Nagore BELASTEGI
DONOStia

Telefono adimendunak bikoiztu egin dira azken lau urteetan

Google-k 2012an egindako ikerketa bat 2016ko beste batekin alderatuz, argi gelditu da teknologia berrietan zer-nolako joerak nagusitzen ari diren; smartphone kopurua bikoiztu egin da. Batez ere Interneten ibiltzeko erabiltzen dira, eta ordenagailuak zeukan lekua hartu dute.

Duela hogei urteko telefono mugikorrak handiak ziren. Sakelako bilakatzeko urte batzuk falta zitzaizkien. Ondoren, tamaina txikitzea izan zen enpresen erronka. Teknologia berriei esker, funtzio gehiago sartzen hasi ziren, kamerarekin hasita. Hala, telefonoak berriro ere gero eta handiagoak bilakatzen hasi ziren, baina oraingoan botoiak bidean galdu zituzten eta pantaila handi bat irabazi.

Egun smartphone edo telefono adimentsuak ditugu, sakelako ordenagailu txikiak. Urtez urte telefonia enpresak gailu berritzaileak eta hobeak aurkezten saiatzen dira. Horientzako zita garrantzitsua da gaur amaitzen den Bartzelonako Mobile World Congress topaketa. Izan ere, bertan aurkituko ditugu teknologia mugikorraren inguruko puntako berrikuntzak.

Google-k smartphone horiei buruzko ikerketa bat egin du eta emaitzek diote horien mundu mailako batez besteko hedapena %70ekoa dela, %81ekoa Estatu espainolean. Honek esan nahi du lau urtean telefono adimentsuen kopurua bikoiztu egin dela (2012-2016).

Gailu hauei arrakasta ematen dien funtzioa Interneterako sarbidea da, honek aukera pila bat eskaintzen dituelako. Izan ere, inkestatuen %34k nahiago dute Interneten telefonoaren bidez sartzea –Estatuan zifra hori %75ekoa da– eta beste %33ak ordenagailua zein telefonoa erabiltzen ditu.

Telefono tontoa

Smartphone berriei buruz hitz egiten badugu, MWC azokako aurtengo izarra Nokia 3310 telefonoa izan da. Duela hilabete batzuk zurrumurruak zabaldu ziren konpainia finlandiarraren modelo klasiko eta maitatu haren bertsio berritua kaleratuko zutela eta jendeak espero zuena bete da.

«Dumbphone» (telefono tontoa) delakoen atalean sartzen dute ez dituelako smartphone baten funtzio berdinak. Modelo berri onek koloretako pantaila handiagoa dauka, baina botoiak errespetatu dituzte. Kamera bat badauka, baina 2 pixeletakoa besterik ez. Interneterako sarbidea badauka, baina 2Ga duenez ez du balio webgune pisutsuetan sartzeko eta, noski, Whatsapp eta honelako aplikazioak ezin dira erabili. “Snake” jokoaren bertsio berritu bat gehitu dute, karkasetan kolore bixiak erabili dituzte eta, onena, 50 euroan dago salgai.

Beste aldean Huawei txinatarraren proposamenak daude. Huawei P10 eta Huawei P10 Plus telefonoak kaleratu ditu. Kasu honetan, Leica kamera on bat gehitu die gailuei, argazki kamera onekin lortzen diren emaitza berdintsuak lortzeko asmoz.

Bestalde, kirolariei zuzendutako «gadget» bat ere atera dute, Huawei Watch 2 erlojua. Aurreko bertsioa hobetu dute eta orain erloju klasiko baten itxuraren atzean ezkutatzen den smartphone bat dugu. Bertatik deiak erantzun daitezke baita mezuak jaso eta bidali ere telefonoa gainean eraman beharrik gabe.

Gainera, musika entzun daiteke, GPSa dauka eta kirolariarentzako aproposak diren funtzioak ditu: pausoak zenbatzen ditu, eta distantzia eta taupadak neurtzen ditu.