Jon GARMENDIA-Koldo OTAMENDI
LEKORNE

Azkena izan nahi ez duen Euskal Herria Zuzenean jaialdia prest da

Bihartik goiti Lekornen (Lapurdi) hasiko den Euskal Herria Zuzenean jaialdia prest da 22. edizioa arrakastaz betetzeko. Mota honetako euskal jaialdi zaharrena izateak ez dio etorkizunera begira biziraupenik ziurtatzen, eta laguntzaileen ekarpena eta publikoaren parte hartzea ezinbestekoak dira bide horretan. «Sorgin zelaian, gurea asma» leloa daraman edizioak programazio aberatsa du hiru egunetan zehar, antzerki, tailer, dantza nahiz musika arloan. 

Orain dela hiru urte izandako ekaitzak EHZ elkartearen patrikak astindu zituen, diru galera handia ekarri zuen eguraldi txarraren jokaldiak eta geroztik ezer ez da berdin izan Euskal Herriko zaharrena den jaialdi handian. Gogoeta sakon baten ostean formulazioa aldatu zuten elkartekideek, hala, oinarriak egokituta, ekonomikoki bideragarria eta luzera begira iraunkorra izan daitekeen jaialdia antolatzeko deliberoa hartu zuten. Badirudi azken bi edizioei erreparatuta bide onean dela proiektua, baina bultzada hori ez da aski izan geroa ziurtatzeko. Horrela, bolo-bolo dabil azkenengoa izan ote daitekeen zurrumurrua, eta urte luzez Ipar Euskal Herriko barnealdeari hainbeste ekarri dion jaialdiak hegoak zabaldu ditu laguntza eskaeraz gain egitarau erakargarria osatzeko.

Alderaketak egiteko intentziorik gabe, EHZ ez da Azkena Rock Festival, ezta Bilbao BBK Live ere, “No pub” eredua baitauka ardatz, publizitaterik gabeko guneak iparrorratz gisa ukanik, edo, elkarteak egoki adierazten duen bezala, «laguntzailegoan oinarrituriko antolakuntzaren bitartez, jatorri eta eremu sozial ezberdinetako gazteen arteko trukaketa eta ezagutza bultzatzea» du xede. Eta antolaketa modu hori, eredu desberdin hori jaialdiaren ikur modura zenbaitetan aipatu izan bada ere, ez dago soberan behin eta berriz gogora ekartzea.

Azken urteotan bezala Lekornen ospatuko da jaialdia, Garroko gazteluaren pentzeetan. Eta haur, gazte zein helduentzat egitarau zabala prestatu dute. Orain, eguraldiak bere aurpegirik onena eskaintzea baino ez da falta. Xerrenda gunean eskainiko diren eztabaida eta tailer desberdinek osatzen dute lehenengo atala; antolakuntzatik dioten eran, «Euskal Herrian eta munduan egunez egun jendarte askearen alde ari diren dinamikak ezagututa» heien iniziatibak aberastea dute xede. Ostiralean “Ekonomia feminista”, larunbatean “Europako Batasuna burujabetzaren etsai”, “Autodeterminazioa bake prozesuan”, “Bortizkeria gabeko komunikazioa”, “Asanbladen funtzionamendua, botere harremanak ardatz” edo “Maskulinitatea” tailer eta eztabaidak garatuko dira; igandean ere izanen da zer entzun eta hitz eginik arlo honetan, “Clowna” tailerrarekin eta “Erresistentzia” eztabaidarekin.

Gerezieta gunean ikusgarriak eskainiko dira hiru egunetan, honela han agertuko dira Biarritzeko hip hop dantza konpainiako Dance School, Arberoako txaranga, edo Bikes and Rabbits konpainiak eskainiko duen “The books are made for walking” obra surrealistaren antzezpena.

Ezin ahaztu, bestalde, Zelaia guneko eskaintza; gaita, txistua, eskusoinua, tuba edo perkusioak hartuta Burrunka taldeak sortu duen ikusgarri berria; Zpeiz Mukaki dantza taldeak ezustekoak emateko duen gaitasuna; Lapurdiko Moi-Moi kolektiboak sortutako “Momo” korala, hastapen batean pretentsio handirik gabe sortutako ikuskizuna, baina Itoiz, David Bowie, Rita Mitsouko edo Beatlesen moldaketak eskainiz gozamena sortzen duena. Ezin ahantzi haurren txokoa ere, eta bertako produktuekin osatutako jaki eta edari zerrenda. Erakargarritasun handia du edizio berri honek, irudimenak diruak ez duen gaitasuna duelako baitan.

 

Musikaren indar koloretsua

Ostiral arratsean hasi, eta igande gauerdira arte musikak ez du etenik izango Lekornen, lo egiteko eta indarrak hartzeko beharrezkoak diren orduak salbu, jakina. Hiru egunetan zehar 30 musika taldetik gora ariko dira hiru agertoki nagusietan, askotariko doinuak entzun ahalko direlarik bertatik.

Urtero bezala, biziki anitzak diren nazioarteko talde andana ariko da Euskal Herriko eszenatik munduari keinu egiten dion jaialdian, Ameriketako Estatu Batuetatik, Bretainiatik, Galestik, Argentinatik, Ingalaterratik, Frantziatik edota Alemaniatik etorriko diren doinu jotzaile ezagunak eta ezezagunak bilduko dira Garroko gazteluaren aitzinean. Bestalde, emakumezko artisten presentzia inoiz baino handiagoa izango da aurtengo edizioan, eta talde gazteen aldeko apustuak ere indartsu luzitzen du. Musikaren ikuspegitik arriskatu egiten duen festibala da EHZ, izen nagusiei proposamen ausartak eta interesgarriak gehituz.

