Ariane KAMIO
DONOSTIA

Irudiak bizi moldeetan

San Telmo museoko argazki artxiboetatik aukeraketa bat eginda eratu dute Maria Millan eta Elisa Querejeta komisarioek «Gipuzkoa argitara» erakusketa. 1855 eta 1930. urteen arteko irudiak batu dituzte, Donostiakoak gehienak, baita lurraldeko beste hainbat herritan hartutakoak ere. Bizi ohiturak eta aldaketa arkitektonikoak dira nabarmenenak.

«Bizitza kapa desberdinak dituzte argazki hauek. Esku askotatik pasatu dira. Hatz markak dituzte. Estalki desberdinak». Elisa Querejeta komisarioaren hitzak dira San Telmo museoko “Gipuzkoa argitara” erakusketako lehenengo irudiei begira. Museoko artxiboan dauden 15.000 argazkietatik 115 hautatu dituzte, 1855. eta 1930. urteen artekoak, eta garaiko gizartearen erakusle dira. Andoaingo Izturitzaga Txiki baserria, 1917. Familia baten irudia. Aita, bi umeak besoetan lo dituela. Bi emakume artoa aletzen. «Argazki hau sekulakoa da. Errepresentazio bat da», aipatu du Querejetak.

Bizi ohituren erretratuak bildu dituzte erakusketan. Donostiakoak eta Gipuzkoako herrietakoak. «Hau ez da donostiarren bilduma huts bat. Gure aiton-amonak ere baserrietatik etorri ziren. Bizimodu era desberdinek leku berean topo egiten zuten», aipatu du.

Gehienak argazki originalak dira, bi ikuspegitatik aztertuak, artistikoa eta ondarearena. Garaiaren arabera egiteko teknikak desberdinak dira eta horrela, kristalak, albuminak, azetatoak eta zianotipiak aurki daitezke bertan. «Egin denboran atzera 150 urte. Gaur egun argazki kameretara oso ohituak gaude, baina garai hartan, argazkilaritzaren hastapenetan, askok ez zuten sekula argazki makinarik ikusi. Argazkilariak, lan artistikoa ez ezik, lan humanoa ere egin behar izaten zuen aurrean zuen jendearekin, eta emaitza sekulakoa da».

Argazkien egoera fisikoak sortu zirenetik gaur egunera iristerainoko ibilbideaz hitz egiten du erakusketak. Bakoitzak aztarna ugari ditu: bere protagonisten iraupena, argazkia egin zuenaren begirada, ikusi zutenen jakin-mina, gorde zutenen ardura.

Hiriaren zabalkundea ere irudi askotako protagonista da. «Santa Katalina zubiaren irudia esanguratsua da. Zubiak iragana eta oraina islatzen ditu, hain zuzen, Donostiaren zabalpenarekin zerikusi zuzena duena». Landa eremua hirigune bihurtuta, industriak turismoari leku uztea, lan eta giza esparruan elkarbizitzeko modu berriak. Argazkigintzaren historiarekin bat egiten duen bilakaera.

Atzeko lana

Argazki horien atzean dagoen balio historiko eta humanoari azpimarra jarri diote erakusketako komisarioek. Izan ere, ehundik gora urte dituzten irudiak dira gehienak, argazkigintzaren hastapenei lotutakoak horietako asko. Argazki horiek egin, bildu, eta urte horietan guztietan gorde dituzten hiritarren lana goraipatu dute komisarioek. «Pertsonen eta sentsibilitate desberdinen arteko elkarketa baten emaitzari esker dauka gaur egun San Telmo museoak daukan argazki artxiboa». Erakusketa ez da kontakizun kronologiko bat, ez eta kronika historiko bat ere. Aitzitik, Donostiako eta Gipuzkoako argazkiak batu dituzte garaiko ikuspegi bat eskaintzeko eta gizarte hartako jendearen bizimoduaren erakusle izateko.

Funtsaren sorrera, 1901ean

San Telmoko funtsa museoarekin batera sortu zen, 1901ean, Donostiako Udalak, Historiaren Akademiaren mendeko Gipuzkoako Monumentu Historiko eta Artistikoen Batzordeak eta Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko kideek egindako argazki dohaintzari esker. Haiek egin zituzten lehen dohaintzak, lehenengoak arkitekturari eta ondareari lotutako argazkiekin, eta gero lehenengo estudioko erretratuekin. Argazkilarien artean ziren Hermenegildo Otero, Valentin Marin, Miguel Aguirre, Martin Zuloaga eta Leopold eta Frederic Docloux. XX. mendeko lehen bi hamarkadetan irudi fotomekanikoa hedatu zen egunkari eta aldizkarietan. Hari esker, argazkilari ospetsu berriak agertu ziren, hala nola Willy Koch, Pascual Marin, Ricardo Marin, Toribio Noain Arzak eta Indalecio Ojanguren. Guztiek argazki kazetaritza edo ildo etnografikoa landu zuten. Zerrendara batzen zaizkie Gregorio Gonzalez Galarzak eta haren seme Carmelok Donostiako monumentuei egindako argazkiak. Alor arkitektonikoak eta paisaiari lotutakoak ez ezik, garai hartan oso jende gutxik ikus zitzakeen lekuak eta xehetasunak eskaini zituzten, nagusiki familiarteko irudiekin. A.K.