Ane URKIRI

PINUDI ZAHAR ETA GAIXOTUAK MOZTUTA, NOR ONURADUN?

1.392.000 euro bideratuko ditu aurten Gipuzkoako Foru Aldundiak pinudi zahar zein gaixotuak eraistera. Egurzale pribatuen «patrikak diruz beteko» direla dio Naturkon koordinadorak; beste batzuen aburuz, bioekonomia sustatzen lagunduko du.

Baso jardueretara bideraturiko aurrekontua %40 igo du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Diru laguntzen %49,7, ordea, pinudi zahar edo gaixotuak mozteko lanetarako direla adierazten du dokumentuak. Horiek horrela, Naturkon ekologista taldeak prentsa ohar baten bidez salatu nahi izan du martxoan aurkeztutako diru laguntzen desoreka. «1.392.000 euro, hain zuzen, 40 urte baino gehiagoko intsinis pinudi zaharrak moztu eta saltzera bideratu nahi dira; alegia, bioaniztasun handieneko pinudiak erauztera. Eta aparteko sari publikoarekin, nahi izanez gero horren ordez eukaliptoa jartzea ere libre izango delarik!», azaltzen dute testuan. Izan ere, salaketaren muinetariko bat zera da, pinudiak bota eta edozein espezietako zuhaitzak landatu ditzakeela jabeak, inolako kontrolik gabe, edo lurraren erabilera ere aldatu dezakeela, Administrazioaren onarpenetik igarota (baso erabileratik nekazaritza erabilerara). Baso ekosistemen zaintza eta hobekuntzarako egiten diren inbertsioetan, aldiz, aurrekontuaren %4,8 erabiliko da.

Datu horiek azaleratuta, Naturkonen aburuz, «baso naturalentzako izan behar zuten diru laguntzak egurgintzako enpresen eta pinudi jabe handien poltsikora bidean jarri ditu Aldundiak berriro, egurgintza eredu intentsiboa sustatuz».

Horren aurrean, Gipuzkoako Foru Aldundiak ez ditu talde ekologistaren salaketak zuzenean erantzun nahi izan, ezta bestelako zalantza zehatzik ere (teknologiako eta makineriako laguntzen murrizketa, esaterako). Hala ere, Aldundiko baso politikaren lerro nagusiak azaldu dizkio GARAri. Basoek onura ugari sortzen dituztela jakinarazi dute, «produktu berriztagarriak eta ingurumena errespetatzen dutenak egiteko beharrezko lehengaiak eskaintzen dizkigute eta, bestetik, zeregin garrantzitsua betetzen dute ongizate ekonomikoan, dibertsitate biologikoan, karbonoaren ziklo osoan, oreka hidrologikoan, higaduraren kontrolean eta hondamendi naturalen prebentzioan». Azalpen horiei jarraiki, Aldundiak bideratutako diru laguntzek naturaren zaintza beharrei erantzuten dietela gaineratu dute.

Gipuzkoako Baso Elkarteak azalpen batzuk eman nahi izan ditu. Besteak beste, Fernando Otazua elkarteko kideak dio aurrekontuak aurreko urteko beharren arabera egiten direla, baina jarraian gaineratu du diru laguntzak arlo guztietan igotzearen alde daudela, ez bakarrik pinudi zaharrak botatzeko jardueran: «Oso pozik gaude aurrekontua igotzearekin, orain arte beti defizitarekin bukatzen baitzen plana; hau da, diru kopuru bat zehazten zen eta egunen joan-etorrian handitu edo hurrengo ekitaldira pasatu behar izaten zen».

