GARA
BILBO

Lan baldintza eskasek ezbeharrak dakartzatela esan dute sindikatuek

Euskal Herriko sindikatu gehienak kalera atera dira Lan Osasun eta Segurtasunaren Nazioarteko Egunean langileek jasaten dituzten egoerak salatzeko. Esan zutenez, ondoriorik larriena istripu eta gaixotasunak dira, eta gobernuei horien kontra pausoak emateko eskatu zieten. Mobilizazioak egin zituzten Bilbon eta Iruñean.

Euskal sindikatuak Bilbon eta Iruñean kalera atera dira Lan Osasun eta Segurtasunaren Nazioarteko Egunean, lan baldintza kaskarrek eragiten duten prekaritatea salatzeko asmoz.

ELA, LAB, ESK, Steilas eta Hiru-k batera egin zituzten mobilizazioak. Bilbon Confebask patronalaren egoitzaren aurrean elkarretaratzea egin zuten eta ondoren Kale Nagusitik Arriaga plazara bitartean manifestazioa egin zuten. «Osasuna ez dugu galtzen ezusteak gertatzen direlako, ezartzen dizkiguten lan baldintzek horretara eramaten gaituztelako baizik», esan zuen Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiak. Patronalari buruz ere hitzok esan zituen: «Egia da legeak aukerak ematen dizkiola baldintza hauek inposatzeko, egia da gobernuek babesten dutela egiten ari direna, baina guk zera esaten diogu, ez dela zilegi langileek osasuna galtzea, bizitza galtzea, beraiek irabaziak ateratzeko».

Sindikatu abertzaleko Nafarroako koordinatzaileak ere Iruñean hitz batzuk eskaini zituen. Igor Arroyok zehaztu zuen ezbeharrak murriztea «agenda instituzionalaren lehentasunetako bat» izan behar dela.

ELAko idazkari nagusi Adolfo “Txiki” Muñozek, ordea, esan zuen ezinbestekoa dela administrazioek borondatea aldatzea, pertsonen bizitza eta osasuna kontuan har dezaten, lan istripu eta gaixotasun profesionalak murriztu daitezen. Alde horretatik, EAEko Lan Segurtasun eta Osasunerako Institutuaren jarrera salatu zuen, zeinari atzoko egunari begira «publizitate kanpaina soil bat» egitea besterik ez zaion otu.

Iruñean, Mitxel Lakuntzak gaixotasun profesionalak gogora ekarri zituen. «Ahaztuak izan ohi dira osasun eta segurtasunari buruz mintzatzen garenean ez dagoelako haien inguruko jarraipenik», bota zuen eta zehaztu zuen istripu baten ondorioz gertatzen den heriotza bakoitzeko 18 pertsona hiltzen direla gaixotasun profesional baten erruz. Gaitz horien %60 ez dira gaixotasun profesionaltzat hartzen.

Egoera «onartezina»

Aipaturiko sindikatuez gain, beste batzuek ere egin zuten protesta. CCOOk, esaterako, batzarra egin zuen eta ondoren manifestazioa. Lan Osasun ataleko arduradun Alfonso Riosek egunean zehar zabaldu zen ideia nagusia azpimarratu zuen: «Lan merkatuko prekaritateak lan istripuak eta gaixotasun profesionalak dakartza».

Bere kide Carmen Sesmak adierazi zuen egoera «onartezina» dela. «Krisi ekonomikoaren ostean mozketekin eta eskubideen galerarekin egin dugu topo, eta horri prekaritatea, behin-behinekotasuna eta desberdintasuna gehituz gero, langileen osasunaren eta segurtasunaren babesa arriskuan dago».

UGT ere Bilbon eta Iruñean izan zen. Bizkaiko hiriburuari dagokionez, Moyua plazan elkarretaratzea egin zuten, eta ondoren Raul Arza idazkari nagusiak aipatu zuen «2012ko lan erreformaz geroztik istripuak jasaten dituzten langileak gehiago» direla. Hori dela eta, prebentzio politikak beharrezkoak direla ohartarazi zuen. Nafarroako ordezkari Marisol Vicente ere erreformari buruz jardun zen, eta azkenaldian «ezbeharren gaia alde batera utzi» dela esan zuen.

LSB-USO sindikatuak Bilboko Arriaga plazan izan zuen topagunea. Bertan ozen salatu zuen lan baldintza kaskarrek «langileen osasuna hiltzen» dutela, eta prebentzioaren inguruko legeak bete daitezela eskatu zuen.

Satsek, bere aldetik, autonomia erkidegoen arteko informazio sistema bat kudeatu dezala eskatu zion Osasun Ministerioari, osasungintzako langileek gertatzen diren istripu zein gaixotasun profesionalen berri izan dezaten. CNTk eta CGTk ere euren aldarrikapenak egin zituzten gaiaren inguruko oharrak igorriz.