Haritz LARRAÑAGA ALTUNA
Donostia
Surf

«Hawaiian Islands»: Surf modernoa sustatu zuen filma

Thomas A. Edison zientzialariak bonbilla asmatzeaz gain, ehunka film ekoitzi zituen, horien artean surf modernoaren garapenean itzelezko garrantzia izan zuen bat, «Hawaiian Islands». Adituen esanetan, surfari buruzko lehendabiziko filma da.

Agatha Christie izan omen zen surf egin zuen lehen emakumezko europarra, eta bere aurretik taula batekin itsasoratu ziren lehen gizonezko europarren artean lehenetako bat Edward printzea izan omen zen. Bestelako adibideak ere izango dira baina, antza, surf modernoaren hastapenetan aristokraziak baino ez zuen aukera halako kirol exotikoak probatzeko.

Haien aurretik, mendeak zeramatzaten hawaiiarrek olatu gainean zutik ibiltzearen plazeraz gozatzen, baina haiek egiten zutena beste zerbait zen, «he'nalu» izenekoa. Antza, dirudun iparramerikarrak kirol hau egiten hasi ziren arte, ez zuen aparteko arretarik merezi.

Surfari buruzko filmekin ere antzeko zerbait gertatu zen, lehen protagonistetako bat pertsonaia ezagun bat izan baitzen, Thomas A. Edison. Bonbilla asmatu zuen zientzialari famatua film egilea ere izan zen, eta ez nolanahikoa, gainera.

1894. urtean Edisonek sortu zuen film estudioak 1.200 film inguru produzitu zituen. Bere film agentziak argitaratutako lanari esker mundu osoan zehar zabaldu ziren olatu gainean zutik zebiltzan hawaiiarren irudiak, eta horrela, lehen aldiz, surfa agertzen zen film bat zinema geletan estreinatu zen.

Pelikula honek surf modernoaren garapen eta sustapenean izan zuen garrantzia berebizikoa da, asko izan baitziren irudi haiei esker surfaren berri izan zutenak. Urrutira joan gabe, Biarritzen bertan, surfaren etorreraren 60. urteurrena ospatzen ari diren honetan, aurretik ere film hari esker surf taula bat egin eta olatu gainean ibiltzeko zenbait saiakera izan zirela onartzen dute.

Lehen surf filma?

Ez dago jakiterik surf irudiak hartzen lehena nor izan zen, baina gauza bat jakina da, Hawaiiko errealitatea erakustea helburu zuen Edisonen dokumental bat izan zen estreinakoz surf irudiak zabaldu zituena.

“Hawaiian Islands” filma ez zen surf film bat, baina surflariak erakusten zituen lehen film ospetsua izan zen eta sekulako arrakasta izan zuen. Milaka izan ziren film honi esker norbait olatu gainean zutik ikusi ostean surf egiteko lehen saiakerak egiten hasi zirenak. Hortaz, bereizi behar da lehen irudiak nork hartu zituen eta berauek zabaltzen lehena nor izan zen.

Batzuen ustez, lehen surf irudiak hartu zituena Burton Holmes argazkilari eta zinemagile ezaguna izan zen. Estatubatuar honek 1897 eta 1898. urteen artean olatu gainean zebiltzan surflariak filmatu omen zituen, baina dirudienez, jasotako dokumentuak ez zuen zabalkunderik izan.

Thomas A. Edison film egileak “Hawaiian Islands” filma kaleratu zuenean, ordea, hedapen handia izan zuen. Soinurik gabeko filma zen, zuri-beltzekoa eta historialariek diote inoiz izan den surf film zaharrena dela. Norbait surf taula baten gainean zutik surf egiten agertzen den lehen irudiak erakusten dituen filma da.

Hogeita hamar kapitulu edo eszena ditu: batzuk laburrak (2 edo 3 minutu) eta besteak iraupen luzekoak (40 minutu). Hiru ataletan argi eta garbi agertzen da surfak kultura hawaiiar nahiz polinesiarrean zuen garrantzia. Honoluluko Waikiki hondartzaren bista panoramikoa esanguratsua da; izan ere, garai hartako erretratu oso fidela erakusten du.

Kapitulu batzuetan, azpikapitulu edo karpetak ere badira. Batzuetan zortzi karpeta ere badira azpikapituluetan. Badira 40 minutuko atal luzeak, baina surfa agertzen diren atalak oso laburrak dira, batzuetan segundo gutxi batzuetakoak baino ez dira surflariak ikus daitezkeen atalak, plano orokorrak baitira.

Istorio bitxia

Pelikula honek istorio bitxia du. Edison asmatzaile eta enpresariak Robert Bonine kameraria bidali zuen Hawaiira 1906. urtean, misio bakar batekin, «AEBetako lurralde berriko aktualitateko kontuak filmatzea». Irudiak hartu eta urte berean plazaratu zen filma.

Boninek hiru hilabete eman zituen Hawaiin, «Pazifikoko uhartedien esentzia atzematen». Uharteak, oraindik ezezagunak izan arren, atrakzio turistiko handi bat bihurtzear zeuden, eta filmetako irudi eta argazkiek ez ezik, uharteen izen ona zabaldu zuten ere Hawaiik izan zituen Duke Kahanamoku bezalako itsasgizon eta enbaxadore paregabeek.

AEBetatik Hawaiira bidaiatzen jarraitu zuten film egileek. Sasoi berean, esaterako, ohikoak izan ziren irudi exotikoak hartzeko “National Geographic”-ek egindako bidaiak.

“Surfing in Movies” liburuan John Engle idazleak kontatzen du “Hawaiian Islands” filmeko eszenak kanoetatik hartuak direla. Eta zehazten du ere Jack London idazleak, George Freeth (sorosle eta igerilari ezaguna) eta Alexander Hume Ford (aldizkari editorea) lagunekin, lehen surf ikastaroak egin zituen leku berean hartu zituztela irudi haiek.

Film hau historiako zati zoragarri bat da, eta surfa kirol exotiko bilakatu aitzin, jada bertakoek egiten zuten kirola dela frogatzen du. Arreta apur bat jarrita, “Surf board riders” eta “Surf Scenes” ataletan gauza interesgarriak ikus daitezke.

Adibidez, bertan ikus daitekeenez, surflariek zutik egiten surf, aurrerantz begira, eta ez egun egiten den bezala, gorputza alde batera biratuta. Arraun ere desberdin egiten zuten surflariek; bi besoak batera sartzen zituzten uretan, bata bestearen atzetik sartu beharrean. Ordurako “bonbeo” deitzen zaion teknika erabiltzen zuten abiadura handitzeko. Eta filmean ikus daitekeenez, jada orduan ere jende pilaketak arazo bat ziren Waikikiko hondartzan.