Ariane KAMIO
DONOSTIA

Gorabeheratsu, baina eusten

Landakoko ateak hurrengo urtera arte itxi baino ordu batzuk lehenago egin zuten antolatzaile, eragile, idazle eta musikariek aurten joandakoaren balantzea. Datu zehatzik eman gabe, joan-etorri gorabeheratsuko edizioa izan da aurtengoa, eta orokorrean zifrei eutsi zaiela aurreratu zuten, azken sentsazioa gazi-gozoa bada ere.

Denetarik entzuten da kalerik kale editore eta bestelako arduradunekin hitz egitean. Batzuen arrakasta aurreikus zitekeen –eskuan daturik izan gabe, literaturan salduenen artean Kirmen Uribe, Toti Martinez de Lezea eta Jon Arretxe egon daitezkeela esateko ausardia eduki daiteke eta musikan Gatibu edo Vendetta, ilara latzak ikusi besterik ez zegoen–, eta halaxe izan da. Baina, orokorrean, sentsazioa gazi-gozoa da.

Durangoko Azokako 51. edizioa apur bat aurreratu da datetan eta egutegiak ez dio bereziki lagundu bisitarien etorrerari eta, ondorioz, salmentetan. Bi lanegun izan ditu tartean eta bost eguneko maratoiari 48 orduko «etena» egiteak kalte egiten dio, eta hori nabaritu egiten da. Hitzordua aurreratzearen arrazoietako bat ikasleei zuzendutako eguna indartzea izan zen –ostiralean egina– eta, antolatzaileen ustekaberako, egun bera birritan hartu du Azokak, astelehenean ere ikaslez mukuru baitzegoen Landako.

Azken eguneko ateak ireki baino lehenago deitu zituen Gerediagak kazetariak balorazioa egitera. «Azokak egun oso bat du oraindik aurretik eta balorazioa goiztiarra da». Baina eman zituen zertzelada batzuk. Bisitari kopurua iazkoarekin berdintzearen esperantza agertu zuen Gerediagako presidente Nerea Mujikak, nahiz eta zifrek beheranzko joera izan duten. Tarteka Landako beteta ikusi da eta giro ona izan da nagusi. «Larunbat goizean lauzpabost kalejira elkartu ziren eta hori da azpimarratu nahi duguna Azoka bizitzekoa dela diogunean». Bisitariak ikusle hutsak baino parte hartzaileagoak direla nabarmendu zuen Mujikak, «horregatik da Azoka hain bizia».

Lehenengo aldiz helduei zuzendutako tailerrak antolatu dira; «eskaintza zabala izan da, eta erantzuna ere bai». Batzuek harrera hobea izan dute beste batzuek baino.

Bigarren urtez autobus zerbitzua antolatu du Azokak bisitariak Landakora gerturatzeko. 600 bidaiari inguruk erabili dute. «Ez dira izugarrizko kopuruak, baina beren balio dute aurrera jarraitzeko».

Idazle eta musikarien ordezkariak zehatzago aritu ziren. Pello Elzaburuk hiru esparruren gainean hitz egin zuen. Batetik, gazteei eskainitako eguna goraipatu zuen, eta bere garrantziari egin zion erreferentzia. «Gizarte birtual honetan ikasleak espazio fisikora ekartzea lortu da eta kultura zuzenean ikus eta uki daitekeela frogatu dute». Bisitarien joan-etorriaz aritu zen ondoren. «Irregularra izan da». Ez zuen zifra ekonomikorik eman, baina aurreko urteekin aldaketa handirik ez dela egongo iragarri zuen. Azkenik, komunikabideei deia, Azokaren ikusgarritasuna islatzeaz gain, editoreek eskaintzen dituzten produktuak zabaltzen ere lagun dezaten.

Musikaren industriatik (MIE) Ruth Manzanok zertzelada batzuk. Balorazio positiboa egin zuen eta Azokaren erreferentzialtasuna goraipatu, baina bisitarien gorabeherak nabarmendu zituen berak ere. «51. edizioan diskoen salmenta mantendu egin da eta ez da gutxi», esan zuen. Ildo horretan, berritasunek eta sortzaileen presentziak duten eragin handiari jarri zion azpimarra. «Artista-bisitari erlazioa sendotzen laguntzen du, baita zuzenekoek ere». Eta BEZ kulturalaren aferari egin zion aipamena, «zenbat min eragiten dien diskoetxe, artista eta zaleei. Gure aldarrikapen nagusia izaten jarraituko du».

Azokako guneen gaineko balorazioa egin zuen Itsaso Gangoitiak. Orokorrean ere pozik agertu zen. Szenatokiak umeen sormena erdigunean jarri du eta familien artean erreferentzia bihurtu da, Kabi@ eduki digitalen erreferentzia den moduan. Areto Nagusian eskaintza anitza, hausnarketa eta gogoeta sakonen lekuko izan baita. Ahotsenearen arrakastak aurrera dirau, nahiz eta aurten toki aldaketa izan duen. Irudieneak zinemako eta ikus-entzunen alorreko aditu eta ez hain adituak bildu ditu berriro eta Azoka TBk egunero hamar orduko saioa egin du, 100 elkarrizketatu baino gehiagorekin. Hurrengo urtean bisitaria zaintzen jarraitzeko beharrarekin itxi zuten aurtengoa.