Haritz LARRAÑAGA ALTUNA
IBAIAREN GARBIKETA

«Raftingean ala oinez», helburu garbia: Errobin, zero hondakin!

Herritarrak Errobi ibaia garbitzera deitu dituzte zortzigarrenez. Testigantza zuzena izateko, ontzi puzgarri batean Itsasutik Kanborako bidea egitera gonbidatu gaituzte. Ur lasterretan barrena ingurune zoragarri batean hondakin desberdinek eragiten duten kaltearen lekuko izan gara.

Eragile eta elkarte anitz ari da lanean, martxoaren 5erako deitu duten «Errobin: zero hondakin» egunean ahalik eta jende gehien bildu eta guztien artean garbiketa lan arrakastatsu bat burutzeko.

Boluntarioak bitan banatuko dira, ibaiaren mendebaldean oinez abiatuko dira garbitzaileak, eta ibaiaren ekialdean pilatzen diren hondakinak bildu behar dituztenak berriz, rafting egiteko ontzietan joango dira.

Itsasun elkartu gara, Evasion 64 enpresak duen egoitzaren atarian, izan ere, ur kiroletako elkarte zein entitate anitzek ere bat egin dute ekimenarekin eta kazetarioi ibaiaren egoera zein den zuzenean erakusteko konpromisoa hartu dute.

Antolakuntzaren ardura nagusia Errobi Ibarraren Sindikatuak du eta bertako erreka teknikaria den Joan Rodriguesek egin digu harrera. Neoprenozko ur jantzi lodiak jantzi, gidariaren azalpen eta aholkuak arretaz entzun eta rafting egiteko ontzi puzgarri batera igo gara.

Garbigailuak garbitu behar

Eguraldi grisa da eta ur lasterren hotsak hotza iragartzen du, baina giro bikainean irten gara. Hostorik gabeko zuhaitz luze meharren artean palmondo gune bat topatu dugu, hondartza moduko bazter batean. Paisaia bitxia da, kontrastez hornitua, eta horrek lekua are eta ederragoa bilakatzen du, baina badira ingurunearekin bat ez datozen elementuak.

Gidariak, arropa garbigailu bat seinalatu du. Paradoxikoki, ez da bidean topatu dugun bakarra. Garbitzeko erabiltzen diren aparatuak, garbitu beharreko hondakin bihurtzen dira. «Ibai honekin bat egiten duten errekatxoetan zernahi isurtzen du jendeak», azaldu digu Rodriguesek, «horregatik da garrantzitsua jendearekin, eta batez ere laborariekin, kontzientziazio lan bat egitea».

Ibaiertzeko zuhaitzen adarretan mota guztietako hondakinak ikus daitezke. Baserritarrek belarra pilatzeko erabiltzen duten plastiko beltza nonahi dago, baita altuera handiko eremuetan ere, izan ere, 2014an izan ziren uholdeekin uraren maila izugarri igo zen eta orduko arrastoak egun oraindik nabarmenak dira.

Itzulia Kanbon amaitu da, baina lehorreratu aitzin, erreka teknikariak bidaiaren helburua gogorarazi digu: «Hondakinak pilatzen diren guneak identifikatu eta material motak sailkatu, garbiketa eguna behar bezala antolatzeko».

Sostengu zabala

Iaz, 200 boluntarioren artean bi tona zabor bildu zituzten, baina «aurten jende gehiago erakarri nahi» dutela iragarri du Rodriguesek. Horren adierazle izan da ekimena aurkezteko Kanboko bainuetxean bildu den ordezkaritza zabala.

Jean-Michel Galant (Errobi Ibarraren Sindikatua), Vincent Bru (Bil ta Garbi), Jean-Michel Goñi (hautetsia) eta Gerard Bafcop (Baionako Aviron arraun elkartea) ordezkariek hartu dute hitza, bakoitzak bere eremuan duen erantzukizuna oroitarazi eta jendea ibai garbiketan parte hartzera gonbidatzeko.

«Martxo hasieran izango da ekimena», argitu digu Rodriguesek, «oraindik zuhaitzetan hostorik ez denez, lana errazago egin daitekeelako». Baina ez da arrazoi bakarra, «lehen urtetik parte hartzen duten arrantzaleak» ere kontuan hartu dituzte eta arrantza sasoia hasi aitzin antolatu dute bilketa eguna, horrela «udaberrirako ingurunea garbiago izanen da».