Jon LEUNDA
Interview
INAZIO OTAÑO
REAL UNION TALDEKO ATEZAINA

«Real Unionen zerbait polita egiteko gogoa dugu aurten»

Gipuzkoan etorkizunik handienetakoa duen atezaina da Inazio Otaño. Gazte mailan joan zen Realera, baina hori amaitutakoan Lagun Onakera itzuli zen. Iaz denboraldi bikaina egin zuen, eta horrek berriro ere Realak fitxatzeko balio izan zion. Aurten Real Unioni utzita dago, eta Tenarekin batera irundarren atea ahalik eta ongien gorde nahian dabil atezain azpeitiarra.

Inazio Otaño azpeitiarrak bere lehen denboraldia du Real Unionen, baita Bigarren B Mailan ere. 21 urteko azpeitiarrarengan itxaropen handia dago, atezain gaztea baita, eta teknikariek etorkizun handia ikusten diote. Lagun Onak taldetik etorri da Irunera, baina berez Realekoa da, eta talde zuri-urdinak utzita ari da jokatzen Gal estadioan.

 

Nola doa Bigarren B Mailan jokatzen ari zaren lehen denboraldi hau?

Oso gustura. Niretzat zerbait berria da, eta talde handi batean izan dut gainera maila honetan estreinatzeko aukera. Uste dut jokalari oso onak ditugula taldean eta zerbait polita egiteko gogotsu gaude denok.

 

Aldaketarik nabaritu duzu Hirugarren Mailan zegoen jokatzeko eratik Bigarren B Mailan dagoenera?

Batez ere, abiaduran nabaritu dut alderik handiena. Iruditzen zait Bigarren B Mailan abiadura handiarekin jokatzen dela. Gainontzean ez dut uste gehiegi aldatzen denik.

 

Pertsonalki nola doa aurtengo denboraldia?

Ongi. Jokatzen hasi nintzen. Lehen partidan min hartu nuen, eta gero geldirik egon behar izan nuen. Behin osatutakoan berriro ere jokatzen aritu naiz, Ligako azkeneko bi partidetara arte, horiek Tenak jokatu baititu. Bera ere gaztea da, eta lehiakortasun oso polita daukagu. Oso gustura nago. Liga jokatzen hasi eta lehen partidan min hartzea kolpe handia izan zen niretzat, baina denen aldetik babes osoa jaso nuen. Hori izan da aurtengo nire unerik txarrena.

 

Madrilen irabazita, berriro ere indartuko zineten, ezta?

Dudarik gabe. Uste dut oso denboraldi ona egiten ari ginela, baina abendua ez genuen onena egin, baina hori ere normala dela esan daiteke. Urtea hasi dugunetik, sei puntutik lau atera ditugu bi aurkari zailen aurka, eta horrek aurrera egiteko berriro ere indar handia emango digu, dudarik gabe.

 

Albacetek etxean Sanserekin galduta, lehen postua eskuratzeko ametsa indartu al da?

Azken batean guk partidaz partida joan nahi dugu. Gure hurrengo helburua hurrengo asteburuko partida irabaztea da. Apurka-apurka joan nahi dugu, eta garbi dago ahalik eta gorenen geratu nahi dugula, eta ahal bada igoera fasea jokatu, baina pausoz pauso joan behar da. Sansek Albaceten irabazteak esan nahi du maila oso parekatua dela, edozeinek edozeini irabaz diezaiokeela.

 

Federazio Kopa ere garrantzitsua izango da zuentzat, ezta?

Dudarik gabe. Taldeak lehiaketa hori orain dela bi urte irabazi zuen, eta errepikatzea ederra izango litzateke. Gainera, jokalariontzat ere garrantzitsua da aurrera jarraitzea, azken batean jokatzeko aukera gehiago ditugulako. Gainera, ongi joateak Ligarako ere indarra ematen dizu. Azken batean, dena lotuta doa, eta guretzat lehiaketa hau ere garrantzitsua izango da, eta saiatuko gara ahalik eta gorenen iristen.

 

 Iazko denboraldia izan al da orain artekoan zure kirol bizitzako denboraldirik ederrenetakoa?

Dudarik gabe. Lagun Onakekin denboraldi bikaina egin genuen. Herriko taldearekin egin genuena ez da ahaztuko sekula. Bigarren B Mailarako igoera fasea jokatu genuen, eta herrian piztu zen ilusioa ere latza izan zen. Denboraldi bikaina izan zen denontzat.

 

Amaiera tristea, ezta?

Bai. Azken batean, Aguilasen jokatu genuenean azkeneko kanporaketarako txartela oso gertu ikusten genuen. Amaitzetik gertu sartu ziguten gola, eta gero luzapenean sartu ziguten bigarrena, eta kanpoan geratu ginen. Dudarik gabe, era horretan galtzeak min ematen du. Gainera, Azpeititik Aguilasera jende asko joan zen, eta haraino joan gu ikustera eta galtzeak ere pena handia eman zigun, eta oraindik ere horrek min egiten du. Hala ere, denborarekin urte eder bat bezala geratuko zaigu.

 

Zu Real Unionen Realak utzita, Bastida Realeko gazte mailan, eta Marrero Realeko kadeteetan. Zer dauka Azpeitiak horrelako atezain gazte onak ateratzeko?

Ez dakit, baina poztekoa da. Ni atezaina izanda, niretzat horrelako gauzak oso onak dira. Oraindik ere oso gazteak gara hirurak eta garbi daukat oraindik lan asko egin beharko dugula, baina Azpeitian nolako atezainak ateratzen ari diren ikustea oso berri ona da, Lagun Onak-en bertan ere maila ezberdinetan oso atezain onak baitaude. Azpeitian atezainekin ere oso lan ona egiten ari direla esan nahi du horrek.

 

Jagoba Beobide ficha por el Racing

Otro azpeitiarra, en este caso el centrocampista Jagoba Beobide, fue noticia ayer al conocerse su fichaje por el Racing de Santander hasta el 30 de junio. Beobide se incorporará hoy mismo a los entrenamientos de Ángel Viadero, y será presentado en las instalaciones del conjunto cántabro, que milita actualmente en la Segunda División B. El de Azpeitia se encontraba sin equipo tras ascender a Primera la pasada campaña con el Alavés, y llega a Santander con el aval de haber jugado más de un centenar de partidos en Segunda A con el conjunto babazorro, el Córdoba y el Real Unión. Unos días antes se confirmó el fichaje de Dani Estrada por el Real Unión.