Amalur ARTOLA
DONOSTIA

«Txillardegi guztiak» sareko unibertso bakarrean bildu ditu Jakinek

Hizkuntzalari, politikari, pentsalari, nobelagile, ekintzaile... eta poeta ere izan zen Jose Luis Alvarez Enparantza, «Txillardegi». Gipuzkoako Aldundiarekin lankidetzan, haren obra guztiak digitalizatu eta sareko atari batean bildu ditu Jakinek. 1.634 idazlan, 300 milioi karaktere digitalizatutik gora, Txillaregiren unibertsoa denon eskura jartzeko.

Transmisioa. Hitz horren bueltan dabil Jakinek, Gipuzkoako Diputazioarekin lankidetzan, martxan jarri berri duen ekimena. “XX. eta XXI. mendeetako euskal pentsamenduaren transmisioa” izenpean, mende horietan zehar euskal gizarteari ekarpen nabarmena egin dioten zenbait autore eta horien obra bildu eta gizarteratzea da proiektuaren helburua, eta jada emana du bere asmoak agerian uzten duen lehen fruitua: Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegiren obra ia guztia digitalizatuta biltzen duen ataria (www.jakin.eus/txillardegi).

«Txillardegiren garrantzia ez dut aipatuko, ez baitago aipatzeko beharrik ere», baieztatu zuen Joxe Azurmendik atariaren aurkezpenean, eta Txillardegiz hitz egin beharrean «Txillardegiez» hitz egin beharko litzatekeela nabarmendu zuen: intelektual politiko, teorialari, ekintzaile, hizkuntzalari, nobelagile... eta abar izateaz gain, poeta ere bazela gogorarazi zuen –1962an, Marilyn Monroeren heriotzaren ostean idatzitako poema bat errezitatu zuen– eta hari buruzko atari batek «Txillardegi guztiak» bateratu eta ikertzaileei bidea irekitzeko duen balioa azpimarratu zuen: «Idatzi zuen guztian eta hartu zituen erabaki politikoetan, bere sentsibilitate berezia da aztertu beharko litzatekeena. Bere obra guztia sakabanatuta dabilen bitartean azterketa sistematikoa egitea ezinezkoa da». Eta, orain, Jakinek sortutako atariari esker, ikertzaile zein norbanakoek badute doan eta klik bakarrean Txillardegiren obrak kontsultatu edota PDF formatuan ordenagailura jaisteko aukera.

Ia bi mila dokumentu

Joan Mari Torrealdai Jakineko lehendakariak xehatu zituen atariaren gainekoak. Hiru urteko lanaren bidez, Txillardegiren 1.984 idazlan (23.591 orrialde) digitalizatu dituzte; horietako 40, liburuak, eta 1.352, hedabide ezberdinetan argitaratutako artikuluak, zaharrenak 1956koak (“Egan”, “Euskera” eta “Euzko Gogoa”-n argitaratuak) eta azkenak 2010-2011koak dira (“Hizpide” eta “Argia”-n kaleratuak). Gehien landu zituen gaien artean daude hizkuntza –hizkuntzaren teoria, hizkuntza gutxituak eta euskararen gainekoak batez ere, bereziki hizkuntzalaritza eta alderdi soziolinguistikoa– eta politika. Azken honetan, Torrealdairen hitzetan, euskarak Txillardegirentzat hartzen zuen dimentsioa islatzen da, «politikagintzan euskara oso presente eduki baitzuen beti».

Zailtasun nabariena artikuluak atzematea izan dela ere azaldu zuen, aldizkari eta egunkarietako aleak banan-banan begiratzeak eskatzen duen lanagatik, eta atariaren egitura osatzeko ere tartea hartu dutela aitortu zuen.

Lorea Agirre Jakineko zuzendariak nabarmendu zuenez, dokumentu horiek erabiltzaileen eskura ahalik eta erosoen jartzea izan da asmoa. «Ondareaz gainera, bilatzaile indartsu bat jartzea izan dugu helburua, klik bakarrean eskuragarri izateko Txillardegiren unibertso osoa». Hala, bilaketak egin daitezke izenburuaren, testuaren, autorearen, gaiaren, agerkariaren (44 hedabide orotara), lan motaren eta dataren arabera –aldi berean bat baino gehiago ere erabil daiteke–, eta emaitzetan dokumentuaren fitxa eta bilaketarako erabili den hitza zenbatetan agertzen den ere zehazten da. «Horrela, ‘diglosia’ sartzen badugu, adibidez, jakingo dugu zenbat aldiz azaltzen den eta horren arabera erabaki dokumentu hori gure interesekoa den», zehaztu zuen Agirrek.

Behin dokumentua hautatuta, erabiltzaileak bertan irakurri edota PDF formatuan ordenagailura jaisteko aukera izango du, doan.

Torrealdaik azaldu bezala, ikertzaile zein interesdun, lanabes honek aukera ematen du «Txillardegiren obran bisita gidatu bat antolatzeko».