PILT taldeak itzulera birako azken emanaldia eskainiko du Lekornen ostiral gauean. Maiatzean Bilbo, Tolosa, Gasteiz eta Iruñean eskaini zituzten kontzertuak, eta taldea desagertu zenetik urte piloa igaro badira ere, talde gisa biziki maila ona agertu zuten eskainitako lau emanaldietan. Berezia izango da Mungiako taldearen agurra, zinez. Beraiekin batera euskal eszenako hiru talde garrantzitsu ariko dira agertoki nagusian: Zea Mays (hogei urteko biran murgilduta daude), Gatibu eta azken hilabeteotan topera dabiltzan Huntza. Hurrenez hurren, ostiral, larunbat eta igandez ariko dira.

Euskal Herriko musika taldeen presentzia handia izango da urte honetan ere, tartean, Lapurdiko taldeen parte hartzea nabarmentzen delarik. Zoo (ez tronpa izen bera duen Bartzelonako taldea dela pentsatuz), Zezenaren Taldea, Burrunka, Frikun edo Kuartz dira horietako batzuk, bertako eszena interesgarriaren adibide.

Jaialdiaren ikurra da kolorea eskaintzea, eta bide horretatik askotarikoa izango da festibalean osatuko den musika pentagrama. Azken boladan modan dagoen cumbia giroak ekarriko dituzte gurera Kumbia Queers argentinarrek, salaketa sozialak eta letra aldarrikatzaileak erritmo bero eta dantzagarriekin uztartzen dituzten buenosairestarrek. Sei emakumek osatzen dute banda, eta dantza da beraien saioetako ezaugarri nagusia. Norabide berean kokatzen dira Las Taradas taldekoak eta La Cafetera Roja. Las Taradas ere Argentinatik heldu dira, eta beraiekin XX. mendeko 40ko eta 50eko hamarkadetara bidaia dezakegu, bolero, swing, cumbia eta txa-txa-txa giroan murgilduta. Kantu propioak eta ezagunak direnen moldaketak tartekatzen dituzte, set erakargarri bat osatuz, doinu baten mila moldaera aldarrikatuaz. Kantarien zerrendak, Elvis Presley, Johnny Cash, Mina Mazzini eta Carmen Miranda ditu agergai... Ederrak igande arratserako.

Ohikoak dira Lekornen hip hop eta afrikar sustraidun erritmo beltzak. Akua Naru da jaialdiko kartel-buruetako bat, eta berak beteko du tarte hori, kasu honetan, jazza eta soula gehituz musika koktelerari. Goxo sartzen diren doinuak dira, ahots ederrez lagunduak. Igande arratsean Oum abeslaria ariko da bere bandarekin. Marokoar kulturaren enbaxadorea bezala kontsideratua da egun, eta jazz, gospel, soul, afrobeat eta sufi musikak jorratzen ditu.

Erritmoak aldatuz, Londresetik punk doinuekin dator Nova Twins biko formatuko banda oldarkorra. Skunk Anansie edota Rage Against The Machine bezalakoekin alderatu dituzte eszenan agertzen duten indarragatik. “Thelma and Louise” EP txikia kaleratu dute berriki, eta hauxe eskainiko dute beraien zuzenekoan. Ohikoan, baxu, gitarra eta bateria formatuan taularatzen dira, eta agertoki gainean erloju bonba dira.

Alemaniako Wukan taldeak atzerago egiten du bidaia. 70eko hamarkadako hard rock musika ardatz hartuta, stoner eta doom giroak lantzen dituzte, erritmo pisutsuak nagusitzen direlarik kantu zerrendan. Zuzeneko dantzagarriarekin, musikalki moog rock bezala definitzen da Duchess Says banda kanadarra. Abiadura biziko rock erritmoak, sintetizadore eta teklatuekin uztartzen dituzte, deigarri bilakatzen diren kantu erakargarriak sortuz. Agian, hauxe izan daiteke jaialdiko perla txiki handi horietako bat.

Galesko Gallops taldea, berriz, elektro-rock giroetan taularatuko da. Ohikoak dira horrelako giroak festibalean, batez ere, gaua aurrera doan unean. Ostiral gaua itxiko dute galestarrek, larunbatean Leska taldearen txanda izango da, doinu koordenada berdinetan. Unibertso bertsuan koka daiteke Gablé taldea ere. “JoLLy TRouBLe” diskoa aurkeztuko dute Lekornen, gitarra eta sintetizadoreekin lagunduta. Taldearen estudioko azken emaitza aurten kaleratu da, eta uneotan bira etengabean da Frantziako Caen hiriko banda.

Hauekin guztiekin batera, beste talde pila bat ezagutzeko, eta zuzeneko musikaz paraje ederrean gozatzeko hiru egun zoragarri dauzkagu aurretik!

 


PILT (Euskal Herria)

Itzulera birako azken emanaldia eskainiko du ostiral gauez agertoki nagusian PILT taldeak.GARA

 


AKUA NARU (AEB)

Hip hopa, afrikar erritmoak, jazza eta soula goxo nahasten ditu Akua Naruk bere kantuetan.GARA

 


NOVA TWINS (BRITAINIA HANDIA)

Londresetik punk-rock doinuekin dator Nova Twins biko formatuko banda oldarkorra.GARA

 


DUCCHESS SAYS (Kanada)

Zuzeneko dantzagarriarekin, musikalki moog rock bezala definitzen da banda kanadiarra.GARA