GARA
LEGAZPI

Elbereth taldeak disko berria aurkeztuko du Legazpiko jaietan

Metaleroek zita garrantzitsua dute gaur Legazpin Santikutz jaietan, bertako Elbereth taldeak disko berria aurkeztuko baitu. Eguerdian familientzako herri bazkaria egongo da. Bihar, berriz, txirrindularitzako klasikoa ospatuko da.

Gazteentzako egunik kutunenarekin hasi ziren atzo Santikutz jaiak. Izan ere, jaietako larunbatean ospatu ohi da kuadrillen herri bazkaria, eta, ondoren, binakako pilota txapelketa herrikoiaren finala jokatzen da. Aurten txupinazoaren egunarekin kointziditu du, beraz, parranda ederrarekin estreinatu dituzte festak legazpiarrek.

Baina gaurkoa ere egun fuertea izango da Legazpin, bihar jai eguna delako. Hala, beste herri bazkari bat izango da plazan, familiena zehazki. Saniko kuadrillak paella prestatuko du. Beste gauza bat bazkaldu nahi duenak edo txartelik lortu ez duenak bere bazkaria ere eraman ahal izango du.

Oro har, familientzako egun polita izango da. Goizean haur eta gaztetxoentzako bola txapelketa jokatuko da, eta, ondoren, txaranga ibiliko da kaleetatik. Bazkalostean Korri eta Xalto pailazoek emanaldia eskainiko dute eta 18.30ean erraldoi eta buruhandien konpartsa aterako da, Alaitasuna errondailak lekukoa hartu arte.

Baina egitarau ofizialaz gain, txosnetan ere izango da eskaintzarik. Gaurkoan, Euskal Herriko metaleroentzako erakargarria izan daiteken kontzertu bat izango da. Izan ere, 22.30ean Elbereth taldeak “Karma” disko berria aurkeztuko du, Sukarra 37 taldearen emanaldiaren ostean. Euren singlea jada entzungai dago.

Danborradak

Bihar goizean Santikutzetan tradizio handia duten kirolentzako lekua izango da. 09.00etan txirrindularitzako klasikoa abiatuko da, eta, Legazpi inguruko bideetatik ibili ostean, 13.00etan zeharkatuko dute txirrindulariek Kale Nagusiko helmuga.

10.00etan Gipuzkoa zein herri mailako bola txapelketa jokatuko da. Bitartean, 11.00etan, Urtatza auzoko tiro zelaian Gipuzkoa mailako plater tiraketa txapelketa jokatuko dute. Arratsaldean haur eta gazte danborrada aterako da, astearteko helduen danborrada gerturatzen dela iragartzeko. Gauean, berriz, dantzatzeko aukera izango da Oihan Vegaren eskutik.

Asteartean 23.00etan urtez urte gero eta altuago entzuten diren danbor hotsak herria zeharkatzen hasiko dira. Gauerdian, plazara iristean, Legazpiko ereserkia joko dute abesbatzak kantatzen duen bitartean, eta alkateak herriko ikurrina igoko du. Ondoren, Zo-Zongo taldeak ikuskizuna eskainiko du.

Aurretik goizean, tarte gastronomikoa izango da, Gure Esku Dago ekimeneko kideek arkumea prestatuko baitute burruntzi erara. Gainera, bien bitartean Kale Nagusian sagardo dastatzea ere izango da.

Arratsaldean, gaztetxo guztiak urduri dituen ekitaldia izango da: “Go!azen dantzatzera eta abestera” emanaldia.

Asteazkenean jai eguna izango da berriro Legazpin, Santikutz eguna ospatuko baita. Eguerdian Olaria saria banatuko dute eta aurten La Salle eskubaloi taldeari egingo diote omen. Udal korporazioa plazara aterako da, eta, ondoren, ezpata dantza egingo dute Sustraiak taldeko kideek.

Ospakizunak igandera bitartean luzatuko dira. Izan ere, herriko festak hasi eta hurrengo igandean Mirandaola Eguna ospatu ohi dute legazpiarrek. Ola zaharrera erromeria egiten dute eta bertan ezpata dantza egiten dute Sustraiak eta Korosti dantza taldeko kideek, biek batera. Ondoren, Mirandaolako burdinola martxan jartzen dute.