Maitane ALDANONDO
DONOSTIA

EOS atzerrian ezagutarazteko zuzendaria hautatu dute

Robert Treviño estatubatuarra da Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren zuzendari titular berria. Ekainean Jan Markl-ek utziko duen batuta hartu eta hiru denboralditan gidatuko du musikari taldea, beste batez luzatzeko aukerarekin. Aurkezpenean haren nazioarteko ibilbideak EOSen proiekzioan laguntzea espero dutela adierazi zuten arduradunek; Treviñok, berriz, berarentzat ohorea den garai hau amaitzean orkestra indartsuagoa izan dadin jardungo dela.

Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren (EOS) zuzendari titular postuan Robert Treviñok ordezkatuko du Jun Markl zuzendari alemaniarra. Honek ekainean bukatuko du 2014ko udazkenean abiatutako hiru denboraldiko kontratua; eta estatubatuarra izango da arduradun artistiko gorena datozen hiru denboraldietan, 2017-18an hasita. Bingen Zupiria Kultura sailburuak eta EOSeko zuzendari nagusi Oriol Rochek aurkeztu zuten atzo prentsaurrekoan.

Forth Worth-en (Texas) jaioa, 34 urte ditu eta maisu gazteen artean sona handiena dutenetako bat da Trevi&bs;ño. 2013ko abenduan egin zen ezaguna Vasily Sinaiskyren ordez Bolxoi antzokian Giuseppe Verdiren “Don Carlo” operaren ekoizpen berri bat zuzendu zuenean. Horren ondoren, eta Urrezko Mozorrorako izendapenari esker ere, mundu mailako orkestra onenekin jardun du.

Bitan zuzendu du EOS. Estreinakoz, joan zen martxoan, abonu denboraldiaren barruan Anton Bruckner-en “7. sinfonia” eskainiz; bigarrengoz, aldiz, irailean, BBK Museo Hiria proiektuaren harira Bilboko Alondegian egindako kontzertuan. Bere hautagaitza proposatu zuen Rochek argitu zuenez, bi emaldi horiek baieztatu zioten Treviñok zuzendari titular batek behar duen guztia duela: musikari osoa izatea eta etorkizunerako proiektua edukitzea. «Musikarekiko erantzukizunetik eta zintzotasunetik lan egiten du. Lanarekiko eta orkestraren etengabeko hobetzearekiko konpromisoa du». Halaber, nabarmendu zuen zuzendariak duen errepertorioaren ezagutza sakona –bere eskuetara iritsitako partitura oro bere kabuz ikasi izan du, ohiko hezkuntza sistema alde batera utzita–, eskarmentua eta nazioarteko ibilbidea, zeinak agerian uzten duen «nazioartean kodiziatu eta maitatua den zuzendaria dela».

Sinatutako kontratuaren arabera, 2020ko ekainean utziko du kargua estatubatuarrak, baina urtebetez luzatzeko aukera dute. Denboraldiko EOSeko bost abonu programatan eta beste albo proiektuetan parte hartuko du, hau da, 12-15 asteko egonaldia, biraren bat bada, luzatuko duena. Rochen esanetan, «Robertek ziurtatzen digun etorkizuna ez da itxaropentsua bakarrik, baita erabat apasionagarria ere».

Umil eta serio

Zuzendari profil berri bati erantzuten dio hautaketak, nahiz eta aurrera jarraituko duen erakundeak egin beharreko hedatze eta sendotze bidean. Ildo horretatik, Zupiriak aurten 35 urte beteko dituen orkestraren alde euskal agintariek eta gizarteak egindako «apustu sendoa eta inbertsioa» gogoratu zituen, «kultura interesatzen zaion eta inporta zaion herrialde bezala senti gaitezen eta hala ikus gaitzaten hemendik kanpora ere». Hori horrela, Treviñori lotuta, bide berri bati ekingo dio, «lagungarri izango zaiona bere sendotasuna trinkotzeko, batasuna hobeto lotzeko, eta musika aldetik are eta harmoniatsuago entzuteko eta jotzeko», sailburuaren ustez.

Zuzendari berria EOSen kanpo proiekzioan lagungarri izatea espero dute, eta Treviñok berak ere, nazioarteko jardunen aurrerapauso bat eginez hartu du bere gain EOSen titular izateko aukera. «Umiltasunez eta seriotasunez» onartu duela aitortu zuen, haurtzarotik bizitza osoan halako aukera izateko lanean aritu dela azalduz. «Aldatu, garatu, sustatu... hori da alor guztietan egingo duguna. Munduari gure desira sakonenak adierazi». Lor daitekeen maila altuenera iristean arreta jarriko du; baina baita ere «euskal nazioaren enbaxadore izatean, zorionez, atzerrian». Horregatik, bere zuzendaritzapean aurrera eramango dituzten proiektuetako askok ideia bati erantzungo diote: jendea hona gerturatzea.

Euskal Herrian egingo duen ibilbidea burutzean orkestra indartsuago egitea espero du, «ez bakarrik bere profilean, baita entitate gisa lan egiteko moduan ere». Hau da, musikari guztiak batzen dituen asmoa hobeto komunikatzeko eta interpretatzeko gai izatea.