Asier AIESTARAN
Arrauna

Zarautzen Liga bat edo biak erabakitzen diren ikuskizun

Euskotren Ligako azken bi jardunaldiak jokatuko dira gaur eta bihar. Eusko Label Liga ere pil-pilean da.

Zarautzen egongo dira ipiniak gaur eta bihar arraun munduko begirada ia guztiak. Bertan jokatuko da gizonezkoen mailako estropaden 40. ekitaldia, Eusko Label Ligarako puntuagarriak izango diren bi jardunaldiz osatua, baina baita emakumezkoen Euskotren Ligako azken bi estropadak, irabazlea erabakiko dutenak, eta KAE-1 Ligako proba ere.

Euskotren Ligako estropadak emango dio hasiera arratsaldeari, 18.00etan. Zarauzko IX. Ikurrinaren aurreneko jardunaldia izango da gaurkoa, eta esan liteke Hibaikaren azken aukera izango dela titulua oraindik Pasai Donibanek ospatu ez dezan. Azken bi jardunaldien faltan, San Juan da liderra 23 punturekin eta Hibaika laura dago 19rekin; gaur arrosek irabazten badute, beraz, txapela Donibanek jantziko du bihar eguerdian.

Lehia polita espero da bien artean, eta erreferentzia bezala hartzeko antzekotasunik ia batere ez daukan arren, aipatu beharra dago asteartean Donostian jokatutako Gipuzkoako Ligako estropadan Errenteriakoek aurre hartu ziotela “Batelerak” ontziari. Euskotren Ligari dagokionez, sei jardunalditik bost irabazi ditu San Juanek eta bakarra Hibaikak. Oriok, hirugarren sailkapenean, eta Arraun Lagunakek , laugarren, amaiera polit bat jarri nahiko diote Ligari Kontxara begira jarri aurretik.

Bost puntuko aldea

Emakumeen estropada amaitutakoan hasiko da gizonezkoena, eta hor Urdaibai izango da menderatu beharreko aurkaria. Bermeotarrek jokatutako azken hiru estropadak irabazi dituzte, eta sailkapen nagusian bost puntuko aldetxoa atera diote Hondarribiari: 135 dituzte bizkaitarrek eta 130 gipuzkoarrek. Ez da sekulako tartea, baina bi taldeen erregulartasuna ikusita badirudi asteburu hau izan daitekeela abantaila murrizten hasteko azken aukera “Ama Guadalupekoa” ontzikoentzat.

Txandak sailkapen nagusiaren arabera osatuko dira gaur. Aurrenekoan Astillero (25 puntu), Ares (37), Cabo (54) eta San Pedro (56) irtengo dira; bigarrengoan Ondarroa (62), Tiran (64), San Juan (70) eta Zierbena (85); ohorezkoan Kaiku (98), Orio (119), Hondarribia (130) eta Urdaibai (135).

Estropada eremua ohikoa izango da, Zarautz eta Getaria arteko errepide parean kokatua dagoena, eta baldintza nahiko leunak espero dira bi egunetarako: metro eskaseko olatuak eta haize ahula. Hori bai, kontuz ibili beharko da igande eguerdian egon daitekeen haize aldaketarekin, nahiz eta ez izan bolada oso indartsuak.

Historikoki, traineru askok Zarauzko eremua erabili izan dute Kontxara begira probak egin eta prestaketa fintzeko. Ligak martxan jarri zirenetik hori apur bat aldatu egin da, baina, ontzi askok jada maila ziurtatuta dutenez, seguru aldaketaren batzuk ikusten direla gaur eta biharko estropadetan.

 

KAE-1 Ligarekin hasiko da asteburua

Estropadaz beteriko asteburu oparoa gaur eguerdian (12.00) hasiko da Zarautzen KAE-1 Ligako azken-aurreko jardunaldiarekin: VIII. Zarautz Arraun Elkartearen Ikurrina. Maila honetan, sailkapenaren goialdean argitu beharrekoak argituta daude jada: Donostiarrak goitik behera agindu du aurtengo denboraldia –lehen postua ziurtatua du 154 punturekin– eta Santurtzi izango da berekin batera igoera play-offa jokatuko duen beste ontzia –bigarren postua berea izango da, 135 puntu baititu, hirugarren den Lekittarra baino 22 gehiago–. Beheko aldean, ordea, Portugaletek (43 puntu) eta Orio Bk (44) azken aukera bat izango dute oraintxe bertan Arkotek (49) betetzen duen bederatzigarren postura igotzen saiatu eta jaitsiera kanporaketa ekiditeko. Izan ere, KAE-1 Liga bihar amaituko da Bilboko estropadarekin. Lehia 17.00etan hasiko da ibaian eta erlojupeko formatuan jokatuko da.A.A.