakur bat, espazio-denbora zehatz batean: ilunabarra. Esaten dutenez, zakurrek ez dituzte koloreak bereizten eta bazterrak lauso ikusten dituzte. Hori perfektua zen niretzat. Arkatzez egingo nuela argi ikusi nuen; erdian eszena bat enfokatzen da, baina irudia ez da koadernoaren ertzekin bukatzen, eta nire ideia zen musikaria eta idazlea izatea ertz horiek marraztuko zituztenak».

Hitz eta doinuekin marrazten

Koadernoaren barrualdean zakurraren begiek atzematen duten errealitatea ageri den bezala, azaleko zakurra begirik gabe irudikatu du Olariagak. «Begiak barruan baititu, kamera subjektiboen gisa behatzen». Hala, barruko orrialdeetan ez da zakurraren irudirik ikusiko, soilik haren itzala, eta hark atzematen duen ikuspegitik.

Eta ikuspegi horri hitzak eta musika jartzearen zeregina bete dute Canok eta Lopetegik. «Hutsarte oro da hipotesien hazi», aipatzen da liburuan, eta musikari zarauztarrak bere zatirako «hainbat hutsarte» baliatu dituela zehaztu zuen. Bere lanerako arpegio eta armoniekin «jolastu» eta Canori erakutsita, hiru hilabeteko epean hamar kanturen doinu nagusiak eginak zituztela zehaztu zuen. Estiloari begira, denetik topa daitekeela esan eta, hala, diskoak kolore ezberdinetako kolaborazioak izan dituela aipatu zuen. «Bada blues bat, Pettiri eman geniona eta Batisen gitarra duena; rock-and-roll bat ere bai, funk eta soul ukitukoa, Sky Beats-eko Lidia Insaustik abesten duena; nire alaba Andrea Lopetegi eta iloba Ane Arrutik ere hartzen dute parte... Denera, hemezortzi musikari eta abeslarik hartu du parte diskoan».

Idazle lanetan, aldiz, bakarra, Cano, aritu da. «Ahalegin berezia eskatu duen lana izan da», aitortu zuen, eta erronka nagusia «ilustrazioak hitzekin berriz ez ilustratzea» izan duela nabarmendu zuen, «zineman bezala, han ez da ‘euria egin du eta txapela jantzi du’ esaten». Hala, «hari libre asko» uzten dituen testua eraiki duela ondorioztatu zuen, «desazeleratzeko gonbita egiten duena, irudiei jarraitzekoa», eta hari horiei jarraitzeko bideetako bat Lopetegik konposatutako kantuak diren bezala, horiek ere «hari solte berriak» sortzen dituztela ziurtatu zuen. «Beraz, istorioa itxi beharrean ireki egiten dute egitasmoa», nabarmendu zuen Canok.

Zentzu berean, emaitzarekin, «oso gustura» agertu zen Olariaga, «elkarlan honetan halako nukleo bat egin dugulako» eta proiektua «nahi adina zabal daitekeelako; enkoadre honetan ageri ez direnak diseinatuz produktu honek eman dezake askoz gehiago». «Ni ez naiz filosofoa –gaineratu zuen–, baina arrastoak segitze hori eta aginduen zain egoteak inpresio ezberdinak utzi dizkit. Ez dakigu txakur polizia den, torturatua... dialektika hori da polita».

Canoren hitzetan, «denek nahiko genuke proiektu ez bukatu honek jarraitzea, audiobisualki, adibidez, hedadura izatea. Ilunabarrean itzalak luzatu egiten omen dira; eta txakur honen itzala ere luzea da».