GARA
BAIONA

Donibane Garaziko gaztetxeak ateak zabaldu ditu, besten karietara

Donibane Garazin gaztetxe bat behar zela oharturik egoitza bat eskatzeari ekin zioten Nafarroa Behereko hiriburuko gazteek. Zitadelako karrikan lokala xerkatu ostean, mailegua ordaintzeko crowdfunding kanpaina abiatu zuten. Egoitza eraldatu eta bestetan zabaldu dute orain eta atzo ospakizuna egin zuten.

Bestak ostiralean abiatu ziren eta gazteek egoitza berria eskuratu berri dutenez, bertara hurbiltzera deitzen dute jende oro.

Gaztetxekoen xedea lehenik eta behin besten denboran Zitadelako karrika horretan beren presentzia bermatzea da. Egun guztietan zabalik izanen da gazteek eskuratu berri duten lokal dotorea, elkarlanean, crowdfunding sistema, baliatuta lortua.

Aldarrikapenak

Euskararen ofizialtasuna, eraso sexisten salaketa edota presoen eskubideen aldeko aldarrikapenak jasotzen dituzten ikurrekin atondu dute lokala Donibane Garaziko gazteek.

Atzo bertan guztientzat zabaldu zen egoitza eta hori ospatzeko herriari itzulia eman zioten gazteek txaranga batekin.

Gaztetxea besta garaian irekitzea dinamika orokor batean kokatzen dute. Hartara, Donibane Garaziko besta batzordeko kide gisara hainbat ekimen alternatibo proposatuko dituzte.

Horrela, atzoko egunerako bertako rock taldeak deskubritzeko aukera eman zuten, eta gaur, igandean, herriko festetan elkarteen eguna izanik, egitarau oparo batez ospatu nahi dute eguna, beti ere gaztetxe berriaren bultzadaz.

Asteartean, berriz, urtero bezala, euskal presoen sostengu bazkaria eginen dute Donibane Garazin.