Idoia ERASO
ERROBIKO FESTIBALA

MUSIKAZ, DANTZAZ ETA ARTE GARAIKIDEAZ LAGUNARTE ONEAN GOZATZEKO LAU EGUN

ITSASU LAU EGUNEZ LAGUNARTEKO GIROAN BIZITAKO ADIERAZPEN ARTISTIKOZ JANZTEN DA. IKUSLE, ARTISTA ETA ANTOLATZAILEEN ARTEKO HARTU-EMANA ETENGABEA DA, EMANALDIEZ GAIN OTORDUAK ETA BESTELAKO TARTEAK ERE BALIATUTA. IREKIERAN BEZALA, KONGOKO MUSIKARIEK DENAK DANTZAN JARRI BAITZITUZTEN.

Mendixka baten gainean Mondarrain mendiaren babespean kokatzen den auzoa da Atharri, Gaztetxearekin eta frontoiarekin batera, inguruko lau etxeek markatzen duten tokia. Hori da Errobiko Festibaleko gune nagusia, non jaialdirako jarritako karpa eta mahaiek bat egiten duten bertako eraikinekin.

Hortxe iragaten dira bazkariak, kontzertuak, ikuskizunak eta gaueko dantzaldiak. Eta ez hori bakarrik, hortik abiatzen baitira haurrentzako ibilaldiak, baita poesiaz jantzitakoak ere. Herriaren erdigunean ere bada zer gozatu; Sanoki gelan, esaterako, ikusgai dago Pascal Daudon margolari gonbidatuaren erakusketa, eta hainbat mintzaldi ere izango dira.

Lehen hitzorduan, jaialdiaren muina den identitatearen, transmisioaren eta birjaiotze artistikoaren inguruan aritu ziren munduko txoko ugaritako hainbat artista. Gogoetaren ondoren jai giroak hartu zuen gaina, aperitifa bitartean musikari garaztarren eskutik mutxikotan, eta gero, Kongoko artistei segitu eta erritmoa «gorputzean ezarriz».

Atharrira bidean

Gaua afariarekin hasi zen, bi plater eta postrea hartu nahi ez zutenentzat bazen aukera taloa jateko. Ohiko berantarekin, gaueko sorpresa etorri zen: Banatu Bartok. Musikari hungariarraren disonantzia Afrika eta Asiako musikekin elkartu zituzten Christine Martineau eta Denise Labordek, beste bost musikarik lagunduta. Dantza Mizel Thereten eskutik etorri zen, Jesus Aured eta Beñat Achiary musikari eta jaialdiko zuzendari artistikoarekin batera.

Eguneko izarren txanda izan zen orduan, nazioartean ezaguna den Benjamin Moussay pianoan, eta Keyvan Chemiraniren tombekin Irango musikak eta jazzaren doinuak ekarri zituzten, eta ikus-entzuleak zutik jarri. Bukatzeko, Batuto Afrok bertaratuak dantzan jarri zituen.

Gaur eta bihar ere halako aukera anitz izango da. Esaterako, Euskal Herria eta Mazedonia elkartuko dira gaur musikaren bitartez. Julen Achiary, Bastien Fontanille, Nicolas Nageotte eta Jorid Cassagnek Zuberoako basa ahaideetan oinarritutako “Haratago...” estreinatuko dute. Ondoren, zuzendari artistikoaren iritziz «Balkanetako fanfarrerik hoberena» den Koçani Orkestar izango da. Bihar, Mondarrainen barna egindako ibilaldi poetikoarekin bukatuko da jaialdia.