gara

PROIEKTUAREN HELBURU ETA ZERTZELADAK (IKUSKA 20)

Euskal Herria, 1978ko urria, azaroa eta abendua. Bai, garai hartan Ikuskak agertu ziren. Horietariko lehena, beste asko bezala, honela hasten zen, laino tartean. Dagoeneko hiru urte igaro ziren Franco hil zenez gero, eta oraindino alde guztietatik lainoak garbitzen jarduten zen. Egun itxaropentsuak haiek, zerbait berriaren atarian egonik, zer izango ote zen jakin nahian, eta areago, hura lortu nahian. Batzuek etorkizun hori zein zen argi zuten aspalditxotik. Beste batzuek, argi omen zuten ere. Ez zen falta ere iraganaren eta geroaren arteko lokarria.

Zalantzarik gabe utopiko hauek berarentzat atzoko eta gaurko gudariak dira eta baita ere Euskadiri eguneroko lanean aurrerarazi egiten diotenak. Eta herri zahar honek ia galdurik zituen artea, kultura, hitz batez bere jatorrizko nortasuna berreskuratzen saiatzen ari direnak. Horien artean, horiekin batera, guk geuk behar-beharrezkoa ikusten genuen beste lan bati ekin genion, euskal zinemari alegia, hura zelako, hain zuzen ere, guri garbitzea zegokigun laino tartea.

Baina euskal zinemak zer izan beharko luke? Guk ez genekien. Hasteko gogoa baizik ez genuen eta baita ere aukera orokor bat gure erantzuna finkatzeko. Hau zen gure aukera. Euskadi nazioa da eta ondorioz euskal zinemak bere kultura nazionalaren atal bat izan behar du. Horrela, euskal zinema praktikan eta praktikaren bidez definitzeko saio gisa sortu ziren Ikuskak.

Hasieran helburu honek Euskal Herrian filmatzera behartu gintuen. Aturritik Ebrora; Bizkaitik Zuberoara. Behin-behineko definizioa gauzatzen ari zen. Euskal zinema Euskal Herrian egina dena da. Baina ez. Ez zen hori. Orduan ere ez zela nahikoa iruditzen zitzaigun. Paisaia berberak ikusi genitzakeen espainiar edo frantziar filmetan. Gure herriarengana jo behar genuen. Luzaroan isilik egon ondoren, herriak berak hitz egin behar zuen. Bere ahotsa lehenbiziko aldiz entzuten zen zineman, eta ez kantatzen edo oihukatzen bakarrik. Ez. Orain bere arazo eta kezkak aipatzen zituen. Bere aspaldiko antzinatea, edo ez hain aspaldikoa. Bere oraina, bere bizitza, bere esturak, eta bere geroa.

Bazirudien definizioa gero eta zehatzagoa zela. Euskal zinema Euskal Herrian, euskaldunok eta euskaldunoi buruz egina da. Ez zabalegia, ez estuegia. Emeki-emeki, gero eta argiago, gero eta nabarmenago ohartu ginen euskal zinema euskaraz egina zela, ala ez zela. Horregatik gaur egun 20 Ikuska egin ondoren guri ere galdetuko baligute amona honi bezala: «Zuk zer gordeko zenuke zure bilobentzat?». Bere erantzuna oso-osorik geurea egingo genuke. «Euskara». Bai. Zinema euskaraz egitea izango litzateke guk emango geniekeen lekukoa “Ikuska” bukatu eta beste lan batzuk egiterakoan.

Lehen Ikuskatik sei urte igaro dira. Euskal zinemaren eta Euskadiren arazo eta borrokek hor diraute. Horregatik amaitzen dugu orduko gogo berberarekin eta hitz berdintsuekin. Euskal Herria, 1984, azaroa eta abendua. Baina hori bai, laino gutxiagorekin.