Arantxa MANTEROLA
BAIONA

Hegazti gripea hedatu ez dadin alerta egoera ezarri dute Estatu frantses osoan

H5N8 birusa da hegaztiak kolpatzen ari dena, iazko izurritea eragin zuena baino «askoz bortitzagoa». Goi mailako alerta egoera ezarri dute lurralde osoan eta haztegiak neurri zorrotzak hartzera behartu dituzte.

Nekazaritza Ministerioaren aginduari jarraituz, Pirinio Atlantikoetako prefetak «goi mailako arrisku egoeran» ezarri ditu departamenduko hegazti haztegi guztiak. Ipar Euskal Herriko haztegietan hegazti gripeak jotako kasurik agertu ez bada ere, Estatuko lurralde osoan bezala, neurri zorrotzak hartzera behartu dituzte ahate eta oilasko ustiategiak.

Iaz izurrite handia eragin zuen birusa baino «askoz bortitzagoa» omen da H5N8 izendatzen duten oraingoa. Orduan haztegi guzti-guztiak hustu eta higiene-neurri eta ekipamendu bereziak ezartzera behartu zituzten departamendu askotako (Ipar Euskal Herria barne) baserri eta haztegiak. Hilabeteetan produkzioa eten behar izan zuten eta horrek galera handiak eragin zizkien.

Udan berrartu zuten jarduera eta atarian den Gabonetako kanpainan beren ekoizpenak merkaturatzeko prest zeudela agertu dira horren kutsakorra den gaitzaren kasuak.

Esportaziorako ateak itxi

Gizakientzat arriskurik ez dagoela ziurtatu dute berriro ere agintariek. Alta, lehen kasuak ezagutu eta berehala, ahatekien esportaziorako ate asko (AEBetara esaterako) itxi dizkiete ekoizleei sasoi betean daudela.

Hegazti hazleek hartu beharko dituzten neurrien artean daude hegaztiak leku itxietan edukitzea edo basa-hegaztiekin inolako kontaktua eragozteko sareak ezartzea; azoketara hegazti biziak eramatea debekatuta dago eta, halaber, ehizatzeko hegaztien jaurtiketak ere galaraziak daude.

Basa-hegaztien migrazioari leporatzen diote askotan gaitzaren hedapena, baina hazle asko ez datoz bat analisi horrekin. ELB sindikatuak, adibidez, adierazi du hazkuntza sistemarekin zerikusi handia duela. «Basa-hegaztien migrazioa betikoa da. Beharbada, neurriren batean kutsadura lagundu dezakete, baina hazkuntza sistema industrialak arrisku handiagoa du, handik milaka ahate banatzen eta garraiatzen baitira. Horrek eritasunaren garapenerako baldintzak izugarri handitzen ditu», esan dute.