2016ko aurrekontuan ez zuten zehaztu pinudiak botatzeko diru laguntzarik; eta 2017an, aldiz, teknologia eta makineriaren zatia %31,75 murriztu da eta aurrekontuaren hazkunde guztia pinudien erauzketara bideratu da, beste atal guztien kopuruak lehengoan jarraitzen baitu. «Egon dira urteak non ez den balioa jarri egon bazegoen bide batean», jakinarazi du Otazuak. Argitu du gaixorik dauden pinudiak botatzea beharrezkoa dela, «eta, era berean, sektorearen aldarrikapenetariko bat zen beste espezie batzuk landatzeko aukera izatea, mendi guztiek ez baitaukate pinudiak egoera onean hazteko gaitasunik, eta kasu batzuetan eukaliptoaren alternatiba ezin da mespretxatu». Baso elkarteko kideak behin eta berriz nabarmendu duenez, «landatzen jarraitzea da helburu nagusia, baserritarrak jarduera alde batera ez uztea, alegia». Zehazte aldera, laguntza jasotzen duten birlandaketak intsinis pinuak (%25eko) edo espezie autoktonoak dira (%80koarekin), «eukaliptoa landatzeagatik, ordea, ez da dirurik jasotzen».

Basoek funtzio ekologiko bat betetzen dutela nabarmendu dute Aldunditik, eta horrez gain «enplegu eta ekonomia sortzaile» direla. Bestetik, ohartarazi dute baso jarduera indartzeko programetara eginiko eskabideek goranzko joera izan dutela, «nabarmenki». Baso jabeek beraien lurren kudeaketarekiko duten interesa gehituz doala igarri dute, eta horri esker, basoaren funtzio nagusiak –soziala, ekologikoa eta ekonomikoa– areagotu direla zehaztu dute.

Ekonomia zirkularra

Helburu nagusia jarduera mantentzea dela baieztatzen du Aldundiak, utziko balitz ondorio kaltegarriak nabarituko genituzkeelako: «Sute eta izurrite arriskuak areagotuko lirateke, bideak sastrakaz itxi, erosioak, lanpostuen galera, eta abar».

Otazuak azaldu duenez, Euskal Herriko Unibertsitateak eta Zaragozako Unibertsitateak egurrak gizartean daukan eraginari buruz eginiko ikerketa baten arabera egurraren mozketak 15 milioi euroko diru sarrerak badakartza, zeharkako irabazien balorazioa eta jardueraren balioespen positiboa 90 milioiraino irits daiteke: «Zifra hori, baina, ez du hautematen lurraren jabea denak, eta horregatik, Administrazioari eskatzen diogu kontuan har ditzala hain estimazio onak sortzen dituen jarduera mantentzea konpentsatzeko bideak». Gipuzkoako Baso Elkarteak bazkide diren jabeen lurrak kudeatzen ditu, eta beraien esanetan, kudeaketa horretatik lortzen den egurrak ekonomia zirkularra sustatzen du: «Egurra ezinbesteko produktua da bioekonomian». Baso jabeek ingurumenaren kudeaketa iraunkorra egiten dutela azpimarratzen du, «Administrazioak onarturiko plan baten bidez, eta nire ustetan, kudeaketa hori egiteagatik, gehigarri bat merezi dute, gizarteari ematen dion onuragatik, aurrez aipatzen genituen 90 milioiko irabaziengatik».

«Bioekonomiaren aldeko apustuak ingurumenarentzat egiaztagarriak eta neurgarriak diren mozkinak eskaintzen ditu», dio Baskegurrek eta beraien aburuz XXI. mendearen hazkundearen eragile nagusia izango da. «Karbono gutxiago sortzen duen ekonomiak gora egin du eta erregai fosil kutsatzaileek, behera; joera aldaketaren adierazle dira», laburbildu zuen EAEko Egurraren Elkarteko zuzendari den Oskar Azkaratek.

Zaintza eta hobekuntza

Europako legeek basoen egoera hobetzera behartzen dute Aldundia, eta 2020rako Gipuzkoako hamaika baso mota mehatxatuen erdiak egoera egokian izateko neurriak hartu behar ditu. Hala ere, Naturkonek salatzen du aurrekontuaren %5 baino gutxiago bideratu dela horra, eta galdera hau plazaratu dute: «Nahikoa ote? ala legeak betetzearen gainetik, bururatzen zaila egiten zaigun goi-mailako helbururen bat lortu nahi ote dute, esaterako, sektore honetan lan egiten duten enpresak, egurzaleen lobbya, saritzea?».

