Arnaitz GORRITI
GOLFA - BRITAINIA HANDIKO IREKIA

Faborito argirik inon ez eta eguraldi petrala nonbait Royal Birkdale klubean

Grand Slam-eko azken sei torneoetan sei garaile ezberdin atera dira. Ikusi eginbehar, beraz, iaz lorturiko garaipena errepikatzeko kapaz den Henrik Stenson.

Golf munduko urteko lau torneorik garrantzitsuenetan hirugarrena abian da gaurtik igandera arte: Britainia Handiko Irekia. Royal Birkdale klubak 156 parte hartzaile hartuko ditu, eta ikusi egin behar zein aterako den garaile, ez baitago inondik ere faborito argirik. Bestetik, eguraldi petrala lagun, haizea, ekaitzak eta euria zeinek hobekien jasaten duen, harexek eramango du torneo honen 146. ekitaldia.

Asteon zabaldu da golf-jokalari profesionalen zerrenda. Azken 22 asteetan bezala, Dustin Johnson estatubatuarra da liderra, baina Grand Slameko azken bi torneoetan ez du bere maila eman honek. Augustan jokatu ezinik geratu zen, bizkarra erasan zion istripu bat zela-eta; AEBetako irekian, aldiz, azken eguna baino lehen kalera joan zen, zelaiak eskatu gutxieneko emaitzarik lortzeke.

Beharbada horri esker, baliteke Johnson faborito izatea. 2015ean Jordan Spiethek Augusta eta AEBetako Irekia kateatu ondoren, ez dago Gran Slameko bi proba irabazi dituenik: Danny Willett –Augusta–, Dustin Johnson –Estatu Batuak–, Henrik Stenson –Britainia Handia– eta Jimmy Walker –PGA– izan ziren nagusi 2016an. Aurten, orain arte Sergio Garcia –Augusta– eta Brooks Koepka –US Open– atera dira txapeldun. Noiz arte iraungo ote du izen dantza honek?

Rahm, ohi baino lasaiago

Esan bezala, ez dago faborito argirik –adituek 30 (!) izen ezberdin ere aipatzen dituzte– eta hori izan liteke akaso Jon Rahm bizkaitarraren armarik onena. Barrikako golfaria Estatu Batuetako Irekian azken eguna baino lehen kanpoan geratu zen, antsietateak eta urduritasunak jota. Europan, aldiz, Irlandan garaipen bikaina erdietsi zuen, eta asteon kaleraturiko zerrendan zazpigarren lekura igo da.

Bestalde, egunotan eskainitako elkarrizketa batean «lasaiago» aritzeko borondatea azaldu du Rahmek. «Gaur arte jokatu ditudan mayor-etan irabazteko grina larregirekin jokatu dut. Lasaiago, dibertitzeko gogoz ekingo diot British Open honi. Irten behar dena bere kasa atera dadila, eta ez guztia kontrolatzeko desioz», adierazi zuen jokalari bizkaitarrak.

Irlandan garaipena eskuratuta, Royal Birkdale klubean erraz moldatuko ote den galdetuta, aldiz, Barrikakoak ez zuen konparaketarik onartu. «Ez haize eta ez euri, Irlandan baino Malagan ari ginela zirudien hark. Bada, eguraldi txarra egingo balu, driverrik atera beharko ez banu, hobeto. Pilota kale barruan sartzea, hori da balio duena», zioen British Opena hasi bezperan.

Tiger Woods gabe

Penagarria da, baina 683 astez munduko golfari onena izan zen Tiger Woods ez da hautagaien artean izango.

Bizkarreko arazoak jota 15 hilabetez zelaietatik at egon ostean, urte honen hasieran itzultzen ahalegindu zen «tigrea». Zoritxarrez, bizkarreko minek berriro atera dute.