Haritz LARRAÑAGA

BAIONAKO ELIKAGAIEN BANKUAK 30 URTE BETETA, BEHARTSUAK BAINO EZ DITU IRABAZI

Ipar Euskal Herriak, eta batez ere Lapurdiko kostaldeak, aberats fama du, baina luxuzko hotel eta auzoetatik harago, jan ahal izateko laguntza behar duen jende kopuruak gora egin du. Baionako Elikagaien Bankuak 1.762.000 otordu banatu zituen 2016. urtean.

AEBetan jada martxan zen kanpaina batetik hartu zuen eredua Louis Seguin jaunak, eta Ipar Euskal Herrian ere eguneroko jakiak eskuratzeko zailtasunak zituen familia ugari zegoela ikusita, Baionako Elikagaien Bankua sortu zuen 1987an. Lehen urtean 45 laguntzailek 13 tona elikagai banatu zituzten. Egun, astelehenetik ostiralera, goizero 130 boluntario biltzen dira jakiak bildu eta sailkatzeko. Iaz, 950 tona janari banatu zuten behartsuenen artean.

Goizeko 7.30ean, Donapaleu, Baiona eta Hendaia artean diren hamaika saltoki handitara abiatzen dira zazpi kamioi eta despentsak beteta itzultzen dira Baionara. Batez ere, haragi, barazki eta frutak biltzen dituzte, alegia, lehenbailehen jan beharreko jakiak, horregatik egin behar izaten dute lan azkar. «Zailena produktuak hotzean mantentzea da», azaldu du François Ribeton, bankuko lehendakariak, «delikatuena» kamioi batetik bestera elikagaiak pasatzeko momentua izaten dela gehituta.

Jasotako alimentuak hiru zatitan banatzen dituzte. Atal batean fruitu eta barazkiak biltzen dituzte; beste batean, haragi, jogurt, arrain eta antzeko jangai freskoak. Produktu hauetako asko egunean bertan kontsumitu beharrekoak direnez, zuzenean ateratzeko prestatu eta gainerakoak frigorifiko handi batean gordetzen dira.

Hirugarren atala, berriz, zereal, pasta, gailetak, eta antzeko janariek osatzen dute. Azken horiek gordetzeko biltegia, ordea, Baionako beste leku batean aurkitzen da; hau da, biltegi nagusitik aparte, eta horrek zailtasunak sortzen ditu. Hala ere, datorren urterako «teilatu bakar baten azpian bildu ahal izango dira produktu guztiak, lokal berri bat eraikitzeko proiektua martxan baita», nabarmendu du elkarteko lehendakariak. Eraikin berria egiteko erakunde publiko desberdinetatik 1’5 milioi euro jaso dituzte.

Aparteko bilketak

Produktu freskoak biltzeko ez dute arazorik, baina Ribeton kexu da: «Ez da nahikoa, zeren, zereal gutxi biltzen da». Horregatik, bat egiten dute urtero azaroko azken asteburuan Estatu frantses osoan egiten den bilketarekin.

Ipar Euskal Herriko supermerkatuetako sarreretan zehazki, 400 bat laguntzaile jartzen dira eta erosketak egitera doanari poltsa bat ematen diote irteeran kontserba edo iraungitze data luzeko produktuekin beteta itzul dezan.

Ribetonen aburuz, «azaroko ekimena ere motz geratzen da eta horregatik urtean zehar beste bilketa egun bat egin behar da». Iaz, ekainean egin zuten aparteko bilketa eguna, E. Leclerc supermerkatu sareak Baiona inguruan dituen saltokietan eta aurten Carrefourreko denden kanpoaldeetan elkartuko dira erosleen ekarpenak jasotzeko.

Eguneroko bilketaz eta saltokien atarian egiten dituzten ekimenez gain, norbanakoek zein enpresa batzuek beraien kabuz eskainitako donazioak ere jasotzen dituzte. Batzuek laguntza ekonomikoak ematen dituzte, baina gehienek produktu sortak erregalatzen dituzte. «Gaur esaterako, Pierre Oteiza hesteki enpresak emandako saltxitxoiak jasotzera joan gara. Horretarako erabili dugun kamioia ere bere garaian EDF elektrizitate enpresak egindako oparia da. Horregatik da guztiz urdina», adierazi du irri-mirrika Ribetonek.

Lanerako jendea behar

Gurutze Gorri, ekimen sozialetarako zentro eta udaletxe batzuetako garraioak iristen doazen neurrian, operazioa errepikatu egiten da, jada ongi antolatuta dituzten elikagai multzoekin zamatzen dira ibilgailuak, eta hortik aurrera, haiek arduratzen dira laguntza behar duten familia, jantoki sozial, eta abarretara jakiak eramateaz. Haiek dira behardunekin bitartekari lanak egiten dituztenak. «Elikagaien bankuak ez du janaria jasotzen duten pertsonekin lotura zuzenik», zehaztu du elkarteko arduradunak.

Halere, Elikagaien Bankuak jende askorekin ditu harremanak, baina, Ribetonen ustez, «gazteak falta dira». Izan ere, egun, boluntario guztiak erretiratuak dira eta batez besteko adina 60 urtekoa da. Horrek arazoak sortzen ditu, esaterako, «haurrek oporrak dituztenean laguntzaile falta handia izaten da, aitona-amonek beren bilobak zaindu behar izaten baitituzte».

Lanerako gogoa duenak Elikagai Bankuak Baionan duen egoitzara gerturatu besterik ez du, eta han, Ribeton jauna bera arduratzen da «hamaika euroren truke, zapatak eta eskularruak banatu eta asegurua egiteaz».

 

boluntarioak eskertzeko bazkari eder bat 30. urteurrenean

Elikagaien Bankuaren 30. urteurrena ospatzeko pasa den martxoaren 10ean kontzertu bat antolatu zuten Angeluko Andre Maria elizan. Bertan, 400 lagun bildu ziren Oldarra eta Adixkideak abesbatzek eskainitako kantaldia entzuteko.

Ez da, ordea, aurten egingo duten ospakizun bakarra. Egunero musu-truk lanean aritzen diren kideei esker ona erakusteko jatetxe batean elkarrekin bazkaltzera gonbidatuko dituzte. «Jendeak urte osoan gogor lan egiten du, behar duen jendeari laguntza emateko. Beraz, momentu gozo bat ere merezi dute, ezta?», erantsi du, umoretsu, elkarteko lehendakariak.H.L.A