Gipuzkoako lurzoruaren %20 Natura 2000 Sarean dagoela ohartarazi du Otazuak, gutxi gorabehera 40.000 hektarea daude Europaren zuzendaritzapean. «Izendatuta daude eta ia guztiak pribatuak dira, Arno eta Hernio mendiak, esaterako –zehaztu du–; muga garrantzitsuak dituzte eta ez da aurrekontu espezifikorik bideratu hobekuntzarako». Gipuzkoako Baso Elkarteko kideak dioenez, jarduera horretarako diru laguntza beste fondo batetik bideratu beharko litzateke, «gizartetik orokorrean, eta ez Landa Garapen Jasangarriko programatik; kontserbatu egin behar dira eta jardun jakin batzuk ezarri, landa esparrutik aldenduta».

«Mendien %15 landatuta zegoen mende batetik gatoz, eta egun %60 baino gehiagoan basoz estalita daude», nabarmentzen du Otazuak, datu ona dela ziurtatuz. Segidan aipatu du etorkizun batean jardueran inbertitzen jarraitu edo uzteko asmoa erakusten ote duten aztertzen jardun direla, eta hori dela-eta guztien inplikazioa bultzatzeko proiektu batean pentsatzen dabiltza: «Jabegoak bere lurrak jarri eta gizarteak, finantziazioa». Jarraitutasun horren baitan belaunaldi aldaketa ezinbestekoa dela helarazi du Gipuzkoako Foru Aldundiak eta beraien erronka nagusietako bat hori dela onartzera iritsi dira, «horrek emango baitio jarduerari iraunkortasuna, eta iraunkorra izango da, betiere, gutxiengo errentagarritasun ekonomiko bat bermatzen badu».

Aurrekontuen onuradun nagusia zein den argi ez dagoen honetan –Naturkonen ustez, egurzale pribatuak eta Gipuzkoako Baso Elkartearentzat, gizarte osoa–, Aldundiak garrantzitsutzat jotzen du diru pribatuaren aktibatze efektua sortzea, ekonomia suspertu eta enpresek errentagarritasuna izatea. Hala, aurrekontu hori justifikatu dute esanez EAEko 2014-2020 Landa Garapeneko Planean aurreikusita dagoela, eta «plan hori garatzeko partaidetza zabala» egin dela.

 

Euskal enpresek kontsumitzen duten egurraren %68 eae-ko basoetakoa da

Baskegur elkarteak plazaratu zituen datuen arabera, euskal enpresek kontsumitzen duten egurraren %68 euskal basoetan ekoitzia da. Beraz, euskal enpresek tokiko egurraren alde egiten dutela izan da atera duten ondorio nagusia. «Horrela, basogintzako eta egurgintzako sektorearen garapena sustatu eta karbono aztarna murrizten laguntzen dute», azaldu zuten Bilbon uztailaren 5ean Baskegur Eguna izenarekin eginiko batzar nagusian. Lakuarekin eta EHUrekin elkarlanean eginiko Egurraren Liburu Zurian jasotako datuen arabera. «%30 Espainiako autonomia erkidegoetakoa da eta gainerako %2a inportatutakoa», zehaztu zuten.

«Ingurumen ziurtagiriak dituen eta euskal enpresatan transformatutako bertako egurra aukeratzeak aberastasuna dakar gurera eta bertako basoak zaindu daitezen eta modu egokian manten daitezen laguntzen du», nabarmendu zuen Lakuako Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendari den Peli Manterolak, eta EAE baso herria dela gaineratu zuen.

Era berean, 2030. urtera bitartean hazkunde iraunkorra mantentzea aurreikusten dute Baskegurretik, «negozio bolumena %20 haziko da eta zenbateko hauek nabarmen egin dezakete gora, handituz doan bioekonomiaren aldeko apustuari esker». Federico Saiz elkarteko presidenteak argitu zuenez, bertako egurraren kontsumoan hobetzen jarraitzea da beraien ildo estrategiko nagusia, «Europako ratioetara iritsi arte».A.U.A.