Maider IANTZI
DERIO
Interview
LEIRE BARAÑANO ORBE
NEIKER-TECNALIAKO ZUZENDARI NAGUSIA

«Ekoizten diren produktuen balioa komunikatzea da zailena»

Lakuako Gobernuaren Neiker-Tecnalia zentroko zuzendari bezala lehen pausoak ematen ari da durangarra, kasik hogei urteko lan esperientzia lagun, lehenik Eroskin eta gero Aztin erantzukizunezko hainbat funtzio betez. Nekazaritzako esplotazioek hiru hanka izan behar dituztela eta hiruren artean oreka zaindu behar dela defendatzen du. Ekonomia, jendartea eta ingurumena dira zutabeok.

166 langile dira nekazaritza ikertu eta garatzeko xedea duen zentro honetan, Derio eta Gasteiz artean banatuta. Bizkaiko egoitzan hartu gaitu zuzendariak eta, bulegora bidean, esperimentu bat egiteko ardiak eta laginak hartzeko lekuak ikusi ditugu. Leire Barañanok azaldu digunez, beren misioa hiru lerrotan laguntzea da: lehiakortasunean (adibidez, izurrite bat aurreikusi eta galerak ekidinez), balio erantsia duen produkzioan (kate osoko proiektuekin: kontsumitzaileak, transformazio enpresak eta lehen sektorea) eta ingurumenean.

Nekazaritzaren eta ikerketaren arteko lotura aspaldikoa da. 1765ean jada egin zuten ahalegin hori Azkoitiko jauntxoek. Zertan da lotura hori?

Ikerketa nekazaritzan betidanik izan da garrantzitsua, bai landareekin, bai animaliekin. Beti dago zerbait ikertu beharra: jasangarritasuna hobetzeko, lehiakortasuna handitzeko, produktu berriak sortzeko, produktu naturalak egiteko...

Iristen da ikerketa hori gure herrietako baserri eta esplotazio txiki eta ertainetara?

Saiatzen gara. “Sektorea saretzen” programa daukagu. Gure xedea da egiten dugun lana esplotazio ertain eta txikietara eramatea, baita euren beharrak ezagutzea eta lantzea ere. Harremana bi norabideetakoa da. Gure inguruko bezero eta kolaboratzaileak baserritarrak eta euren elkarteak dira.

Beharrak aipatu dituzu. Zein premia dituzte nekazariek?

Produktu osasungarriagoak egitea, botika gutxiago erabiltzea... Baina ekoizpena galdu gabe. Era askoz ere naturalagoan ekoiztea, hori joera inportantea da, baina noski, gero izurriteak eta arazoak daude, eta hor sartzen da teknologiaren eta produkzioaren ezagupenaren garrantzia. Ekologikoekin ere lanean ari gara. Europan badira lurralde asko produktu ekologiko asko erosten dituztenak. Hemen ere gero eta gehiago, baina ez hainbeste. Etorkizunean, ezberdintasunak ondo azaltzen direnean, segur aski jendeak hobeto baloratuko ditu.

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan lan egiten duzue, edo Euskal Herri osora zabaltzen zarete?

Batez ere, hiru lurraldeetan aritzen gara. Gero zabal gaitezke, adibidez, eskaera zehatzak badaude. Elkarlanak badaude.

Zeintzuk dira Euskal Herriko nekazaritzaren ezaugarriak?

Produktu naturalak ekoizten dira, kalitatezkoak, ezberdintasun bat eta balio erantsia dutenak.

Etorkizuna bide horretatik izan dezake?

Zati bat bai. Merkatuan badaude bolumen handiko enpresak eta horiekin ezin da lehiatu, baina badaude merkatuko zati batzuk non badagoen lekua.

Herrietan gero eta baserri gutxiago daude. Nola ikusten duzu sektorearen geroa?

Sektore honek produkzio eta produktu ezberdinak egiten baditu eta desberdintasun hori komunikatzen bada, beti egongo da populazioaren zati bat baloratuko dituena. Produzitzen denak ezberdina izan behar du. Hori gaur egun horrela da. Bestetik, teknologiak lagundu behar du gero eta eraginkortasun handiagoz ekoizten. Hirugarrenik, balioan ipini behar da, non eta nori saldu ikusi eta ezberdintasunak azalduz. Hori da zailena. Kontsumitzaileak zarata asko dauka, aukera asko, eta sarri uste dugu bi produktu berdinak direla, bat merkeagoa da eta hura erosten dugu, baina ez dira berdinak. Txarrena da dena berdina dela pentsatzea, hala merkeena erosten dugulako.

Transgenikorik gabeko etorkizuna posible izanen da?

Printzipioz gure merkatuan ez da transgenikorik saltzen eta, gure iritziz, hori mantendu behar da.

Duela gutxi eztabaida piztu du Soriako herri txiki batean egin nahi duten behitegi erraldoiak. Zein iritzi duzu?

Enpresa baten mugimendua da eta nire errespetu guztia du. Proiektuek errentagarritasun ekonomikoa behar dute, baina baita ingurumenarekiko eta gizartearekiko konbergentzia bat ere. Soriakoa bezalako egitasmo batekin oso zaila da hori. Oreka behar da ekonomian, gizartean eta ingurumenean.

Esplotazioa intentsiboa izan daiteke txikia izanda ere. Eredu hori babesten duzue?

Eredu estentsiboak beste abantaila batzuk ditu. Oso zaila da esplotazio intentsibo batean lehen aipatutako oreka lortzea.

Zein proiektu dituzue esku artean? Jarriko zenuke adibideren bat?

Ikertzen ari gara nola murriztu antibiotikoen presentzia. Hori oso inportantea da. Labore alternatiboak ere lantzen ari gara, balio erantsia dutenak. Ikertzen ari gara nola sortu produktu naturalagoak edo osasungarriagoak, transformaziorik egin gabe. Adibidez, omegadun esne bat. Gure basoetan ze espezie landu eta berreskuratu daitezkeen ere aztertzen ari gara.

Segurtasun handiko eraikin bat ere baduzue. Zertarako da?

Edozein animalia hiltzen bada, hona ekartzen da aztertzeko. Behi eroen arazoa egon zenean eraiki zen. Gauza asko aztertzen da animalien inguruan. Jende asko ari da horretan lanean. Gizarteak ez daki zein inportantea den animalien gaixotasunak kontrolatzea. Alde batetik, adibidez esnea ematen duen behi baten gaixotasunak errendimenduan eragiten du eta, bestetik, pertsonengana pasa daitezke. Kontrol oso-oso zorrotzak egiten dira, horregatik ez da inolako alarmarik eta arazorik gertatzen.