Haritz LARRAÑAGA
BAIONA

Haurrek Baiona hartu eta Leon iratzarri zuten

Haurrentzako entzierroa hasteko piztutako suziriak abiada bizia hartu zuen Baionako karriketan zehar eta Askatasunaren plazara iristean lehertu zen. Leon erregea iratzarrita, haurren besta hiriburuko eremu guztietara hedatu zen.

Baionako bestak hasi eta biharamunean, milaka haurrez osatutako olatu erraldoi bat Lapurdiko hiriburua hartzear zela, artean langile eta elkarteetako boluntarioak baino ez ziren ikusten eguneko lehen eguzki izpien azpian. Etxeetan, neurri txikiko praka eta kamiseta zuriak, zein gerriko eta zapi gorriak, prest ziren, Haurren Egunari indarrez ekiteko.

Kale garbitzaileak, taberna hornitzaileak edo dendari ibiltariak, guztiak, pixkanaka disolbatuz joan ziren dultzainero eta txistulariek biltzen zituzten jende multzoen artean, egunak aurrera egin ahala ikusezin bilakatu arte.

Suziriek eman zuten abisua, zezenak Paul Bert plazatik abiatzekotan zirela. Ehunka haur leku hartzen hasi ziren. Horrela, zain zeuden artean gurasoek eguzkitako krema aurpegian zabaltzen zieten korrikalari txikiz bete ziren Baionako izkinak.

Marengo eta Jacques Laffitte karrikek bat egiten duten bihurgunean zezenek irrist egin eta bazterra jo zuten. Tentsio uneak ere izan ziren zezenetako batek atzerantz egiteko keinua egin zuenean, baina ez zen ezbeharrik izan, eta piztien aurretik zein atzetik, korrika zihoan haur uholdeak Askatasunaren plaza osorik hartu zuen.

Haur eta heldu oraindik arnasestuka ari zirela, dultzaineroek lagunduta ziganteak iristen hasi ziren eta ongietorri beroa jaso zuten. Eguzkia galdatan zen, ez zen itzalik, eta lehertzear den globo baten moduan, udaletxe inguruko karrikak, plaza, eta aitzineko zubia, jendez lepo betetzen ari ziren.

Hiriburua lehertzear

Haurren begiradak, mugitzen hasi ziren balkoiko gortinei so zeuden. Han atzetik atera zen Leon erregea, eta puxikak ezin izan zuen presioa gehiago jasan. Eztanda egin zuen. Haurren txilio eta garrasiek udaletxeko hormak arraildu eta leihoetako kristalak zartatuko zituztela zirudien. Eta giroa apur bat apaldu zenean, lehenik euskaraz, eta gero frantsesez, “zorionak” abestu zioten Leoni, Baionako bestak iratzartzen 30 urte egin dituelako.

Jendeak botatako konfetiak bildu eta berriz erabiltzeko poltsa batean biltzen ari ziren bi ahizpa kexu ziren. Zazpi urteko Estitxu baionarrak balkoitik bota zituzten gozokiak «ez zirela guztientzat» salatu zuen. Hamar urteko bere ahizpak, ostera, ekitaldia euskaraz izatea gustatuko litzaiokeela zioen.

Edonola ere ez zen aurpegi zurbilik Baionako haurren bisaietan. Leon erregearen iratzartzeak eragin zuen leherketak jende multzoak hiriburu osoan barrena barreiatu zituen. Batzuk Miam IDOKI gunean bazkaltzera abiatu ziren, besteak herri kiroletan parte hartzera. Bazen nahi adina aukera giroaz gozatzeko, eta horrela, eguzkiak adio esan arte iraun zuen haurren egunak Baionan.